
Kantuan, aldarriak presente eta komunitatean. Horrela agurtu dute ostiral arratsalde honetan Sabino Ormazabal, Gladys Enea parkean. Lagunak, senideak eta hamaika borrokatan kide izandakoak hurbildu dira parkera, emozioa gorputzean eta kantua ahoan, Sabinok eraikitako zubi guztiak zeharkatuz, eta hamaika ahotsez osatutako kantuak abestuz agur esatera.
Kantu artean ekitaldia baino ordu erdi lehenago hasia zen jendea hurbiltzen, eta seiak jotzerako beteta zegoen kaperaren ingurua, oholtzan, bere argazkia, nuklearren aurkako sinboloa den eguzkia eta loreak. Jendearen artean oroitzapenak, hunkidura malkoak, irribarreak eta kantu liburuxka.
Iñake Irastorza eta Ramon Agirrek eman diote hasiera bihotzeko omenaldiari: «Amorruz beterik egin nahi dugu oihu utzi diguzun albisteagatik, eta maitasunez lepo kantatu, Sabino aipatu eta kantua etortzen baitzaigu gogora».
David Fernandezek katalanez eman dio hasiera bere hitzartzeari, «gaitzak kantuan uxatzen direlako». Azpimarratu du nola Ormazabalek bere koherentzia muturreraino eraman duen, azken hatsera arte kantatuz. Eta gehitu du nola egin zuen bidea, «horma bakoitzean arrakalak bilatuz eta hutsarte bakoitzean bideak irekiz». Donostiarraren ibilbidearen errepaso ederra egin du segidan: «Sabinora itzuliko gara, eta ez bakarrik nostalgiagatik, baita beharragatik ere. Desobediente iraunkorra, sakoneko antimilitarista, intsumiso amaigabe eta ekofeminista errotua, bakezale sutsua, ingeniari isila, umila eta adimentsua, pazientzia handikoa. Zubien eta bideen ingeniari isila, gaur egun guk geuk jakin gabe ere zeharkatzen ditugunen egilea. Pertsona nekatua, hainbeste bortxaz nekatua, baina inoiz nekatu ez dena indarkeriak saboteatu, eten eta geratzeaz».
«Harrapa gaitzazu beti, Ormazabal, harrapa gaitzazu beti kantari. Bizitzaren korapiloan eta borrokaren sareetan zuri kantatzen segituko dugu Sabino, beti arte artesano, t'estimo. Kantatzen segituko dugu eta kantatuko diogu haizeari, abestia zara jada, Sabino», esanez amaitu du hitzartzea Fernandezek, hunkituta.
Feminista, talde zaintzailea eta zuzena
Azken egunetan Ormazabalen inguruak asko hitz egin dela aipatu du Mari Luz Estebanek, eta berak beste hiru ezaugarri mahaigaineratu ditu. Batetik, «sentsibilitate feminista» handiko kidea zela, hori besteak beste, bere ikerketa metodoan edota emakumeen testigantzak jasotzen egindako lanean ikus zitekeela azaldu du: «Bazekien emakumeekin lasai asko egoten, eta bazekien gizonen munduetan kritiko izaten». Bigarren ezaugarria «taldeen zaintzaile» izatea dela kontatu du, taldea kontuan hartzea eta jendea taldearen parte sentiaraztea. Eta hirugarrenik, «zuzentasuna», Estebanen ustez geroz eta gehiago galtzen ari den ezaugarri preziatua, «bere zentzu guztietan».

Argituz elkartean lan handia egin zuen Ormazabalek eta bertako kideek ere hitz batzuk egin dituzte ekitaldian. Lehenik eta behin esan dute oso gogorra egingo zaiela hurrengo bileran beran ez egotea, eta bera gogoratzea «memoriaren ariketa espontaneo bat» izango dela azaldu dute. Eta jarraian Ormazabalen «jarrera irmoa entzutea» zela gaineratu dute, «toki guztietara eramaten zenuen jarrera zen, eta horrek edozeinengana hurbiltzen zintuen, erdi zabalik egoten ziren leihoetara iristeko aukera emanez». Bere senari jarraitzen ziola gogoratu dute, korapiloetan beti irtenbide berriak bilatuz: «Zubigile zinen ofizioz Sabino, elkartasuna barrutik sortzen zitzaizun, berdin antimilitarismoan, zein mugimendu ekologistan, desobedientzia zibilean zein biktimen aitortzan. Guztietan sentituz eta pentsatuz ekiten zenion lanari, jendea entzunez eta beti ere gizatasunez».
Kantua, bizitza eta mundua
Euskal Herria alderik alde zeharkatzen lagun senideak izan ditu urteetan Ormazabalek, eta horren testigantza emanez Markel semeak hartu du hitza. Itoitzeko akanpadak, Bardeetako martxak, Urdaibairen aldeko manifestazioak zein Herri Urratseko bidaian gogoratu ditu, eta bertako istorioak plazara ekarri ostean, jaso dituen irakaspen askoetariko bat aitortu du, bizitzan oso presente izan duena: «Egin ezazu, baina egin aurretik ezagutu aurrekoek egin zutena. Aitak egiten irakatsi zidan, kantua, bizia eta mundua. Eta nork bere erara egiteko baita aurretik desegin behar izaten dela ere, beti ere errespetuz».
Aitak egiten, desegiten eta berriro egiten irakatsi ziela aitortu du semeak, «kantua, bizitza eta mundua». Eduardo Galeanoren metafora baliatuz eltze berri bat egiten irakatsi diela, baina ez hori bakarrik, egiten dena «ona eta justua» izan dadin, eltze barruan egosi beharreko osagaiak ere utzi zizkiela: «Enpatia eta errespetua; pertseberantzia, irudimena, umorea eta koherentzia». Irakaspen horiekin kantua, bizitza eta mundua hobeagoa, justuagoa eta askeagoa egiten jarraitzeko konpromisora lotu dira ondorengoak ere, eta gerturatutakoei eskerrak eman dizkie Markelek.
Ekitaldiak ezin zuen bestela amaitu, Markelek aldarri argi bat bota du: «Ez da azken kantua, gora bizitza!». Eta Gladys Enea kantu baten olatuak hartu du, Imanol Larzabalen ‘Mendian gora haritza’ doinuan.


Bertsoak, txupina eta besoak zerura: «Bilbo, has daitela jaia!»

Ehunka esku, milaka burdin eta kolore kontaezinak Bilboko txosnagunearen muntaketan

¿Guerra sucia o gamberrada macabra? 25 años de la tragedia del Txioka

Gladys Enean eta kantuan oroitu dute Sabino Ormazabal

