Markel Garzon Goitia
Aktualitateko erredaktorea

Orio izan da azkarrena Hondarribian eta lidertza sendotu du

Hamargarren bandera irabazi du Oriok eta horrela jarraipena eman dio denboraldi honetako ibilbide bikainari. Hondarribiak oso gertu izan du etxean garaipena ospatzeko aukera, baina zilarrarekin konformatu behar izan da. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik eman.

Oriok hamargarren bandera lortu du, Hondarribiko uretan.
Oriok hamargarren bandera lortu du, Hondarribiko uretan. (Jon URBE | FOKU)

Kolpe latza jaso zuten zapatu iluntzean oriotarrek, Oihane Mateos EITBko kazetaria 45 urterekin hil zela jakitean. Zazpi urtetan (2006-2013) Orioko Arraun Elkarteko zuzendaritza taldeko partaidea izan zen Mateos eta, haren omenez, 
Hondarribiko 39. Bandera astindu dute. Nagusitasunarekin irabazi dute eta, hori ez ezik, erakutsi dute ez dutela aurkaririk, oraingoz.

Lehenengo txandan Getaria, San Juan, Chapela eta Ares lehiatu dira. Getaria izan da buruan hasierako palakadatik amaieraraino. Gainera, alde handia atera die gainontzeko traineruei; hirugarren luzean 18 segundo atera dizkio Chapelari, 19 segundo Aresi eta 25 segundo San Juani.

Azken horiek zorte txarra izan dute bigarren ziabogari buelta ematean, San Juan taldeko aurrelariak oker sartu du arrauna eta ihes egin dio; segundo dezente galdu dituzte, beren kaltetan. Horren ondorioz, Chapela eta Ares aurreratu egin dira.

Gozatu dute getariarrek estropada, ez baitute areriorik izan eta 20:29:51 denbora erregistratu dute. Sekulako tarteak atera dituzte: 25 segundo Aresi, 20 Chapelari eta 43 San Juani. Haserre handia nabari zen azken arraunlari hauen artean.

Hondarribia, erakustaldia etxean

Etxeko ontziaren txanda zen bigarren botaldian. Ama Guadalupekoarekin batera, Lekittarrak, Urdaibaik eta Santurtzik osatu dute txanda. Getariaren legez, Hondarribia jaun eta jabe izan da uretan.

Etxekoen berotasunak eragina izan du Hondarribikoentzat, baina, ororen gainetik, erakutsi dute inork baino hobeto ezagutzen dutela itsasoko eremu hau. Izan ere, Lekittarrak, haren atzetik ibili ez ezik, euren ibilbidea eta arrastoari jarraiki osatu du azken luzea.

Azken arraunkadetan, emozioz beteriko lehia oparitu dute Lekittarrak eta bermeotarrek, segundo eskas bateko aldea izan baitute une oro. 20:15:88 denborarekin iritsi da Hondarribia, lehengo txandakoak baino azkarrago. Azkenean, Lekeitioko ontzia gailendu da bermeotarraren aurretik, eta laugarren postuan gurutzatu du helmuga Soterak.

Orio, azkarrena

Donostiarra, Orio, Zierbana eta Ondarroa aritu dira ohorezko txandan. Orio buruan jarri da lehen metroetatik, eta aldea handituz joan da. Lehen ziabogan 4:42 minutuko marka erregistratu du Ama Guadalupekoa traineruak, Oriok, aldiz, 4:40. Hortaz, aurreikusita zegoen moduan, erronka gogorra izango zuen Oriok.

Izan ere, Gorka Aranberri, Orioko patroia, hondarribiarren denbora gogoratzen zihoan. Maila bikaina erakutsi dute hurrengo luzeetan, erritmoa mantenduz. Atzetik, baina hamar segundoko aldearekin, Zierbena izan du traineru horiak. Donostiarra, hirugarren, eta, oso atzetik, Ondarroa. Bezperan, ordea, hirugarren postua eskuratu zuten azken hauek.

Erlojua eta Orio. Orio eta erlojua. Hortxe zegoen bataila. Esfortzu handia eginez, eta liderraren giharra erakutsiz, garaipena eskuratu du 20:06:70 denborarekin, Hondarribia baino hamar segundo lehenago helmuga gurutzatuta. Nabarmentzeko modukoa izan da euren aurkariei atera dien aldea: 15 segundo Zierbenari, 26 Donostiarrari eta 48 Ondarroari. Ezbairik gabe, une gozoa bizi dute oriotarrek.

Hondarribiko 39. Bandera

1. Orio (20:06:70)
2. Hondarribia (20:15:88)
3. Zierbena (20:21:50)
4. Getaria (20:29:42)
5. Lekittarra (20:32:22)
6. Urdaibai (20:32:28)
7. Donostiarra (20:32:74)
8. Ares (20:54:42)
9. Ondarroa (20:54:78)
10. Santurtzi (20:55:94)
11. Chapela (21:00:08)
12. San Juan (21:13:36)

Sailkapen Orokorra

1. Orio (145 puntu)
2. Zierbena (122 puntu)
3. Urdaibai (111 puntu)
4. Getaria (108 puntu)
5. Hondarribia (105 puntu)
6. Donostiarra (99 puntu)
7. Ondarroa (76 puntu)
8. Lekittarra (69 puntu)
9. Santurtzi (54 puntu)
10. San Juan (50 puntu)
11. Ares (37 puntu)
12. Chapela (37 puntu)