Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

'Une saison en enfer' bidea Vignemaleko txoko berezian kokatu da

Luc Sio-Roussie eta Corentin Roux frantziarrek Aiguille des Glacierseko ipar-mendebaldeko horman 600 metroko eta ED- (80º, M6) mailako proposamen berria sortu dute. Apirilaren 17an eta 18an egin zuten irteera, Chausenquetik abiatuta.

Aiguille des Glacierseko bide berriaren luze bat zabaltzen.
Aiguille des Glacierseko bide berriaren luze bat zabaltzen. (ROUX-SIO-ROUSSIE)

Pirinioetako Vignemaleko mendiguneak badu aura berezi bat; bederen, eskalatzaileentzat zein alpinistentzat bertako iparraldeko murru luze  zabala oso erakargarria da. Pique Longue da tontor nagusia, baina inguratzen dituen beste pointe edo gailurrak ere ez dira atzean geratzen. Horietako bat da Aiguille des Glaciers (2.933 m); askorentzat ezezaguna da gailur zorrotz hori. Bada, esplorazioaren bidetik, Luc Soi-Roussie eta Corentin Roux frantziarrek mendiaren ipar-mendebaldeko isurian proposamen gogor berria sortu dute: 'Une saison on enfer' (ED-, 80º, M6, 600 m). Chausenquetik egin zuten irteera.

Batzuek diote apirilaren 17an eta 18an zabaldutako zirrikitu horrek txoko berezia hartu duela Vignemalen; hain zuzen, mendigunearen itzalean. Iritziak iritzi, argi dago gazteok ekarpen benetan garrantzitsua egin dutela ingurumari horretako pareta zorrotzean.

Soi-Roussiek egindako jardueraren inguruko lehenbiziko argibideak eman dizkigu: «Telefono-dei batzuk ez galtzea komeni da. Ez naiz ari lana aurkitzeko France Travail zerbitzuko hitzorduei buruz, baizik eta Corentinek mendi batera zerbait probatzera joan nahi duenean egindakoei buruz. Pirinioetako hozkailurik xarmagarriena da Vignemaleren iparraldeko aurpegia. Alpeetako harresi handien inbidiarik ez du. Giroa basatia da bertan, begiratzen dizuten txolarreez gain, bakar-bakarrik zaude inguru horretan eskalatzen duzun bitartean. Corentinek bidea aurkitu eta goiko arrapala izoztura sartu ginen. Behin sartuta, atzera itzultzea ez da aukera bat, beraz, eskalatu egin behar da. Gainean, harkaitzezko azaleratze bat dago, Aiguille des Glaciers gailurrera, eskuinera, eramaten duen sakan sistema batekin lotzen dena. Izenak ondo adierazten duen bezala, oso zorrotza da. Behaketa azkar bat egin eta gaua ez zela erosoa izango ikusi genuen. Inguruan etengabe erortzen diren plaka handien zaratak lo hartu zuen behintzat.

'Une saison en enfer' bideak Vignemaleko mendigunean hartu du lekua. (ROUX-SIO-ROUSSIE)

Hurrengo egunean gailurra ikustea besterik ez genuen buruan, Chausenque muturretik bereizten gintuen ertz luzeari ekiteko. Itxura zurruna zuen, eta elurrez beteta zegoen; gainera, arratsalderako ekaitz arriskua iragarrita zegoen. Chausenqueren sorbaldako elurraren lehen aztarnak ikustean, akabo igoera. Akabo oinaze amaigabea: eguzkipean, elur leuna eta botila hutsak. Jarraian, Vignemale pinu adarren atzean desagertzen zihoan heinean, haranera itzuli ginen. Erortzen diren gauzen soinu amaigabea bera ere oso urrun uzten joan ginen pixkanaka-pixkanaka».

Aperitifa eskaini eta gero, hurrengo lerrootan pirineista gazte hauek benetako platera aurkeztuko digute. Hots 'Une saison en enfer'-en bizitako eskarmentua.

Vignemale

«Vignemaleko iparraldeko aldea beti izan da jokaleku paregabea Pirinioetako eskalatzaileentzat. Belaunaldi bakoitzak bere arrastoa utzi du, ibilbide bat eskalatu, proiektu bati ekin edo oroitzapen bat gorde. Zorrotza da, eta hilzorian dauden azken glaziarrek apaintzen dute, bere kareharrizko hormak liluragarriak bezain ikaragarriak dira.

Iparraldeko anfiteatroaren bihotzetik altxatuz, Aiguille des Glaciers (2.933 m) gailur sekundariora iristea zaila da. Bere isolamendua ertz luze batek eteten du, Pointe de Chausenquerekin (3.204 m) lotzen duena. Aterpetik, ipar-mendebaldeko aurpegia ia ikusezina da; angelua aldatu behar da, hurbildu, gailurra deszifratzen hasteko. Duela urte batzuk, lagun batzuek Corentini ipar-mendebaldeko aurpegi horretako argazkiak bidali zizkioten, eski jaitsiera batean ateratakoak. Irudimen pixka batekin, pixkanaka lerro misto konplexu bat eratzen joan zen, nahiz eta eremu batzuk misterioan bilduta egon ziren azken unera arte.

