
Aiguille Verte, Les Droites eta Les Courtes. Mendi horien izenak entzun eta jarrian Mont Blanceko mendilerroarekin lotzen ditugu. Ez dira mendi errazak. Are gehiago esango genuke: errespetu handia jartzen dute. Horregatik, banan-banan hartuta, alpinista normal batek nahikoa eta soberan izango luke egun beteko eskaladan horietako bat igotzea. Eta eskiak jarri eta jaitsiera bat egiten bada, orduan jarduera horrek plus bat jasoko luke.
Hori esan eta gero, gehitu behar dugu Aiguille Verte, Les Droites eta Les Courtes egun batean lotzeak alpinista ia gehienen mugatik ihes egiten duela. Gainera, pente raide edo aldats tenteen jarrera indarrean jartzen bada, orduan zeharkaldi hori talde oso txiki batentzat soilik egingarria bihurtzen da.
Martxoaren 4an, Nicolas Jean eta Arthur Sordet frantziarrek jarduera hori biribiltzeko gaitasun itzela erakutsi zuten. Hiru mendi horiek eskalatu, 4.700 metroko goranzko desnibela gainditu eta hiru korridore tente eskiatu zituzten. Eta diogun bezala, egun bateko jardunean.
Erronka hori, berez, Jeanen buruan iltzatuta zegoen; denbora asko zeraman helburu hori prestatzen. Aldats tenteetan espezialista handi horrek antzeko zeharkaldiak egin ditu. Adibidez, Écrinseko mendilerroan Ailefroide, Pic sans Nom eta Pelvoux lotu ditu.
Zalantzarik gabe, protagonista hauek alpinista eta eskiatzaile oso zailduak dira, baina horietako batek egoera bitxia bizi izan zuen. Sordetek lehen bisita zuen mendigune horretan. Martxoaren 4an, Taléfreko arroa gauez zeharkatu ondoren, Couvercleko aterpera heldu ziren. Hots, Mont Blanceko mendilerroaren horma entzutetsuenetako batzuen sarrerara.
Bezperan lan eguna izan zuenez, Sordetek atseden pixka bat hartu zuen. Bitartean, Jeanek bakarrik eskalatu zuen Aiguille Verte (4.122 m), eta tontorrera goizeko 8:42an iritsi zen. Whimper korridorea eskiatu ondoren, goizeko bederatzietan Sordet batu zitzaion hormaren oinarrian.
Beste bi
Ondoren, bigarren helburura abiatu ziren: Les Droitesera (3.984 m). Mendebaldeko aurpegia aukeratu zuten ia laumilako hori igotzeko. Zeharkaldiaren bigarren puntu garaiena erdietsi ostean, bi alpinistok hego-mendebaldeko korridorea eskiatu zuten.
Les Courtes (3.856 m) hirugarren eta azken etapa izan zen. Ohiko bidetik igo, eskiak jarri eta Angélique korridoretik jaitsi ziren. 1999an Pierre Tardivelek inauguratu zuen oso estua den 600 metroko jaitsiera tente hori. Arratsaldeko azken orduan kondizioak aldatu ziren. Elurraren egoera ez zen batere egokia, eta horregatik kondizio horiek zuhurtzia eskatu zieten. Arratsaldeko laurak izateko hamabost minutu falta zirenean, Jean eta Sordet Taléfreko glaziarrera iritsi ziren.
Chamonixera jaistea geratzen zitzaien, eta “helmuga” hori 17:15ean zeharkatu zuten.
Laburbilduta, bi frantziarrok 15 orduko jardun zorrotzean 4.700 metroko desnibela gainditu zuten. Eskiekin eginiko jaitsierak ere zorrotzak izan ziren. Oro har, 5,3 mailakoak; 45º eta 50º gradu bitarteko aldatsak eskiatu zituzten.

Mexikon hil da Hilario Urbizu Olaztiko iheslaria, 45 urte Euskal Herrira etorri ezinean emanda

La lista de Etxerat llega a 100 presos con la liberación de Julen Atxurra tras 30 años

Denuncian ante la Fiscalía a CAF por su implicación en el tranvía de Jerusalén

Hallan en Logroño el cadáver de una persona desaparecida en Gipuzkoa
