
2012an ekin zioten Hika Teatroa konpainiak eta Oinkari dantza taldeak elkarlanari. Urtebete beranduago ikusi zuen argia ‘Itsasoaren emazteak’ ikuskizunak eta orduz geroztik, elkarrengandik ikasten eta elkarrekin sortzen jarraitu dute bi taldeek. Hala, 2017an ‘Sagartu’ ekoiztu zuten eta 2021ean 'Gazte'. Igande honetan laugarren elkarlanak hartuko du Gasteizko Foruen Plaza. KaldeArte Kaleko Arteen Nazioarteko Jaialdiaren baitan estreinatuko da ‘MAKILhotsak’.
Hika Teatroa konpainiako zuzendari Agurtzane Intxaurragak NAIZi azaldutako moduan, lanketa hilabete luzeen ostean, iritsi da unea ikuskizunak bere bidea egin dezan. «Sormen prozesuak politak dira beti. Batzuetan krisi potoloetan sartzen gara, baina hortik pasa egin behar dugu. Gogotsu daude jendearen erantzuna ikusteko». Oinkari eta Hika Teatroaren arteko laugarren elkarlan artistikoa izanda ere, zuzendariak argi izan du bere jomuga: «sortzaile modura erronka beti izaten da aurretik egin duzun hori ez egitea berriro. Saiatu, arriskatu eta gauza berriak frogatu» behar direla dio Intxaurragak, are gehiago, lortu dutela dio. MAKILhotsak ikuskizunak «ez du aurrekoekin zerikusirik» eta ikuskizunaren elementu zentralak agintzen du horretan: makilak. «Gure tresnak makilak dira eta tresna gogorra dira». Zura bezain gogorra da ikuskizunak lantzen duen gaia: gerrak zeharkatutako mundu bati makil hots eta dantzekin erantzun nahi dio ‘MAKILhotsak’ ikuskizunak, antimilitarismoa eta intsumisioa aldarrikatuz, gizartea naturarekin eta askatasunarekin lotzeko mezua zabaldu.
Elkarlanaren aberastasuna
Hamalau urtez elkarrekin esperimentatzen eta ikasten jardun dute Hikak eta Oinkarik. Hikak antzerkia du oinarri, baina Intxaurragak gaztetatik izan du dantza munduarekin harremana eta beraz bere ikuskizunek «dantza arkitektura bat dute beti eta alde horretatik oso gustura sentitzen naiz». Oinkarik etxera begiratzeko atea zabaldu dio ordea: «euskalduna naiz eta euskal kulturan gehiago erreparatzeko eta gure sustraietatik abiatzeko» parada eman dio, baina ez da horretan gelditu: «Sinisten dut tradizio horretan eta tradizio horretatik abiatzen naiz. Baina nire ustez tradizioa momentuan bizi duzuna da. Hurrengo egunean tradizioa beste bat da, tradizio horren kolorea, usaimena... aldatzen da. Hori egiten saiatzen naiz, berrinterpretatzen, berrulertzen. Eta hala izan behar duela uste dut, bestela niri tradizioak kiratsa ematen dit. Tradizioaren izenean gauza batzuk ez ditut onartzen». Oinkarik Hikari euskal kulturan murgiltzeko parada eskaini dio, eta kontrara, Hikak Oinkariri «alderantzizko bidea egiteko aukera eman dio: «tradizio hori berrinterpretatzeko, arriskatzeko, gaurkotzeko eta esperimentatzeko» tresnak eskaini dizkio.
Sormen laborategia
‘MAKILhotsak’ sortzeko 2025eko ekainetik urtarrilera Intxaurragak berak gidatutako laborategia garatu zuten. Tarte horretan Led Silhouette dantza konpainiako Martxel Rodriguezen eta Jon Lopezen laguntza izan zuen zuzendariak, «haien mugimendu estiloa oinkaritarrei zabaltzera etorri ziren». Ordurako, gainera, argi zuen makil dantzetatik abiatuko zirela ikuskizuna sortzeko, beraz, makil dantzen inguruan ikasten eta aztertzen ibili ziren eta «azkenean gure makil dantza propioak sortu ditugu». Zuberoa, Bizkaia eta Nafarroako makil dantzak ikasi zituzten alde batetik, «mugimendu batzuk hartu ditugu bertatik eta beste batzuk guk asmatu ditugu». Herrialde katalanetatik ere jaso dute inspirazioa, Ball de Bastons dantzak oinarri hartuta.
