
Loraldiaren 12. edizioa aurrera doa indartsu. Asteazken honetan, esaterako, Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet elkartzen dituen Ahots Kordak proiektuak Sociedad Filarmonica de Bilbao-ren aretoan (19.30; 20 euro) eskainiko duen kontzerturako sarrera dexente saldu dira. Euskal Herrian barrena eskaini den biraren baitan, Bilbon aurkeztuko duten kontzertua Bizkaian eskainiko duten azkena izango da, biraren azken txanpan kokatuta. Loraldian, beraz, heldutasun artistikora iritsitako proposamen baten zuzeneko berezia entzuteko aukera izango da.
Asteazkenean baita ere jaialdiaren azken produkzio propioa aurkeztuko du Arriaga antzokian: ‘Ikimilikiliklik Vol.2’. Duela 50 urte euskal kulturaren mapa bir-irudikatu zuen sormen-leherketa baten oihartzunetik abiatuta, gaurko sorkuntza-lengoaietara jauzi egingo duen ikuskizuna. Lantaldean Iñaki Salvador (Laboaren kolaboratzaile historikoa), Oreka Tx, Libe Kortazar, Intza Alkain eta Itziar Garaluce, abangoardiaren gaineko gogoeta irekitzeko: ‘Zer da gaur abangoardia izatea?’.
Emanaldia 19.30etan hasiko da (20 euro) eta NAIZek babesten du. Aurretik, 19.15etan, Imanol Agirreren berbaldia izango da foyerrean.
Osteguna 13rako prestatutako ‘Appa Maurizia’ egitarautik erori ostean, hurrengo hitzordua ostirala 14ean izango da. Egun horretan Loraldiak Euskalduna jauregira egingo du salto Idoiaren kontzertuarekin. Idoiak kontzertu berezi eta esanguratsua eskainiko du, bere bandarekin eta formatu bereziarekin, haizeek eta sokek lagunduta. Kontzertua 20.00etan hasiko da eta sarrerak 20 eurotan jarri dituzte.
Bilbon aurkeztuko duen kontzertua Idoiaren birako lau proposamen berezietako bat da. Horrek adierazten du gauaren izaera: ohiko zuzenekoaren gainetik, formatu handiko planteamendua, moldaketa landuekin eta sonoritate zabalagoarekin. Euskalduna bezalako areto batean, kontzertuak aukera emango du bere unibertsoa beste eskala batean entzun eta bizitzeko.
Idoiaren ohiko bandaz gain, haize-sekzioak eta soka-taldeak oholtzan parte hartuko dute, kantuak beste geruza batez janzteko: tinbre berriak, dinamika zabalagoak eta moldaketa bereziak, formatu handiaren indarrarekin. Loraldia Festibalean aurkeztuko dena, beraz, esperientzia bakarra eta erakargarria izango da: Bilbon gau bakarrean, formatu berezian.
Verde Pratok gure kantutegiaren memoria kolektiboa gaurko lengoaiekin berrirakurriko du
Martxoaren 15ean, Guggenheim Museoaren Entzun-gelan, 12.30etan (12 euro) beste hitzordu berezi bat: Verde Pratok gure kantutegiaren memoria kolektiboa gaurko lengoaiekin berrirakurriko du. Verde Prato izen artistikoaren atzean Ana Arsuaga dago, eta azken urteetan euskal musikaren esperimentazio-esparruan eta abangoardian erreferentzia bihurtu da, estetika minimalista eta giro hipnotikoetan eroso mugituz.
Bere lehen diskoarekin (‘Kondaira eder hura’, 2021) urteko onenen artean nabarmendu eta MIN sari bat jaso zuen euskarazko disko onenaren atalean. Bere sorkuntzek askotan lantzen dituzte feminismoa, askatasuna, bakardadea eta natura, eta argi-ilunen arteko oreka bilatzen dute, ‘gozotasuna’ eta ‘lasaitasuna’.
Kontzertu honen bereizgarrietako bat izango da Euskal Rock Erradikala etiketa daramaten hainbat kantaren presentzia. Verde Pratok berak miresten dituen 80ko hamarkadako abestiak dira: Hertzainaken ‘Pakean utzi arte’ eta Kortaturen ‘Zu atrapatu arte’, besteak beste. Aurkeztuko den kontzertua esperientzia berezia eta bakarra izango da, errepertorioa espresuki jaialdirako aukeratua izango delako, eta gainera, Verde Pratoren bi azken proiektuetatik hautatutako gaiekin osatuko delako.

Atharratzetik Bilbora, 24. Korrikaren seinalea zuzenean

Iruñeak estu besarkatu du Korrika, eta Korrikak Iruñea

El cierre súbito de ETB3 y ETB4 genera muchas dudas y críticas

Los músicos vascos convierten Landako en una caja de resistencia y de resonancia por Palestina
