Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Milly Young australiarrak errekor handia ezarri berri du Cervinon

Cervinia-Cervino-Cervinia lotzen emakume azkarrena bihurtu da 5 ordu, 17 minutu eta 43 segundoko kronoa egin eta gero. Lion ertza aukeratu zuen FKT edo ezagutzen den denbora azkarrena sinatu ahal izateko.

Milly Young Cervinoko gailurrean; australiarrak errekor berria ezarri du.
Milly Young Cervinoko gailurrean; australiarrak errekor berria ezarri du. (Milly Young)

Cervino edo Matterhorn (4.478 m), mendi ikonikoa zein estetikoa izateaz gain, FKT edo ezagutzen den denbora azkarrena kontzeptuaren jarraitzaileen artean berezia da oso.

Espezialista asko ikusi ditugu errekorren atzetik, baina guztien artean bada bat estralurtarra dena: Kilian Jornet. Duela hamahiru urte, kirolari katalanak krono izugarri «eroa» sinatu zuen. Oso zaila da egin zuen denbora barneratzea, batez ere kontuan hartzen badugu Jornetek Cervinia-Cervino-Cervinia ibilbidea lotu zuela 2 ordu, 52 minutu eta bi segundotan. Katalanak Lion ertza aukeratu zuen jarduera ikusgarri hori egiteko. Hornli ertza izaten da mendizale gehienen bidea Cervino igotzeko; udaran ilara luzeak egoten dira. Lion, berriz, azkarragoa da, eta, besteak beste, horregatik ibilbide ohikoena izaten da FKT berriak ezartzeko.

Jornet, beraz, errekor absolutuaren jabe da, baina joan den 22an Milly Young katalanaren «kutxara» igo da emakumezkoen artean denbora azkarrena egin eta gero. Korrikalari australiarrak ere Lion ertzean jardun zuen, eta aurreratuko dugu aurreko errekorra txikitu duela.

Youngek 5 ordu, 17 minutu eta 43 segundotan egin zuen Jornetek erabilitako ibilbide bera. Hortaz, Emelie Forsberg suediarrak zuen denbora (5:51:35) 34 minutuan hobetu du.

Chamonixen bizi den 35 urteko australiarrak aurreratu du kondizio ia perfektuak izan zituela: «Oro har esan dezaket jarduera biribila egin nuela. Argi neukan errekor berria ezartzeko aukerak nituela, eta nire burua, hankak eta birikak lerrokatuta zeuden. Ia erabateko harmonia edo oreka sentitu nuen».

Arrakasta

Joan den 9an, Lion ertza eskalatu eta gero, Young prest zegoen benetako ekinaldia egiteko. 22an, berriz, goizeko11:30ean, Cerviniako elizatik irten zen. Ez zen oso goiz abiatu, besteak beste, ertz horretan dauden soka finkoetan eta tarte teknikoetan izaten den mendizale pilaketa saihesteko eta gailurra beranduago egiteko: «Ibilbidearen eta kondizioen berri nuen. Orientazioa edo eskalada ez da nahasia; hala ere, mendia gehiago ezagutzeak lagunduko zidan benetan jakiten noiz estutu eta noiz eutsi, batez ere jaitsieran».

Lasterkari australiarrak ia bide guztia bakarrik egin zuen. Abruzzi aterpearen eta Carrel bibakaren artean soilik Rhys MacAllister bikotearen babesa jaso zuen: «Rhysek ertzaren goialdean erritmoa markatzen lagundu zidan. Cervinoko igoera 3 ordu eta 22 minutuan egin nuen. Jaitsieran, berriz, errekor berria saiatzen ari zen Nadir Maguetekin zeharkatu nintzen. Ez zuen Jorneten kronoa gainditu. Gogorra egin zitzaidan jaitsiera; izan ere, Carrel bibaketik aurrera ez nuen ura eta karbohidrato nahikorik. Alabaina, orokorrean joan-etorri hori ondo joan zen».

Amaitzeko, Youngek esan du oso eskertuta dagoela Emilie Forsbergekin duela 13 urte emakumeen FKT horretarako bidea irekitzeagatik: «Irrikan nago ikusteko emakumeek zer egin dezaketen gehiago mendi honetan».