
Astelehen honetan abiatuko da Euskal Herriko Itzulia, Bilbotik. Euskal Herriko bazter guztiak erakutsi berri dizkigu Korrikak eta lekukoa hartuko dute txirrindulariek. Hori bai, kasu honetan, Nafarroako etapaz gain, beste guztia herriaren ipar-mendebaldean eginen da. Baina Itzuliaren senari eutsiz: erlojupeko bat, mendate ugari eta ibilbide bihurriak.
Gainditu beharreko zailtasunetan sartu baino lehen, protagonistak: aurtengoan ez datoz nazioarteko izar nagusiak. Beste helburu batzuekin dabiltza Pogacar, Vingegaard edo Evenepoel. Baina erakargarria da oso irteeran aurkeztuko den tropela.
Etorkizunekoen Tourra bailitzan, dagoeneko bere burua erakusten duten eta hurrengo urteetan itzuli handien lehian egonen diren (eta badabiltzan) hainbat txirrindulari izanen dira. Iaz Giroan bigarren izan zen Isaac del Toro (UAE), 2024an Itzulia irabazi zuen Juan Ayuso (Lidl-Trek) edo iazko Etorkizunekoen Tourra irabazi eta aurten dagoeneko erakustaldi handiak eman dituen Paul Seixas (Decathlon) ikusteko aukera paregabea izanen da euskal errepideetan.
Ez dira, hala ere, sailkapen nagusiaren borrokan arituko diren bakarrak. Primoz Roglic (Red Bull) beteranoa lasterketa hirugarrenez irabazteko asmoz dator, 2018 eta 2021ean txapela bereganatu ostean. Taldekide izango du Florian Lipowitz, kontuan izateko izen nagusietako bat. Ayusok Mattias Skjelmose izanen du taldeko bigarren aukera gisa eta Seixasek Matthew Riccitello igotzailea. Cian Uijtdebroeks (Movistar), Antonio Tiberi (Bahrain-Victorius), Tobias Halland Johanessen (Uno-X), Ben Healy (EF) edo Ben Tullet (Visma) ere aurrean ibiltzeko moduko txirrindulariak dira.
Etxeko gehienak
Irteeran hutsik egindo ez dutenak euskal txirrindulariak dira. 21 izanen dira guztira Bilboko erlojupekoan. Era askotariko helburuekin datoz, baina bat guztien gainetik: Izagirrek larunbatean lortutako garaipenari segida ematea.
Profesionaletan azken urtea egingo du Ion Izagirrek eta Lizarran lortutako garaipenak hauspoa eman dio hilabete hauetarako. Ez soilik berari, baita gainontzeko euskaldunei ere. Gero eta garestiago dago irabaztea gaur egungo goi mailako txirrindularitzan. Baina euskal tropelean bada gaia eta Itzuli honetan aukera ezberdinak izanen dira. Antzekotasun eta ezberdintasun ugari dituzten Ion Izagirre, Mikel Landa edo Pello Bilbaok, esaterako, ikusmiran dute bi besoak altxatzea. Sailkapen nagusia erabat alboratu gabe, garaipen partzialen bat lortzeko ilusioarekin datoz etxeko lasterketara. Denek dakite zer den hemen etapa irabaztea eta hau errepikatzeko asmotan datoz.
Itzulian irabazi duen azken euskal herritarra Alex Aranburu da. Beasainen gailendu zen iaz eta hori izan zen bere azken garaipena. Ordutik 17 aldiz sartu da lehen hamarren artean, baina beti norbait aurretik duela. Maila bikaina erakutsi du denboraldi hasiera honetan ere, baina errematea jartzea falta zaio. Aukerak izanen ditu.
Errematatzaile profil antzekoa dauka Haimar Etxeberria gazteak, nahiz-eta Roglicen aldeko lanetan ibili beharko duen. Igor Arrietak ere pauso bat aurrera eman du 2026 honetan, baina Del Tororen mesedetan aritu beharko askotan. Askatasun handiagoarekin aritzeko aukera izango du, aldiz, Markel Belokik.
Eta haien burua erakusteko parada izanen dute Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma taldeko euskal txirrindulariek. Jon Agirre, Mikel Bizkarra, Txomin Juaristi, Jonathan Lastra, Nicolas Alustiza, Gotzon Martin eta Iker Mintegi arituko dira laranjaz jantzita, Julen Arriolabengoa, Alex Diaz eta Joseba Lopez aurten Tourrean debuta egingo duen taldean eta Iñigo Elosegi, Unai Irbar eta Unai Ramos Kern-Pharmarekin.
