Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevue
Miren Larrea
Anita Maravillas taldeko kidea eta Max sariduna

«Alfonbra gorritik furgonetara; ez dezagula ahaztu titiriteroak garela»

Miren Larrea zornotzarraren eta Valentina Raposo txiletarraren Anita Maravillas & Portal 71 txotxongilo konpainia bizkaitarrak Familia Ikuskizun Onenaren Max saria jaso du ‘Andereño’ lanagatik. Sariotan ekoizpen handiekin duintasun eta ausardia osoz lehiatzeko gaitasuna erakutsi zuen.

Miren Larrea, Valentina Raposo eta ‘Andereño’ lanaren kideak, pozarren.
Miren Larrea, Valentina Raposo eta ‘Andereño’ lanaren kideak, pozarren. (Alfredo ARIAS)

Errepidean harrapatu genituen Anita Maravillas txotxongilo taldekoak. Miren Larreak ez zuen argi penintsulako zein puntu geografikotan zeuden; berdin zitzaion, halere, bezperan Meridako erromatar antzokian bizi izandako gauak barrenak bete zitzaizkion-eta: Familia Ikuskizun Onenaren Max-a jaso du taldeak ‘Andereño/La maestra’ lanagatik.

Estatuko arte eszenikoetako sari nagusiotan, aurten, talde honek jasotakoa izan zen euskal ordezkaritzak jaso zuen sari bakarra. Eta oholtza gainean, Errepublikako andereñoen oroitzapena Palestinako maistrekin lotu zuen Miren Larreak.

Nahiko ospatu al duzue lortutako Max saria? 

Emozio askorekin bizi izan genuen eta ofizioko beste lagun batzuekin elkartu ginen gauean, pixka bat ospatzeko. Baina goizean goiz abiatu gara Binefarrera (Huesca), Festival Imaginariara. Gaur bidaia luzea dugu, muntaketa, eta bihar goizean, emanaldia. Alfonbra gorritik furgonetara; ez dezagula ahaztu nortzuk garen: titititeroak gara, bidea eta lana!

Zenbat egun emango dituzue Binefarren?

Egun bat. Antzeztu, guztia jaso eta arratsalderako bueltan egongo gara. Oso barneratuta dugu kilometroak eta kilometroak egin behar ditugula, gure lana eskatzen diguten leku guztietan erakusteko. 

«Publikoarekin nabaritu dugu guk hartutako erabakiek funtzionatu dutela; orain, sektoreko profesionalek ulertu dute»

 

Max-etara itzulita, lehenengo bi sariak lortu ez zenituztenean, lasaitu al zineten?

Lehenengo eta behin, hiru izendapenetara heltzea lorpen handia zen. Ekarri dugun sari hau eta bi izendapenak (Fran Lasuen, musikagatik, eta Jon Chavez, argiztapenagatik) oso atal garrantzitsuetakoak ziren. Produkzio oso handiekin eta helduentzako produkzioekin lehian ibili ziren. Publiko familiarrarentzako lan egiten dugunontzat atal horietan egotea jada lorpen handia da. Momentu batean lasaitu egin  ginen pentsatuz ez zela etorriko hirugarren saria.

Gainera, La Buena Compañiaren eta La Maquine-ren lanak oso politak eta zintzoak dira. Gure izena entzutean, zoratu egin ginen. Sari hau korala da. Kolektiboan parte hartu dugun profesional guztion aitortza da: testuak, jantzigintza, musika... guztion saria da, horrek daukan erantzukizunarekin.

Max sariek zer dakarte beraiekin? Ikusgarritasuna edo beste zerbait?

 Momentu honetan Estatu mailan egiten diren lan guztien erakusleihoa dira, bertan egiten diren gauza berrien edo gauzatzen diren lanen balorazioa da. Gure egiteko eraren, gure iruditegia eraikitzeko moduaren eta narratiba eta estiloaren onarpen bat dela esango nuke. Estilo bat dugula onartzea. Publikoarekin nabaritu dugu hartutako erabakiek funtzionatu dutela; orain, sektoreko profesionalek ulertu dute.

«Tretatxu bandolero bizkaitarraren pertsonaia errealean oinarritu gara hurrengo lanerako»

Beste proiektu baten prestaketan ari zarete. Noizko?

Urrian estreinatuko dugu. Tretatxu [Bautista Landa, 1716-1761] bandolero bizkaitarraren benetako pertsonaian oinarritu gara gure berrikuspen propioa egiteko. Bere bizitzan inspiratuz, guri interesatzen zaizkigun arlo batzuk aztertuko ditugu.

Esate baterako?

Heroiaren figura. Herriek pertsonak heroi bilakatzen dituztenean, maitatuak direnean, nola herriak, transmisioaren bidez, helarazi dizkigun pertsonaia horiek. Baita ere zer uzten duen heroi batek atzean plaza publikoan dagoenean. Nortzuk gelditzen dira atzean? Etxekoak gabe zer izango litzakete?

Hortik tiraka, Tretatxuri proposatzen diogu beste era bateko abentura; ez bakarrik  lapurretak, boterearen kontrako desafio horiek, baizik bidaia intimo bat. Hori ipuin klabera eramanda beti. Esaten ditugun hitz potolo hauek guztiak ipuin klabera eramaten ditugu, publikoan umeak daudelako eta eurek ere ondo ulertu behar dutelako.