Denboraldi honen hasieran, Aiguille des Glaciers azkenean agendan sartzea erabaki genuen. Azaroan egindako aurretiazko azterketa pozgarria izan zen. Lehen elurteak, egun batzuk lehenago aurpegia estali zutenak, eraldatzen hasiak ziren; amildegiak aztertu eta ikusi genuen antizikloi luze bat beharko litzatekeela aurpegiko metamorfosia bizkortzeko eta eskalatzeko benetako aukera izateko. Baina hori ez da zen gertatu.

Neguak aurrera egin ahala, ekaitzak bata bestearen atzetik etorri ziren, elurra ia etengabe egin zuen. Eguraldi oneko leihoak urriak izan ziren, eta elur-jausiak izateko arriskua handiegia zen. Apirilaren hasieran, azkenean saiakera bat egiteko itxaropena berpiztu zen. Eguraldiak hobera egin eta elkarren segidako bi bidaia eta gero, argi berdea eman nion saiakerari. Dei bat egin nion Luci eta pozarren onartu zuen erronka. Handik bi egunera, martxan ginen.

Egunaren amaieran Oulettes de Gaube (2.151 m) aterpera hurbiltzean, zain genuenaren ideia orokorra egin genuen. Aterpea itxita zegoenez, aire zabalean egin genuen lo; zain genuen gauaren aurrerapena izan zen.

Biharamunean, gure gaueko hurbiltzeari ekin genion, hilzorian zegoen glaziarraren azken pitzadurak saihestuz. Egunsentia zen bidearen oinera iritsi ginenerako. Momentu horri esker, pareta behatu eta haren zailtasunak hurbiletik ebaluatu ahal izan genituen igoerari ekin aurretik. Zalantza handiak genituen; gaua ez zen espero genuen bezain hotza izan, eta, ondorioz, zirkuaren hondoko elurra hautsez beterik zen oraindik. Hala ere, baldintzak geure kabuz egiaztatzea erabaki genuen.

Ibilbidea hasieran izotz eta elur gainean bi luze dituen tarte batekin hasten da, zailtasun eta zalantza nagusien puntu giltzarrira garamatzana: zeharbide harritsu luze bat, non izotz zati mehe batzuk eskegita dauden, bi irtenguneren artean. Bertan erabaki zen dena. Lehenik eta behin, luze labur bat egin genuen zeharkaldi horrekin hasteko, aurrez aurre zer genuen arreta handiagoz behatzeko eta jarraitu ala ez erabakitzeko. Zenbat eta gehiago aurreratu zeharbide horretan, orduan eta gehiago onartzen duzu edozein erretiratze gero eta zailagoa bihurtzen dela, eta, azkenean, gailurretik irtetea beste aukerarik ez dela geratzen. Hala, luze gutxi batzuen ondoren, ezinbestean giroa serio bilakatu zen gure artean.

Sio-Roussie (ezkerra) eta Roux, pozarren. (ROUX-SIO-ROUSSIE)

Mistoko zati tekniko bat irtengune baten azpitik doa, hain aldapatsua ez den horma harritsu baten oinarrira eramanez: izotza eskalatzeko gertu aurkitu genuen. Corentinek, hasieran biderik nabarmenena jarraituz, harri ezegonkorraren sekzio batekin topo egin zuen; bertan, blokeak gainera erortzeko zorian genituela ematen zuen. Ihesbide labur bat ikusi eta beheragotik zeharkatzea erabaki genuen, irtengunearen ertzetik. Aukera horrek ondo funtzionatu zuen, eta zaila den izotz-tarte aldapatsu batekin lotura egitea lortu genuen. Tarte misto labur bat baino ez zen geratzen, azkenean izotz-arrapala luze batera iritsi aurretik.

Bertatik aurrera, ibilbidea erraza da. Arrapalan gora egin genuen, lerrorik nabarienari jarraituz; izotza mehetu egiten zen igo ahala. Aldatsa azken azaleratze harritsu baten oinean amaitzen da. Diedro batek bidearen azken zatiarekin lotura egiteko aukera eman zigun: luzeak amildegi batean, mugimendu misto batzuekin egin genituen, zuzenean Aiguille des Glaciers gailurrera heltzeko.

Ilunabarra baino ordubete lehenago iritsi ginen gailurrera, eta biharamuneko ertza ikusi ahal izan genuen, elurrez estalia eta uste baino malkartsuagoa. Elur pixka bat urtu, pixka bat jan eta lo egin genuen, bi iltzetan aseguratuta.

Bigarren eguna oso goiz hasi genuen. Bagenekien ekaitza iragarria zegoela arratsalderako, beraz, azkar ibili beharra genuen. Elurrak ez zuen laguntzen; lasai egin genuen aurrera ibilbide osoan. 13.30ak ziren Chausenqueren magalera iritsi ginenean. Urrunean, hodei ilunek Ordesari amorrua eragiten ziotela zirudien. Itzulerak, elurte gogor baten azpian, amaierarik gabe ibili beharraren sentsazioa eragin zigun, baina, azkenik, Espainiako mugara iritsi ginen, Pirinioetan bi egun eta erdiko txangoari amaiera emanez».