Bere 25. urtemugan, ohiko herri ospakizuna berritu eta izen handien ospeari distira atera dio Zegama-Aizkorri mendi maratoiak. Baldintza berezietan jokatu da aurtengoa, euriak ibilbidearen bazter guztiak etenik gabe gaztigatu dituelako azken egunetan. Gaurkoan ez du apenas tantarik bota, baina lur irristakorrak kontu handiz ibiltzeko beharra ekarri du. Eguraldia orokorrean ez zen maiatza erdialdean gozatu ohi dena.
25 urte eta 23. edizioa, 2020koa eta 2021ekoa pandemiak bertan behera utzarazi zituelako. Horietatik hamaika irabaziak ditu Kilian Jornetek eta, gauzak honela, faborito nagusitzat ezinbestekoa zen, baina lasterketan agerian geratu da Zegamarekiko maitasunak bultzatuta etorri dela txapelduna aurten, ez kirol grinak. Hasieratik ez da garaipena eskuratzeko moduan sentitu eta goiza disfrutatzeari eman dio lehentasuna, 43. postuan helduz.
Hiru ordu, 45 minutu eta 10 segundoko denbora markatuz garaipena eraman du berriz Elohuisine Elazzaouik, Jorneten taldekide denak. Hamabost segundo atzerago, Daniel Pattis italiarra, marokoarrarekin batera ia lasterketa osoa egin duena. Taylor Stack estatubatuarra izan da hirugarren. Lehen euskalduna, Aitor Ajuria otxandioarra; bederatzigarren sailkatu da eta lau ordutik azpiko marka lortuta, emaitza txalogarria.
Probaren errekorra txikitu egin du Alexanderssonek emakumezkoen proban, eta indar guztiak agortuz, helmugan artatu behar izan dutelako
Emakumezkoen jardunean, ordea, ez da ustekaberik izan. Izen berria sartu da proba mitikoaren palmaresean: Tove Alexandersson 33 urteko suediarrarena. Probaren errekorra txikitu du, gainera: lau ordu, zortzi minutu eta hamabi segundo, orain arteko markarik onena baino zortzi minutu gutxiago alegia. Indar guztiak xahutu dituela erakutsi du helmugan, Gurutze Gorriak artatu behar izan du.
Trail runningean ‘top’-a dela aski frogatua zuen aurretik, nahiz lehenengo kirol gisa mendiko eskia eta orientazio probak hartzen dituen: iazko Short Traileko Munduko Txapelketa irabazi zuen erakustaldi itzela emanez. Gainera, oso serio hartu du Zegaman –eta Euskal Herrian– zuen lehenengo parte-hartze hau: azkeneko bi asteak eman ditu bertan Alexanderssonek, gora eta behera, ibilbidea zehatz-mehatz ezagutzeko asmoz.
Podiuma bi euskal korrikalarik osatu dute, aurkezpenik behar ez dutenak: Malen Osa eta Sara Alonso, bidean lehia polita izan ostean.
Bonnet, lasterketa apurtu nahian
Eguraldi goibel baina euririk gabekoarekin abiatu dira 585 lasterkariak –hauetatik 92 emakumeak–, goizeko 9ak jota. Hotza etorri da goizaldea, 8 gradu baino ez ordu horretan, eta itxaronaldian nabaritu da korrikalarien ahalik eta lasterren abiatzeko gogoa. Aurrean zuten lana ez zen makala: 42 kilometro eta 2.736 metroko desnibela.
Lehenengo maldatik, Otzaurte bidean, agerian gelditu da lokatza izango zutela arerio nagusia, azkeneko egunetako eurite etengabeen ondorioz. Jornetek honela aurreratu zuen larunbateko agerraldian: «Lasterketa oso gogorra izango da guretzat, eta oso polita ikusleentzat».
Remi Bonnet suitzarrak lohi horien gainean dantzan ederki moldatzen badakiela erakutsi du lehenengo igoera horretan. Abiadura izugarria hartu du, lehiakide nagusiak bi minutura urrunduz, benetako ustekabea. Emakumezkoen atalean, lehen ordu horretan bi minutu pasatxo atera dizkio ere Tove Alexanderssonek bigarrenari (Sara Alonsori), baina honek ez du inortxo ere harritu, iragarritakoa baitzen.
