Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Algoritmoa eta propaganda militarra

Joan den martxoaren 6an Netflix plataforman ‘War Machine’ izeneko pelikula estreinatu zen; film kaskarra da, baina gaurko zutabean aipatzearen arrazoia bestelakoa da. 

Akziozko eta zientzia-fikziozko blockbuster bat da, Alan Ritchson protagonista duena, eta dagoeneko Netflixen arrakastarik handienetako bat bihurtu da. Lehen hiru egunetan 39,3 milioi ikustaldi lortu zituen. Bigarren astean datuak are hobeak izan ziren, 44,4 milioi erreprodukziorekin, eta joerak gorantz jarraitzen du. 

Zergatik eta nola iritsi da film hau datu horietara, kontuan izanda, esan dudan bezala, oso lan ahula dela? Zaila da erantzun zehatza ematea, baina badirudi funtsezko elementuetako bat algoritmoaren boterea eta plataforma barruko promozioa direla. Netflixek hasieratik bultzatu du, leku nabarmenetan kokatuz, gomendio pertsonalizatuen bidez eta kanpaina globalen laguntzaz. 

Bestalde, filmak propaganda militar lotsagabearen kutsu nabaria du: armadaren idealizazioa, sakontasunik gabeko etsaiak eta armamentuaren, dronen nahiz leherketen erabilera ikusgarriak ia botere militarraren erakusleiho bihurtzen dute. Finean, AEBetako armadaren gorazarre moduko bat dirudi. 

Horregatik, zalantzan jar daiteke Netflixek halako produkzio bat hainbeste sustatzea kasualitatea ote den. Benetan harritzen nauena da, ordea, hain pelikula baztergarriak publikoaren interesa piztu eta hainbeste ikusle erakartzea.