NAIZ

Hazparnen hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, irailaren 19an

Irailaren 19an Hazparnen hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Azpeitian egin dute aurkezpena eta dena prest dago dagoeneko. Lehen saioko sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian eta geratuz gero, egunean bertan leihatilan eskuratzeko aukera ere izango da.

Aurkezpeneko parte hartzaileak, Azpeitian.
Aurkezpeneko parte hartzaileak, Azpeitian. (Ekaitz ZILARMENDI)

Hastear da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa eta aurkezpen ekitaldia egin dute ostegun honetan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, bertan elkartu dira bertsolariak, gai-jartzaileak, epaileak eta antolatzaileak. Txapelketa irailaren 19an hasiko da, Hazparnen, eta sarrerak salgai daude dagoeneko bertsosarrerak.eus atarian. Sarrerarik geratuz gero, egunean bertan ere izango dira leihatilan.

Ekitaldia hasi aurretik, Irati Antia Zuaznabar aurtengo Txapelketako iruditeria zuzenean serigrafiatzen aritu da, eta Malen Agirre Sarasua finaleko eszenografia margotzen. Bilaka dantza taldeak eman dio hasiera ekitaldiari, publiko artetik oholtzara egindako dantzarekin.

Aurkezpenak izan du bertsotik ere. Andoni Egañak Makazagak pare bat bertso eskaini dizkie Txapelketan parte hartuko duten bertsolariei, eta ekitaldiaren amaieran berriz hartu du hitza bertsotan. Antton Telleria Lopetegik egin ditu gidari lanak, eta umorea ere ez da falta izan: Adarbakarra taldeak Euskal kulturaren kolonoskopia sketcharen zati bat eskaini du lehenik, eta kantuan ere aritu da ondoren.

Ainhoa Urien Telletxek ere, lehendakaritzaren izenean hartu du hitza, Txapelketan zehar lehendakaritza taldea osatuko duten Ander Elortegi Garatea eta Xabi Igoa Erizekin batera.

Ekitaldiaren amaieran entzun da lehen aldiz 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako sintonia. Lumik (Nahia Zubeldia Arozena eta Manu Matthys Dottax) sortu du aurtengo sintonia, eta Bilaka dantza taldeak dantzaz lagundu du aurkezpena.

Bertso saio bat hastera zihoan moduan amaitu da ekitaldia: sintonia entzunda, protagonistak elkartuta eta Txapelketa abiatzeko dena prest.