Irungo udaletxean sartu dira greba mugagabean dauden zerbitzuetako langileak

Lan hitzarmena berritzeko aldarrikapena ardatz, Txingudiko Zerbitzuetako ur-zikloko 35 langile greba mugagabean daude pasa den otsailetik. Astelehen honetan Irungo udaletxean sartu dira negoziazioan jasotako proposamenak ez duelako eskatzen duten parekatzea bermatzen.

Astelehenean Irungo udaletxean egindako protesta.
Astelehenean Irungo udaletxean egindako protesta. (Txingudiko zerbitzuen komitea)

Txingudi Zerbitzuak (Txinzer) enpresako langileak 160 egun baino gehiago daramatzate greba mugagabean eta astelehen honetan Irungo Udaletxera sartu dira manifestatzera. Udaletxeko eskailera nagusien jabe egin dira, bertan eseriz eta haien pankarta zein kartelak zabalduz.

«Bost hilabete ondoren greban jarraitzen dugu, uste dugu egin ziguten proposamena erabat ziurgabea dela eta horren aurrean Irungo udaletxera sartu gara», nabarmendu du enpresa batzordeko presidente Alaitz Egiazabalek. 

Protesta udaletxeko eskaileretan gauzatu dute eskualdeko ur eta zaborren zerbitzuko langileek, eta Irungo alkateari, Cristina Labordari, haiengana joateko eskatu badiote ere ez da agertu.

Barruan oihu artean panfletoak bota ondoren, udaltzaingoak eta ertzaintzak ateratzeko eskatu ostean «era baketsuan» atera direla esan du Egiazabalek. 

Eskakizunak eta negoziazioak

Lan hitzarmena berritzeko aldarrikapena ardatz, Txingudiko Zerbitzuetako ur-zikloko 35 langilek pasa den urritik greba egunak tartekatu zituzten pasa den otsailera arte. Otsailaren 11tik aurrera greba mugagabea hasi zuten negoziazioan aurrera pausorik egon ez zelako. Haien eskakizuna argia dela aitortu du Egiazabalek: «Irungo udaleko langileen soldatarekiko ekiparazioa eskatzen dugu».

Negoziaketak luze joan baziren ere, Egiazabalek azaldu du otsailean enpresak esan zuela maiatzaren 5ean egingo zietela proposamena: «Ez genuen ulertzen, zergatik eman ziguten hain data zehatza hilabeteetako tartearekin, baina hala izan zen, maiatzaren 5ean proposamena jaso genuen». 

Enpresa batzordeko presidenteak kontatu du hilabetetan zehar borrokan aritu ondoren proposamena jasotzeak lasaitasun eta konfiantza pixka bat ekarri zuela, eta ontzat eman zuela.

Hala ere, jakinarazi dute lan gatazkak konponbiderik gabe jarraitzen duela, enpresak ekiparaziorako erabiliko duen tresnak ez duelako bermatzen aldi baterako ezintasun egoeran dauden langile guztien soldaten osagarriaren parekatzea. 

Egiazabalek azaldu du, tresna horren arabera, bajan dauden langileek eskubide hori izango dute baldin eta euren osasun-egoerari buruzko informazioa ematen badute eta enpresak gaixotasuna larria dela uste badu.

«Diskriminazio hori onartezina da, langileen intimitatea urratzen baitu», azpimarratu du enpresa batzordeko presidenteak. Gaineratu du larrituta daudela San Martzial jaiak gainean direlako, eta negoziazioak iraileraino luzatuko direnaren beldurra direla. 

Astelehen honetan egindako protesten aurrean, Egiazabalek dio ez dutela bilera baterako proposamenik jaso nahiz eta negoziaziora irekita dauden. Gehitu du ekiparazio osoa bermatzen duen edozein tresna onartzeko asmoz direla.