
Ipar Euskal Herriko esku huskako zirkuitu profesionala eraldaketaren atarian dago. Patrick Orhategaray eta Lionel Mazars buru izanen dituen elkarte berria bere ibilbidea egiten hasi da ofizialki ekainaren 8az geroztik. Bere helburua pilotari profesionalak kudeatzea da –gaur egun dauden 24 pilotari profesionalen artean gehienek bat egin dute egitasmoarekin– eta orain arteko Esku Pilota elkarteak zuzendutako antolaketa ereduaren aitzinean alternatiba gisa aurkeztu du bere burua. «Batzuek eta bertzeek sentitzen zuten ezinegonak bultzatu gintuen. Pilotariak egungo sistemarekin kexu zirela ikusi genuen, eta hainbat bazkide alde egiten ari zirela. Baina batez ere trinketak jendez husten ari zirela ikusten genuen. Zegoen behar bati erantzunez, berria zen zerbaiten ekarpena egin nahi genuen», azaldu du Patrick Orhategarayk.
Profesionalismoa
Baionako Avironeko errugbi jokalari ohi eta Baionako Moderne trinketaren egungo zuzendari Lionel Mazarsek eta Peio Larralde pilotariaren entrenatzaile Orhategarayk goi mailako beste kiroletan ohikoak diren tresnak ekarri nahi dituzte euskal pilotara. «Ezeren aurretik kirol proiektua da; ukitu profesional bat eman nahi diogu –aipatu du Mazarsek–; ez dugu errugbia edo futbola izan nahi, baina bai haietan inspiratu». Prestakuntza fisiko indibidualizatua, jarraipen medikoa, GPS bidezko datu bilketa eta bideo analisiak izanen dira lan ardatzak, bertzeak bertze. «Urte oso baterako aurrekontua lortu dugu, baita GPSan eta bideoan egin ditugun inbertsioetarako. Gainera, laguntzen gaituzten bazkide kopuru esanguratsu bat dugu. Azken asteetan, asko indartu gaituen laguntza jaso dugu, hainbat enpresaren partetik bereziki; proiektuaren balioez jabetzen dira», erran du.
Lionel Mazars (Tolosa Okzitania, 1984) errugbilari profesional ohiak Baionako Moderne trinketa kudeatzen du eta Patrick Orhategaray (Bidarrai, 1970), enpresaburua izateaz gain, Peio Larralderen entrenatzailea eta Biarritzeko La Negresse trinketaren jabea da, zenbait bazkiderekin
Egungo eliteaz haratago, proiektuaren sustatzaileek etorkizunari begira jarri nahi dute, eta formazio klubekin eta hurrengo belaunaldiekin loturak estutu nahi dituzte. «Kirola berpiztu nahi badugu, jatorrietara bueltatu behar gara, formazio klubetara», eman du aditzera Patrick Orhategarayk. «Pilota Komitea lan itzela egiten ari da. Pilotari independenteen harrobia da».
Gardentasuna
Proiektuaren bertze zutoin bat bere funtzionatzeko modua da. «Euskal pilotako aktore guztiek parte hartuko duten zuzendaritza izanen duen erakunde bat proposatu dugu. Gardentasun guztiarekin lan egin nahi dugu. Hartuko diren erabaki garrantzitsu bakoitzeko bozketa demokratikoa egin nahi dugu», nabarmendu du Patrick Orhategarayk. Etorkizuneko zuzendaritza edo Administrazio Kontseiluak, beraz, pilotarien bi ordezkari izanen lituzke; bertze bi, babesleen izenean; bertze bi, torneoen antolatzaileen izenean; eta bana, Iparraldeko Pilota Batzordearen –Comite Territorial du Pays Basque (CTPB) delakoa– eta Frantziako Euskal Pilota Federazioaren –Federation Française de Pelote Basque (FFPB)– izenean. Zein helbururekin? «Sisteman demokrazia eta etika berriz sartzea». Elkartea uztailetik aurrera martxan izanen dela aurreikusten da, azarotik aurrera pilotarien jarraipen integralerako programa martxan ezarri baino lehen.
Bizikidetza
Elkarte berri hau –oraindik izenik ez duena– gaur egun esku huska profesionala kudeatzen duen Esku Pilotarekin batera existitu beharko da. Patrick Orhategarayren ustez, bizikidetza honek ez lioke lehiaketen antolakuntzari eragin beharko. Torneoen antolatzaileek, kasu gehienetan independente eta autonomoek, elkarte biei pilotariak eskatzen jarraituko dute, horrela pilotariek txapelketa berberetan parte hartu ahal izanen dutelarik. Gure ideia da ahalik eta jokalari gehien liberatzea, hots, ahal duten gehiena joka dezaten askatasun osoa ematea». Orhategarayk «ikusleentzat eta pilotarientzat egungo eskaintza aberastea» jartzen du erdian, eta «master eta desafio gehiago jokatzeko data berriak» egonen direla aurreratu du. Hartara, pilotaren panorama berri honen detaile operatiboak definitzeko, bi elkarteak mintzatzeko batzea nahitaezkoa izanen da.
Bertzetik, Esku Pilotak bere berregituraketa prozesuan jarraitzen du. Euskal Irratiak-eko lagunek aurreratu dutenez, bi zirkuitu bultzatu nahi ditu: Pro Pilota, hamabi profesional onenak batuko lituzkeena, eta Esku Pilota, bigarren mailako pilotarientzat. Bigarren maila hori afizionatuek profesionalen kontra jokatuko luketen lehiaketa irekiekin osatuko litzateke. Euskarazko irratiaren arabera, pilotari denekin jarri da harremanetan, berarekin jarrai dezaten konbentzitzeko.

El relevo de Xabier Lapitz por Miriam Duque en ‘En Jake’ genera controversia en redes

Fallece la joven de 18 años que cayó desde 30 metros en el Anboto

¿Guerra sucia o gamberrada macabra? 25 años de la tragedia del Txioka

Turista sionistek mehatxuak egin zizkieten Palestinaren aldeko manifestariei Iruñean