Erritmo ikaragarria ezarri arren, Sancti Spiritun sortutako giroari ez dio entzungor egin Remi Bonnetek; pare bat geldialdi egin ditu jendetza agurtu eta laguntza eskertzeko
Aratzeko igoeran lortutako aldeari ondo eutsi dio Bonnetek. Sancti Spiriturako aldapari errekorreko denboran ekin dio, baina gehiegi tematu gabe, pare bat aldiz jendea agurtzeko geldialdiak egin ditu eta, besoak altxatuz. Itzelak izan dira aurten ere bertan bildutako jendetza zein pilatutako burrunba.
Ikusle batzuen harridurarako Kilian Jornetek hirugarren-laugarren postuan osatu du zati hori, eroso itxuraz edo nekatu antzera; bereiztea zaila zen. Hainbeste maite duen Zegaman egon nahi izan du aurten ere 38 urteko kataluniarrak baina erronka nagusiak Estatu Batuetan dituela esana du. Gogoan hartu behar da otsailean Jornetek ez zuela parte hartuko iragarri zela, eta gero iritziz aldatu eta izena eman zuela, mende laurdeneko ospakizun honi bizkarra ematea desegokia zelako akaso. Ibilbidean, esperientzia gozatzeari lehentasuna eman diola antzeman da gero.
Aizkorri inflexio-puntua
Espero zitekeen bezala, gauzak zeharo aldatu dira Aizkorriko zati teknikoenean. Iragarritako makalaldia etorri zaio Bonneti eta Daniel Pattisek eta Elohuisine Elazzaouik hartu diote aurrea, betiere Kilian Jorneten gorputzaldi eta aldartearen zain. Ordurako, ordea, bi minutu eta erdiko atzerapenarekin zebilen txapelduna. «Oso gaizki noa», entzun zaio telebista-mikrofonoetatik tarte batean.
Jornet out eta Bonnet goitik behera, gizonezkoen artean lehia bizi-bizia espero zitekeen hortik aurrera. Emakumezkoetan, aldiz, jakinminaren foku nagusia bigarren postuaren gainean jartzen hasia zen Alexanderssonen nagusitasuna kontuan hartuta. Eta horretan Sara Alonso agertzen zen indartsuen, baina atzetik aurrera, gustuko duen moduan, indartsu zetorren Malen Osa. 22. kilometroan honako hau zen panorama: Tove Alexanderssonek 10 minutuko aldea lortua zuen Sara Alonsorekiko, eta 11koa Malen Osarekiko.
Bigarren posturako lehia izugarri polita izan dute Malen Osak eta Sara Alonsok, oraingo honetan oñatiarraren alde erabakia
Andraitzeko igoeran lokatza oztopo izan dute berriz korrikalariek, eremu labainkorra baita. Osak aurrea hartu dio Alonsori bertan. Tontor hori eta Urbiako zelaiak atzean utzita, maldan beherari ekin diote batzuek eta besteek. Eroriko pare bat jarraian izan ditu donostiarrak jeitsieran, lohi irristakorren ondorioz, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan du 2025ean irabazlea izan zenak.
Azkeneko kilometroetan sartuta jada, eraso gogorra jo du Elohuisine Elazzaouik, bere azkartasuna erakutsiz. Pattisek ez du aukerarik izan, eta bigarren urtez jarraian nagusitu da marokoarra, Zegamako plazako une gogoangarria berriro gozatuz. Jorneti eskerrak eman dizkio gero, emandako laguntzagatik. Zegama osoak eman dizkio Kiliani, egiari zor, 25 urte hauengatik... eta, berak hala nahi badu, geratzen direnengatik.

Batalla para salvar el frontón que corona la sierra de Urbasa

Feministas de Errenteria critican el «patriarcado más rancio» ante los casos Maya y Xenpelar

Zupiria comparte la denuncia de «exclusión» de GKS firmada por 450 artistas vascos

La ecologista vasca Rosa Martínez, la llave para resolver la pugna interna en Sumar





















