Azken asteotan Chamonix-Zermatt edo Haute Route zeharkaldian bizi izan den errekorren inguruko emozioa atzean utzi bezain laster, Mont Blancekoak protagonismoa hartu berri du. Alpeetako mendi garaiena igo eta jaitsi denbora azkarrenean espezialista batzuen erronka bihurtu da aspalditik. Fastest Know Time (FKT) edo ezagutzen den denbora azkarrenaren inguruan hitz egiten ari da.
Bada, joan den 25ean, eski alpinismoko bi espezialista oso entzutetsu gai izan ziren iaz William Boffelli italiarrak eginiko denbora hobetzeko. Hain zuzen ere, bi minutuan. Matheo Jacquemoud (35 urte) eta Samuel Equy (29) izan ziren protagonistak. 31 kilometro eta 3.800 metro desnibel dituen ibilbide hori osatzeko 4 ordu, 41 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten. Diogun bezala, 120 segundogatik Mont Blanceko FKT berria izarri dute.
Jacquemoud eta Equy izaera horretako jardueretan espezialista handiak dira. Baina Jacquemouden kasuan gehitu behar dugu azken asteotan egoera berezia bizitzen ari dela. Alpeetako mendilerroa 20 egunetan bakarrik zeharkatu ondoren, Boffelli berarekin Chamonix-Zermatt ibilbidean marka berria sinatu zuen. Orain, berriz, Mont Blancen.
Ibilbide horrek ez du «misteriorik». Chamonixeko elizatik irten, Mont Blanceko gailurra (4.806 m) zapaldu eta abiaburuan amaitzen da. Hots, joan-etorri bat da. Eskiatzaileok sare sozialetan aurreratu dute errekorraren aurretik ibilbidean egin zuten azterketak itxura eskasa eskaintzen zuela: «Kondizioak nahiko txarrak ziren. Glaziarraren egoera ez zen oso egokia; izan ere, udaberrian gaude eta egun batetik bestera aldatzen ari da. Batez ere, artesi handi batekin egin genuen topo. Azken urte hauekin alderatuta, arrakala hori askoz ere handiago zegoen, eta hura gainditzea oztopo bihurtu zen. Oso sasoiko geunden, baina errekorraren inguruan zalantzak genituen. Jaitsieran, adibidez, ordularia behin baino gehiagotan begiratu genuen; denbora horiek buruz neurtzen ari ginen. Ederra izan da ibilbidean zehar lagunen, senitartekoen eta Boffelli beraren babesa jasotzea. Errekor bat izan da, baina hori ere mendiko eskia da».
Oso sasoiko
Jaquemoud eta Equy pronto ziren ekinaldi bat egiteko. Apirilaren 25ean, goizeko zazpiak izateko hamabost minutu falta zirenean, Chamonixeko elizatik irten ziren. Mont Blanceko igoera osoa elkarrekin egin zuten. Equyk 3 ordu eta 41 minutu behar izan zituen; Jacquemoudek, aldiz, minutu bat gehiago. Hitz gutxitan esanda, denbora ikaragarri onak ziren. Ia atsedenik hartu gabe, bi eskiatzaileok jaitsierari ekin zioten. Nahiz eta lehen sekzioan elurraren kondizioak ez ziren onak, jaitsiera ikusgarria egiten ari ziren. Tarte hori gainditu ondoren, iparraldeko isurian dauden serac batzuen eztandek izotzezko bloke handiak barreiatu zituzten. Zati hori zuhurtziaz gainditu zuten. Bederen, metro horietan elurraren geruza iaz baino handiagoa zen, eta horrek lagundu zien metro gehiago eskiatzeko. Mont Blanceko tontorra eta Chamonixeko eliza ordubete eta 40 minututan lotu zuten.
Jacquemoudi dagokionez, esan behar dugu urte asko egin dituela errekor horretan sartuta. 22 urterekin lehen errekorra erdietsi zuen: 5 ordu eta 6 minutuko denbora. Krono hori hamaika urte «ukitu» gabe egon zen; 2024an Jack Kuenzelek 4 ordu eta 59 minutuko denbora lortu zuen.
Jacquemoudek adierazi du Equyrekin batera egin berri duen jarduera oso zaila izan dela: «Igoera osoa Sam aurretik joan zen. Gailurretik gertu, tarte tekniko batean, kranpoiak jarri eta izotzerako torloju bat jarri behar izan nuen. Babes gailu hori jartzea egokia iruditu zitzaidan, batez ere jaitsiera segurtasunez egiteko. Horretaz gain, zalantza une batzuk izan nituen. Ez nuen batere argi denbora on batekin Mont Blancera helduko nintzenik. Baina une jakin horretan erritmoa handitu nuen. Gailurrera Samen atzetik iritsi nintzen. Azken asteotan lautan igo dut Mont Blanc, eta uste dut girora oso ondo egokituta nengoela».
Jaitsieran ere beste jarrera izan zuen Jacqumoudek. Frantziarrak esan du kontrol handiarekin oso azkar eskiatu zuela eta Sam harrapatu ere: «Topera joan nintzen, eta hamar minutuz asko gozatu nuen elur perfektuan. Ondoren, serac batek sortutako luiziarekin oso zuhur eskiatu genuen. Pozarren nago errekor berri honekin. Nire lehenbizikoa duela hamahiru urte izan zen, eta azken hau Samekin lortu dut».

Investigan un posible suministro de drogas a 10 menores en un viaje de estudios de una ikastola

La ‘cuadrilla’ recreada por Marta Garatea anunciará los Sanfermines 2026

Nueva funcionalidad de Google: activa NAIZ como fuente preferida para seguir la actualidad

Una cueva pirenaica a 2.235 metros de altitud fue refugio humano durante la Prehistoria

