Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Estutasunean ere distirarako tartea atera du ‘Lugañenek’, Zarautzen lehen urratsa emateko

Arraun Lagunak-ek urrats handia eman du Zarauzko lehen estropadan, denboraldiko 15. bandera irabazteko bidean. 2024ko banderen errekorra errepikatzea eskura dauka eta orduko garaipen kopurua handitu lezake bihar. 

Nagore Osoro Arraun Lagunak-eko patroia, garaipena ospatzen.
Nagore Osoro Arraun Lagunak-eko patroia, garaipena ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Estutasunean ere bere onena ateratzea lortu du Arraun Lagunak-ek. San Juan izan da ‘Lugañeri’ estutu diona, lehendabiziko luzean aurrea hartu ostean. Ziabogan ederki lehiatu dira biak –Tolosaldeak aukera guztiak galdu ditu orduan– baina itzulerakoan aldeak egonkorrago aritu dira donostiarrak eta behin aldeak zabalduta, garaipena ederki defendatu dute. 

Hiru segundoko aldearekin gailendu da Arraun Lagunak eta beraz, Zarauzko Ikurrinerako lehia irekita dagoela esan daiteke. Dena dela, aurten Etxaberen taldea erakusten ari den nagusitasunarekin, abantaila nahikoa izan daiteke ‘Lugañerentzat’. 

Garaipen honekin, 2024ko garaipenen errekorra berdindu du Arraun Lagunak-ek eta, pasa den astean Euskotren Liga ziurtatuta, erronka bezala izango du Zarauzko bigarren jardunaldia ere irabaztea, orduko marka hautsi eta erregistro berria jartzeko. 

Lehen kaletik aterata, «estropada salbatu» dutela adierazi du Nagore Osoro patroiak, ETBri emandako adierazpenetan. Bueltako estropadarako, zikin zegoen eremua eta ondarroarrak aipatu du ez dakiela sekula «hain trabes» zuzendu duen trainerua Zarautzen: «Getaria ematen zuen». 

Estropada benetan interesgarria osatu zuten ohorezko txandako lau traineruek. San Juanek eman zuen lehen ezustekoa. Hasierako txanpan lau segundo galduta, gutxika-gutxika erritmoa hartzen joan da. Lehendabizi Tolosaldeari pasatzeko eta ondoren, Arraun Lagunak-i harrapo eta hau ere atzean uzteko. Ziaboga hartu aurreko bi minutuetan, ‘Lugañene’ baino segundo azkarrago aritu da. 

Ziabogan nor gailenduko, biek ala biek hartu egin dute maniobra bikaina eta emozioa pil-pilean jarri da. Orio ere defenditu da eta ‘outsider’ moduan kokatu da, 5-6 segundoko aldearekin. Tolosaldea erori da ziabogan, kanporantza joan baita. Larroxak eta ‘Lugañene’ parez pare, ligako liderrak hortzak estutu ditu, ontzia egonkortu eta helmuga begien artean jarrita.

Esperientziak ere laguntzen du horrelako itsasoetan, ipar-ekialdeko haize deserosoa jotzen daukazula. Halako batean, desegonkortasun apur bat sumatu du San Juanek eta segituan galdu ditu hiruzpalau segundo. Lortu du halere suspertzea eta helmugatik gertu, estualdia eraman dute donostiarrek. «Oraindik ere nekatuta nago», onartu du Osorok behin estropada bukatuta, garaipenaren irribarrea ahotik ezin kenduta. 

Hiru segundoko aldearekin irtengo dira igandean, Zarauzko ikurrinaren bigarren jardunaldian. Ohorezko txandan ere ez da aldaketarik emango, gaur lehiatu direnek lehen txandakoek baino denbora hobea egin baitute. 

Lehen txandan, estatxarekin lanak

Katramilatsu hasi dute lehen txanda lau traineruek, estatxa ezin eutsita eta ontzia ezin zuzenduta aritu baitira 10 minutu pasatxo. Zumaiak ohartarazpena ere jaso du, nahiz eta lau ontziek izan gorabeherak. Trainerua hala moduz zuzendu ondotik, Hibaika, Astillero eta Donostiarraren arteko lehia izan da lehen luzean. Zumaia azkar geratu da atzean eta azken postu honekin matematikoki galdu du maila. 

Ziabogaren ostean, Astillerok kanpoko kalearen baldintzak ondo probestu ditu Hibaikari aldea irabazi eta estropadaren puntan nabarmentzeko. Hibaikak nahikoa lan izan du itsaso zikinean, barneko kalean –kasik 0. kalera joanda–, ontzia egonkortzeko eta azkenerako, Donostiarraren atzetik helmugaratu da, bi segundora.