
Jai hasiera ofiziala uztailaren 6an izango bada ere, asteburu honetan musika eta dantza ikuskizunak izango dira nagusi herriko hainbat txokotan. Horien artean, nabarmentzekoa da ostiral honetan bertan Lesakako Musika Bandak Pepito Yanci akordeoilari famatuaren omenez atera duen diskoaren aurkezpena. Gaueko 22.00etan hasiko da emanaldia Albistur kalean eta bertan Euskal Herria osotik etorritako akordeoilariek ere parte hartuko dute gonbidatu gisa. Egun honetan, baita ere, Udalak bere izena jarriko dio Pepito Yanci jaio zen kaleari.
Larunbat eta igande arratsaldean dantza taldeen txanda izango da eta astelehenean, goizean goiz, Lesakako erraldoi eta buruhandiak, txistulariak, trikitilariak eta Elutxa txaranga aterako dira kalez-kale. Txupinazoa, eguerdiko 12.00etan izango da Herriko Etxean eta aurten Luis Mari Olaetxea Altzugarai arduratuko da suziria aireratzeaz. 68 urteko herriko seme hau buru-belarri jardun da azken urteetan inguruetako bide zaharrak berreskuratzen, egurrezko zubiak egiten eta urbideak garbitzen, beti ere beste herritar batzurekin auzolanean.
Behin altxaferoa botata, jai-giroa zabalduko da herrian sei egunetan zehar, hurrengo larunbatera arte hain zuzen. Astelehenean bertan bi danborrada ospatuko dira, haur ttikiena eguerdian eta helduena arratsaldeko 20.00etan. Eguna amaitzeko, Jon Koldo Gudariak eta Zilibito Records taldeen emanaldiak izango dira plaza zaharrean.
Uztailaren 7an Fermin donearen eguna ospatuko dute lesakarrek ezpatadantzarien meza ixilarekin hasita. Meza nagusiaren ondoren, Udalbatzak, ezpatadantzariek eta musika bandak prozesioa egingo dute eta, segidan, Onin errekaren bi aldeetan egiten den Zubigainekoa dantza ikustera joango dira. Arratsaldean, bertso saioa izango da Arrano elkarteak antolatuta, eta ondoren Larrain Dantza, zezensuzkoa eta Rockalean taldearen emanaldi ibiltaria.
Uztailaren 8an, asteazkena, peñen eguna ospatuko dute, ostegunean haurren eguna, ostiralean herritarren eguna eta larunbatean jaien amaiera izango da “Gaixoa ni” ekitaldiarekin.
Txozna gunean ere egitarau zabala prestatu dute datorren asteburuan. Horrela, ostegunerako gazte bazkaria eta Pettiren emanaldia daude iragarrita, ostiralerako DJ emanaldiak eta, larunbaterako, kontzertuak eta DJak arratsaldez eta gauez.
Bisitarien joan-etorriak errazteko asmoz, autobus zerbitzu bereziak izango dira datorren ostiralean eta larunbatean (uztailak 10 eta 11) Arantza, Igantzi eta Etxalartik, baita Beratik ere, eta itzulerakoak orduro izango dira Lesakako suhiltzaile parketik, goizaldeko 3retan hasita.
Burundesa eta Baztanesa konpainiek ere zerbitzu bereziak ezarri dituzte ostiral, larunbat eta iganderako Donostia, Irun eta Lesaka artean.
Informazio honen babesleak: Arrano ostatua, Lesakako txoznak.

EHUko errektorearen aurka esandakoak zuzendu ditu Antxustegik (EAJ): «Hanka sartu nuen»

La ‘cabeza de Baco’ sustraída por un ex alto cargo del PNV llega 50 años después al museo Bibat

Una correctora corrobora que el sistema es «muy garantista» y se puede «sacar un cero y menos»

Salud desaconseja el baño en 11 playas de Bizkaia y Gipuzkoa por la calidad del agua