Tarte horretan makiletara ohitzeko parada hartu zuten: «Material gogorra da eta batzuetan gorputza ere gogortu egiten dizu». Horrez gain, dantzariek eta zuzendariak elkar ezagutzeko aukera izan zuten eta ikuskizun berriaren gaiaren inguruan hausnartu, eztabaidatu eta barneratzeko ere bai.
Garai belikoei erantzun
Egungo testuinguruari artearen ahotsarekin erantzun nahi dion ikuskizuna da ‘MAKILhotsak’. Beste ekoizpen batzuetan ez bezala, «nigandik sortutako behar batetik abiatu gara. Garai belikoak bizitzen ari gara, berriro berrarmatu egin behar dugu, talde ultraeskuindarrak goraka… Atzerako egiten genuela sentitu nuen eta bat-batean 90. hamarkadara joan nintzen, intsumisio garaietara. Egiten dakigun horretatik zerbait kontatu behar genuen, sormenetik gure aletxoa jarri».
Gazteekin lan egiterako momentuan, memoria hutsune bat identifikatu du Intxaurragak. «Asko hitz egin genuen soldaduskaz, ez zen haientzako zerbait hurbila, ez zuten kokatzen. Haien gerrak zeintzuk ziren idazteko eskatu nien, niretzako Palestinakoa hortxe zegoelako eta ezin genuen aipatu gabe utzi. Eurek ere hala sentitzen zuten baina esaten zidaten gerra horiek ez genituela hemen. Eta hemengo gure gerrak agian izan zitezkeela euskararekin lotuak, etxebizitzarekin, etorkizun faltarekin… Beste era bateko gerrak ziren, baina ez garrantzi gabeak». Asko eztabaidatu eta elkar aberastu ostean ikuskizunaren funtsera iritsi ziren. «Une batean testu batean hala diot: ‘ez utzi lurrari lehortzen eta utzi bizitzari naturatik, lurretik, aldentzen’. Sentsazio hori dut, beharbada lurra, naturatik urrundu garela eta berreskuratu behar dugula hori».
Orainaldia latza izan arren, begirada baikor bat proposatzen du emanaldiak. «Ilunetik argira» bidaia egiteko modua bilatu dutela azaldu du zuzendariak: «Egia da ikuskizun hau zeremoniatsuagoa izango dela, alde batetik, momentu ilunak edukiko ditu. Baina beste momentu batzuk oso-oso argiak izango dira, naturari lotuak eta batez ere aldarrikatuko dugu gaur egun jendarte hain indibidualista honetan belizismo horri erantzuna kolektibotasuna eta elkar topatzea dela. Eta hala bukatzen dugu, festa edo topaketa horretan. Eta esanez etorkizunari begira behar duguna topaketa, ospakizuna eta intsumisioa behar ditugula».
Eta hala, gerra hotsekin berdindu daitezkeen makil dantzak lurrari deitzeko forma bihurtu dituzte Hika Teatroa eta Oinkarikoek. Horrekin batera, Intxaurragak haurra zeneko memoria kantutik berreskuratu du. «Nik makila beti lotu izan dut Santa Ageda kantuari. Bizkaitarra naiz eta nire herrian hau handia zen. Melodia hori erabiliko dugu Miren Agur Meabek egindako bertso polit batzuekin. Horren bidez ere makila joko dugu». Publikoari ere kantu egiteko deia egingo diote, errepikaren bitartez, ikuskizuna parte hartzailea bihurtuz. Kantuaz gain, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere izango du publikoak. Garazi Navasek «ikuskizunari esperimentazio ukitu bat» emango diola azaldu du Intxaurragak. Hartara, doinu «berriagoak, biluziagoan eta noski baita dantzagarriak ere» izango dira makil dantzak josten.

Un joven fallece en Santurtzi tras una intervención de la Policía Local con pistola táser

La apelación serena de Aizpurua a pasar a la «ofensiva democrática» se viraliza en redes

Fallece en el seísmo en Caracas Alazne Solabarrieta, nieta de un alcalde de Ondarroa exiliado

Hallada en Irulegi una cerámica con el texto «abaŕ», primer testimonio de un numeral vascónico

