«Idazketan beti ez da beharrezkoa hasieratik nora zoazen jakitea»
Oroitzapenen fikzionatzearekin jolasean, heriotzaz, doluaz, amatasunaz eta bikote harremanez mintzo da Txoperena. Epai irmoak plazaratu ordez, kapaz kapa topatu beharreko hausnarketak plazaratu ditu. ‘Zubiria’ laguna gogoan idatzia da, baina urrun dago lan biografiko batetik. Zioa beste bat da.
«Idazketan beti ez da beharrezkoa hasieratik nora zoazen jakitea»

«Itzalpeko lanaren» emaitza argitara ateratzen ari da Maddi Ane Txoperenarenean (Hendaia, 1994). Urtarrilaren 31an Xilabako txapela etxera eraman zuen eta pasa den martxoaren 6an aurkeztu du bere hirugarren eleberria. Uzta arrapaladan iritsi da, baina «denbora dezente» darama lanean Txoperenak, bertsogintza eta idazketan buru-belarri murgilduta. «Liburuaren idazketaren eta Xilabaren prestaketaren arteko puzzle bat egitea bezalakoa izan da prozesua». Hala ere, ez du bere pausoekin estropuz egin nahi izan eta txapelketa hasi orduko liburua bukatua zuela aitortu du idazleak. Hizkuntza zuzenketak egiten aritu zen tarte horretan Leire Errandonearekin.
2020an eta 2022an, bata bestearen atzetik kasik, ‘Ene baitan bizi da’ eta ‘Ez erran inori’ kaleratu zituen, Elkar argitaletxeren eskutik bi kasuetan. Gazteluma eta Igartza sariei esker ondu zituen, hurrenez hurren. Beste patxada batekin iritsi da ‘Zaldi bat’ liburu dendetako apalategietara. «Gogoa nuen edizio prozesuan hasieratik lagunduko ninduen editore bat izateko alboan». Txalapartako Garazi Arrularekin hitz egin eta argitaletxearekin batera hasi zen lanean. Bidearen erdia egin zuen Arrularekin, beste erdia Iñigo Satrustegirekin. Arrakasta ere begi bistakoa da; bigarren edizioa baitu liburuak honezkero. Eusko Jaurlaritzaren laguntza bat ere eskatu zen, baina kasu honetan sormen prozesua laguntzeko da eta beraz, epeekin loturiko presiorik ez du izan. Kazetari izatetik ‘Berria’-ko artxibozain izatera egin zuen salto. «Hala ere, ez nuen denbora nahikoa sorkuntzari eskaintzeko» dio; lana behin behinean agurtu, eszedentzia eskatu eta urte bat pasatxo Lesakako Arrano ostatuan hasi zen lanean «bizirauteko». «Tabernako lanak lurra ematen dit» eta jarduna amaitzean, irakurtzeko eta idazteko gogoz etxeratzen da. Zaldi bat ondu eta Xilabarako prestatzeko denbora eta aldartea eskaini dio aldaketak.
«Kosta egiten zait nire eskema mentalak puskatzen, pertsona karratua eta ordenatua naiz. Klak hori egitea kosta egin zait eta prozesu polita iruditu zait. Ikusi dut beti ez dela beharrezkoa hasieratik nora zoazen jakitea»
Bertsolariaren sindromea
Sariak, epeak edo bestelako zamak ez dira izan ‘Zaldi Bat’-en prozesua desberdina egin duten alderdi bakarra. Abiapuntua ere oso bestelakoa izan du Txoperenak: «Aurreko eleberriekin idazten hasterako nahiko argi nuen buruan zer eta nola kontatu nahi nuen eta aldiz, ‘Zaldi bat’-ekin denbora luzez egon nintzen ideia batzuekin burutan, baina jakin gabe oso ongi zein zen kontatu nahi nuen istorioa eta zer forma eman nahi nion». Formarekin bereziki «obsesionatua» egon zela aitortu du eta inspirazio bila irakurketa ordu asko eta asko egin zituen. Azkenean, idazten hastea erabaki zuen, bidearen helmuga zehazki zein izango ote zuen jakin gabe.
