
Hautaketa egunerako bi egun besterik ez dira falta, eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaritzarako kanpaina gori-gorian dago. Jean-Rene Etchegaray hautagaia Hasparrenen agertu da komunikabideen aurrean, Ezkien Plazan, alkateei bidali dien programa azaltzeko. Isabelle Pargade alkatearen babesa erakutsi du, eta adierazi du lurraldea ezin dela ulertu bakarrik «kostaldearen ikuspegitik», hori «erredukzionista» delako.
Etchegaray martxoaren 22an berriz hautatua izan zen Baionako auzapez eta hiru hautagairen aurka lehiatuko da larunbatean: Alain Iriart, Peio Etxeleku eta Pascal Lesellier (hau eskuin muturreko lehenengo kidea izango da Euskal Elkargoan eta testimonialki aurkeztuko du bere burua). Haien aurkako mezu garratz batzuk bota ditu, bere aurkariak izendatzea saihestuz.
2017. urtetik Baiona hiriko buru dela gogoratuz, azpimarratu du erakundeak «arrezifeak saihestu behar dituen transatlantiko baten antzekoa da, eta ez da zoriz gobernatu behar ideologien arabera, baizik eta errealismoz». Zentzu honetan, goraipatu du ezberdinen arteko «adostasuna» eta esan du berak inork baino hobeto ordezkatzen duela «moderazioa» eta «realpolitik».
«Nire konbikzio zentristekin leial jokatuz, elkarren arteko adostasunaren bilatzean eta entzutearen noblezian sinesten dut. Elkarrekin dugu, konfiantzarekin eta ardurarekin, bere buruarekiko leiala eta etorkizun eramailea den Ipar Euskal Herri baten eraikitzen segituko», adierazi du.
Honezaz gain, Elkargoaren «erakunde erreforma» bat ezartzeko nahia azpimarratu du Etchegarayk.
Horretarako, lehendakariordetza bat sortuko du, alkateei laguntzeko eta «udalerrietan ezarri den desordenari» aurre egiteko. «Gure lurraldearen bizitasuna, gure politika publikoen arrakasta, ororen gainetik lankidetzan eta konfiantzan oinarritzen dira. Horregatik auzapezekiko harremana ene jardunaren erdigunean izanen da», gaineratu du, eta «Elkargoaren sorreran presidente izan ondoren, alkateen presidente izateko unea» iritsi dela nabarmendu du.
Era berean, Elkargoaren bilakaera instituzionalaren alde egin du. Eredu berri bat sortzeko apustua eginez, tokiko erakundea lurraldearen ezaugarri espezifikoekin bat ez datorren «molde batera egokitzera» behartu beharrean. «Estatus berezia duen autoritate lokala sortzen badugu, zer gertatzen da alkateen subiranotasunarekin?», galdetu du.
Amaitzeko, 2050. urtera begira erronka demografikori aurre egin behar zaiola nabarmendu du karguan segitzeko hautagaiak. Jaiotza tasaren beherakadaren eta biztanleriaren zahartzearen testuingurua gogora ekarriz, «berehalako talka demografikorako prestatzeko» beharra azpimarratu du. «Fenomeno progresibo honek eztanda egingo digu», ohartarazi du, zaharren egoitzen kostu handia aipatuz baina egoera konpontzeko hartu beharreko neurrietan sakondu gabe.

Eraso sexistengatik Jon Maya dantzariaren aurkako salaketak argitara atera dira

La respuesta ciudadana aborta otra actuación de Desokupa, ahora en Irun

Maya pide «prudencia y respeto» tras hacerse públicas las denuncias por agresiones sexistas

Iñigo Cabacasen plakari eta Indautxuko Kirruli Herriko Tabernari eraso egin diete Bilbon