16.154 metroko desnibela
Eta izanen dute non agertu. Igotzaileentzako ibilbide oso aproposa prestatu du antolakuntzak. Lehen egunetik hasita. Izan ere, erlojupekoa izanen bada ere, 14 kilometro eskasekoa izanen da eta bidean Santo Domingo eta Bilboko Etxebarria parkekoa, non helmuga topatuko duten. 2021ean egin zen ibilbidearen oso antzekoa izanen da. Orduko hartan Roglic gailendu zen eta Brandon McNulty (UAE) bigarren. Biak izanen dira berriz ere lehian.
Astelehenko galerak asteartetik aurrera konpontzeko aukera izanen dute igotzaileek. Etapa ederra diseinatu dute antolatzaileek Nafarroan. Iruñetik irten eta Etxauri, Lezaun, Lizarraga, Zuarrarrate, Aldatz eta San Miguel gainditu beharko dituzte, helmuga Zuarrarrateko ipar igoeratik Mendukiloko kobetan topatuz. Guztira 3.200 metro desnibel baino gehiago. San Migueleko porlanezko igoerak (9,5 kilometro %7,7ra) argi utzi beharko luke zein dagoen eta zein ez lasterketa irabazteko.
Asteazkenekoa izan daiteke, hasiera batean, sailkapenerako pisu gutxien izan dezakeen eguna. Hala ere, Basaurin abiatu eta amaituko den etapak 2.800 metroko desnibela izanen du eta Barrerilla, Bikotx-gane eta Sarasolako igoera puntuagarriak izanen dituzte eta amaiera oso bihurria Zaratamo inguruan, Basaurin helmuga aldapa gora harrapatu baino lehen.
Beste zazpi mendate dituzte zain ostegunean, Igor Antonek marraztutako Galdakao-Galdakao etapan. Itzuliaren nortasuna primeran erakusten duen profila dauka egun honek. Aretxabalgane, San Pelaio, Jata, Unbe, Elorritxueta bi toki ezberdinetatik eta Legina gainditu beharko dituzte. Azken hau amaieratik bederatzi kilometrora. Indar erakustaldi zein estrategiarako ibilbide oso aproposa.
Ostiralean eta azkenaurrekoa izango da etapa Eibarren aurtengoan. Ez larunbat eta azkenekoa, ohi den moduan. Baina hori izango da desberdintasuna. Izan ere, betiko nortasuna mantenduko du 4.000 metroko desnibelera gerturatzen den egunak. Elkorrieta, Azurki, Etumeta, Kalbario, Krabelin, Trabakua, Izua eta Urkaregi. Erabateko zerra topatuko du tropelak, sailkapen nagusia argitzeko.
Eta azkena, Eibarretik Bergarara mugitu arren, funtsa berdina izango da. 136 kilometroko etapa urduria, Asentzio, Azkarate eta Elosuako igoerak birritan gaindituz. Sailkapena iraultzeko itxaropenik badu inork, aukera hemen dauka.
Red Bull kilometroa
Ez dirudi, holako ibilbidearekin, sailkapena segundo gutxiren baitan erabakiko denik. Hala ere, antolakuntzak elementu berri bat sartu du aurtengo lasterketan. Italiako 2025eko Giroan arrakasta lortu ondoren, Itzulian ere egonen da Red Bull kilometroa.
Honen bidez, tarteko gunea sartuko da lasterketan, eta eragin zuzena izango du sailkapen nagusian. Gune hori gurutzatzen duten lehenengo hiru txirrindulariek 6, 4 eta 2 segundoko sariak izango dituzte, hurrenez hurren. Azken tarteetan egongo da kokatuta, etapen garapenean eragina izan dezan eta izangai nagusien arteko mugimenduak sortzeko asmoz.

Fallece el profesor de EHU y activista Zesar Martínez

Bingen Zupiria justifica los porrazos de Loiu por «la agresión sufrida» por un agente

«El abuso de pantallas en niños no solo retrasa el habla, está generando discapacidad»

Cuatro detenidos y cargas de la Ertzaintza contra la flotilla a su llegada a Loiu

