
Alardearen bezperan, Hondarribian elkarrizketa-guneak zaintzeko eskatu du Emakundek, baita duela 30 urte emakume talde batek desfilean parte hartzea erabaki zuenetik egin diren aurrerapenak sendotzeko ere, bazterketarik gabeko jaia helburu. Miren Elgarresta institutuko zuzendaria eta Noemi Ostolaza idazkari nagusia ospakizunean izango dira, berdintasuna bermatzen duen Jaizkibel konpainia babesten.
«Ezin dugu ahaztu eskubide eta berdintasun arazo batez hitz egiten ari garela, eta azken helburua emakumeek jaiaz gizonen baldintza berberetan, inolako bazterketarik gabe, gozatu ahal izatea izan behar duela, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea errespetatuz», oroitu du. Ildo horretatik, elkarrizketaren garrantzia azpimarratu du «hausturan ez baizik eta kohesioan sakontzeko».
Belaunaldi berriek etorkizun berdinzaleagoaren alde duten ikuspegiak emakumeen eskubideak errespetatuko dituen jai bat lortzen laguntzea espero du Emakundeko zuzendariak. Horregatik, haiei lekua ematea defendatu du, jendartea benetako berdintasunerantz eraldatu ahal izateko, eta bide horretan laguntzeko prest azaldu da.
Arartekoak, agintariei adore
Estefania Ocariz Arartekoaren ondokoa ere Hondarribian izango da astearte honetan, erakundeak «irmo babesten duelako emakumeek Alardean askatasunez eta berdintasunez parte hartzeko duten eskubidea».
Alardea bakean eta jai giroan ospatu ahal izatea espero du, errespetuzko eta bizikidetzako giroan. Eta, aldi berean, emakumeek ospakizunetan benetan askatasunez eta berdintasunez parte har dezaten urratsak eginez. Hala, agintariei adore ematen die «parte-hartzea, elkarrizketa eta elkar ulertzea sustatzen jarrai dezaten, ondare komuna partekatuz benetako berdintasunerantz aurrera egiteko».
«Gure tradizioak gizarte baten eta haren balioen esparruan izandako bilakaeraren emaitza bizia dira, eta tradizio horiek zaintzeko eta balioesteko, aurrera egin behar da, berdintasun printzipioen arabera», azaldu du Ocarizek.
LAB, eskari zehatz batekin
30 urte igaro dira Irun eta Hondarribiko emakume batzuek gizonek dituzten eskubide berberak bere egin eta euren herrietako alardeetan parte hartzen saiatu zirenetik, hots, emakumeek ere jaietan modu aktiboan parte hartu ahal izateko bidea hartu zutenetik.
LABek azpimarratu duenez, ekintza hark pauso bat gehiago ekarri zuen emakumeen eskubideen aldeko borroka feministan, «emakumeen* parte hartze librerik gabe jaiak ez direlako ez parekideak, ez askeak. Kaleak emakumeenak* ere badira; horregatik, egunerokoan eta jaietan libre izateko eta ibiltzeko emakumeen* eskubide osoa aldarrikatzen dugu. Ezin dugulako onartu halako diskriminaziorik espazio publikoan, ezta emakumeen* aurkako halako biolentziarik ere», aldarrikatu du sindikatu abertzaleak.
«30 urtez ukazio, gatazka, biolentzia, irain eta ezeztatze politikoa ezagutu dugu eta, oraindik ere, ez da konponbidearen bidean jarriko gaituen ekinbide argirik egin Irunen. Hondarribian ere ekimenak ez dira sekulakoak izan», egin du balantzea.
«Azken urteetan izan den udal Gobernu berriak aurrerapauso txikiak egin baditu ere, Alarde baztertzaileak, eta horiek babesten dituzten alderdi politiko eta enparauak, emakumeak* espazio publiko eta politikoan normaltasunez aritzearen kontra dabiltza urterik urte. Esku-hartze garbirik egon ez izana, bere horretan, emakumeen* zapalkuntzari gorazarre egitea da eta, beraz, klase zapalkuntza betikotzea», salatu du.
Aldiz, «Irunen ez bezala, Hondarribian aldaketarako zenbait urrats izan dira azken hiru hamarkadetan borrokan aritu diren emakumeei* esker».
Sindikatuak oroitu duenez, 2023ko udal eta foru hauteskundeen ondoren, Hondarribian, EAJren gotorlekua izan den herrian, aldaketarako aukerak zabaldu ziren. Hala ere, balizko normaltasun baterako bidean urrats txikiak eginagatik ere, azken asteetan jasotako berriek argi utzi dute, aurtengoan ere, mugimendu feminista dela, oraindik ere, «eraldaketaren ikur nagusi eta bakarra».
LABek Jaizkibel konpainiari elkartasun osoa helarazi nahi dio. Era berean, ekidinezina den parekidetasuneranzko bidean trabak jartzen dituzten antolakunde erreakzionarioen jarrera baztertzaileei gaitzespen gogor eta irmoa egin nahi die.
Argi du aldaketa bazterketa sustatzen duten horiek egin behar dutela eta, haien jarrerak berdina izaten jarraitzen badu, mugimendu feministaren koordenadetatik abiatutako esku-hartze instituzional irmoa egon behar dela. Beraz, eskaera zehatza egin du: «Alardea Udalak antola dezan bidea berreraiki beharra dago eta, era berean, feminista bilakatzeko behar beste baliabide jarri behar dira».

Hasta seis agentes de la Policía Local de Santurtzi redujeron violentamente a Ander Sáenz

La guerrilla sentimental de Silvio Rodríguez

Los guardias civiles que crucen por la «pasarela» cobrarán más que los policías forales

«Euskal Herria Irabaztera!» irten dira milaka lagun Ernairen mobilizazioan