Idatzitako askok zakarrontzian amaitu du. Pentsa, lehen zirriborroetako batean protagonista Erdi Aroko zaldun bat zela ere kontatu digu idazleak «anekdota edo sekretu» gisa. «Horrela hasi nintzen pixkanaka idazten eta gauza diferente pila bat idatzi nituen. Nik uste dut horren ondorioz izan duela forma fragmentarioa liburu honek». Ikaspenen inguruan ere hausnartu du Txoperenak: «Kosta egiten zait nire eskema mentalak puskatzen, pertsona karratua eta ordenatua naiz. Klak hori egitea kosta egin zait eta prozesu polita iruditu zait. Ikusi dut beti ez dela beharrezkoa hasieratik nora zoazen jakitea». Izen-abizenak ere jarri dizkio bere ajeari: «Ez dakit bertsolari sindromea ote den».
Lagunari
Ezkutatu ez, baina liburuaren amaierarako utzi ditu argipenak: eleberria Joxe Angel Zubiria Leiza ‘Zubiria’ lagunari eskainia da. Unai Zaldua Iparragirre protagonistaren modu berean hil zen, 2019ko abenduaren 24tik 25erako gauean. Liburuaren amaiera aldeko orrialdeetan haizatzen ditu zalantzak Txoperenak, eta morboari ihes, ohartarazpen bat egiten du: «Oroimena tranpatia da, eta literatura, zorionez, hagitzez gehiago». Lagunaren «arima islatuko» zuen zerbait idatzi nahi zuen, baina biografia bat osatzeko ideia baztertuta, hiru elementurekin bueltan ibili zen burutan, zer eta nola idatzi jakin gabe oraindik, hasierako abiapuntu gisa. «Lehena, Unairen pertsonaia. Bigarrena, Unai edo lagun baten heriotza. Eta hirugarrena, lagun baten heriotzaren dolua».
Eta hortik aurrera, idazketaren mareari jarraiki sortzen da liburu honen magia. Zaldia eta Mirenen arteko harremana, bere korapilo eta kontraesanak amatasunarekiko, harremanekiko, pasarte zehatzak... «Hasieran nituen gogoeta horiek, abiapuntu erreala zutenak, fikzio bilakatzeko prozesuan sortu dira». Unai edo Miren, nor ote den pertsonaia ez dago garbi, Txoperenak berak ere ez daki. Baina ez da behar. «Miren ahotsa da eta liburuaren zatirik handienean bera ari zaigu hizketan. Agian bere inguruan informazio gehiago jasotzen dugu. Aldiz Unai, uneoro dago presente, baina alde batetik Mirenen bitartez, haren oroitzapenen bitartez, eta bestetik, kanpotik jasotzen dugun informazioa tantaka dator». Miren Unairen laguna zen, eta hura hil eta bost urtera, ama izan berritan, medikuaren gomendioz mendira joateko ohitura berrartuko du. Bertan, zaldi batekin egingo du topo eta harreman berezi bat sortuko da bien artean. Atal horietan Unairen ingurukoak zeharka jasoko ditugu, Mirenen «filtrotik» pasata. ‘Zaldi bat’ izenez zerrendatutako atalak dira liburuaren hari nagusia. Baina beste ataletan «Unai da hitz egiten duena. Ez dago oso esplizituki adierazia, baina nire buruan horrela da». Unairen autopsia edo ligatzeko jarraibideak biltzen dituen ataletan ere informazio asko jasoko du irakurleak, «puskaka».
«Gatazka hori interesgarria iruditzen zait. Bizitza benetan horrela da, inor ez da perfektua, denok egiten ditugu gauzak gaizki momenturen batean. Harremanek gauza horiek guztiak gurutzatzen dituzte»
Idazkeraren eta erabilitako ahotsen «anbiguotasuna» ere aipatu du autoreak. «Batzuetan badirudi Miren dela liburua idazten ari dena. Ez dakigu hizketan ari zaigun, idazten ari ote den, ez dakigu zertan ari den. Literaturan, narratzailea gauza arraroa da azken finean». Zaldiarekin sortzen duen harremanak ere efektu bera sortzen du: «Hasieran deskribatu egiten du, kanpotik, baina azkenean zaldiari hitz egiten hasten zaio. Zukan aritzen da berekin. Puntu batera iritsita ez dakizu zaldia zaldi bat den, Unai ote den edo existitzen den ere». Sinbolo indartsua iruditzen zaio Txoperenari zaldiarena eta liburuaren kasuan, gainera, interpretaziorako aukera asko zabaltzen direla nabarmendu du: «Uste dut norberak espiritualtasunarekin edo transzendentziarekin duen harremanaren arabera modu batera edo bestera irakur daitekeela, bertsio pila bat daude tartean».

