NAIZ

«Xumetasuna» eta deszentralizazioa eskaini ditu Etxelekuk Elkargoaren datorren agintaldirako

«Xumetasuna» eta «deszentralizazioa». Bi hitz hauek laburbiltzen dute Kanboko alkate berri eta Euskal Elkargoa zuzentzeko hautagai Peio Etxelekuren programa. Heldu den larunbatean udal hauteskundeetan aukeraturiko 232 hautetsik lehendakari berria izendatuko dute.

Peio Etxeleku, artxiboko irudi batean.
Peio Etxeleku, artxiboko irudi batean. (Guillaume FAVEAU)

Ohar batean adierazi duenez, Ipar Euskal Herriko EAJren buru ohiak Elkargoaren «operazio kostuen kontrol zorrotza» proposatzen du, «xumetasunaz jokatuz». 

«Dagoeneko aktibatuta dauden palanka fiskalak tokiko eragileen onargarritasunaren mugetara iristen dira», jarraitzen du Peio Etxeleku enpresaburuak. Agour gazta fabrikan eta Baiona-Ipar Euskal Herriko Merkatal eta Industria Ganbarako (CCI) presidenteorde gisa aritu da orain arte Etxeleku. 

Modu honetan zuzen jotzen du Etxelekuk 2024an Elkargoak enpresen zerga %28,49tik %29,91ra igotzeko harturiko erabakiaren aurka. Prefetak honen kontra egin zuen eta baita ere Merkatal Ganbarak eta erakunde honetako presidente Andre Garretak

Bere programan Etxelekuk bigarren aldarrikapen bat ere nabarmentzen du: Elkargoaren deszentralizazioa. «Lurralde-zentroen barruko Erkidegoko hainbat zerbitzuren kudeaketa operatiboari aplikatu nahi diogu, lurraldeko hautetsien kudeaketa eta zuzendaritza ahalmen osoa berreskuratzeko, erabakiak hartzeko gunean berriro jarriz».

Kostaldea eta barnekaldea

Kanboko alkateak kostaldea eta barnekaldearen arteko diferentziak azpimarratu ditu. Kostaldean garapena eta «balio erantsia altuago duten lanpostuak» kokatzen dira. Barnekaldeak, berriz, dinamismoa galtzen du. 

Honekin batera SCoT [Lurraldetasunaren Koherentziarako Eskema] printzipioekin bat egiten du Etxelekuk. «Asmo handiko eta errealista den ikuspegia dauka ekologiaren eta plangintzaren gaiei dagokienez, hurrengo agintaldirako akuilu nagusia izan behar du», adierazi du.

«Plan honen asmoen ezarpenak goi-mailako irakaskuntzan, ezagutzaren ekonomian, berrikuntzan eta, oro har, Ipar Euskal Herriaren erresilientzia areagotzea ahalbidetuko duten enpresa produktiboak ezartzea eragin behar du ehun ekonomiko dibertsifikatua hedatuz», gaineratu du.