Erronka potoloa hautatu zuen Txoperenak. Nola idatzi lagun baten «arima islatuko zuen» liburu bat, baina lan biografiko bat egin gabe? Nola bildu liburu batean jada ez dagoen norbaiten oroitzapena? Fidela izan behar al da inguruko guztiek pertsona horren inguruan duten irudiarekin? «Nik nituen oroitzapenekin eta ingurukoek zituztenetatik abiatuta, zertzeladen bitartez Unairen pertsonaiak Zubiria izan zena irudikatzen saiatu naiz». Ariketa horrek arazoak mahaigaineratu ditzake, baina autorearentzat «alderdi interesgarriena» horixe da: «Denok ditugu gure alde onak eta txarrak, horrelakoak gara eta horrela maite gaituzte eta gorrotatzen gaituzte. Alde horiek guztiak batzen saiatu naiz, moralista izan gabe». Irakurleak hainbat pasarteetan irakurriko duenak zalantzak sortu dakizkioke, baina hartzailearen interpretazioaren esku utzi nahi izan du epaia idazleak. «Gatazka hori interesgarria iruditzen zait. Bizitza benetan horrela da, inor ez da perfektua, denok egiten ditugu gauzak gaizki momenturen batean. Harremanek gauza horiek guztiak gurutzatzen dituzte».
Dokumentazioa
Liburua ez dago Lesakan kokatua, ez behintzat modu esplizituan, ‘Stop’ atalean izan ezik. Kasu horretan, «Unairen pertsonaia nola sortu den ulertzeko ariketa» izan da. Unairen jaiotzatik hasi eta heriotzaren urteraino, «testuinguru soziopolitikoak izan den horretara iristeko nola eragin dion» ikusteko, alegia. Testuinguru soziopolitikoa ez da pertsona baten izatea determinatzen duen elementu bakarra, baina garrantzitsua dela deritzo Txoperenak. ‘Stop’ atalean, beraz, «Unairen bizitzako etapa diferenteak» islatuz bost eszena edo pasarte osatu ditu, bakoitza herriko taberna batean kokatuta. Taberna horiek errealak dira, baina batzuk honezkero ez dira existitzen. Informazio hori biltzeko herrikideei galdetu die besteak beste. Eta tartean, «opari» bat ere jaso du. Pasarteetako bat Jonh Lennon ostatuan kokatzen da. 80. hamarkada pasata itxi eta barrutik desegin zuten. «Nik ez nuen ezagutu eta gainera ez dago ostatu barruko argazkirik». Herrikide bati marrazki bat eskatu zion eta lagunak, zurgina eta eskuekin abila izanik, tabernaren maketa bat egin zion azkenean. Zaldien inguruan ere ezagutza txikia zuen eta asteburu pasa joan zen lagun baten zalditegira «galderez bonbardatzera».
Irakurketa eta dokumentazio lan handia egin du Txoperenak eta xurgatutako guztia eleberrian islatuta dago. Agerian edo modu ezkutuagoan. «Keinu asko daude, sinbolo asko ere bai. Gauza batzuk garbi daude eta beste batzuk ez. Norbere interpretazioaren esku daude». Indusketa lanen antzerako irakurketarako parada ematen du ‘Zaldi bat’-ek. «Gustatuko litzaidake jendea kapa horietara iristen saiatzea. Ez dago irakurketa posible bakarra». Jakin badaki, gainera, oso desberdinak izango direla laguna ezagutzen zutenen eta ez zutenen irakurketak. Biek neurri berean sortzen diote interesa.

Ante las agresiones, ¿puntos morados o prohibición de alcohol a los hombres?

Bertsoak, txupina eta besoak zerura: «Bilbo, has daitela jaia!»
La llegada masiva de sargazo cambia el color del Caribe
Los muertos de la Legión Cóndor en Euskal Herria

