Coixeten alde ezkutua ezagutzeko aukera San Telmo museoan

Filmak eta dokumentalak egiteaz gain, Isabel Coixetek collageak egiten ditu askotariko irudi, kolore eta esaldiekin. Une bakoitzean bizi duena islatzeko asmoz, piezaz pieza osatu du «Kaosaren diziplina» izenburua duen erakusketa. San Telmon dago ikusgai. 

Coixet «Isabel Coixet. Kaosaren diziplina. Collage» erakusketa aurkezten.
Coixet «Isabel Coixet. Kaosaren diziplina. Collage» erakusketa aurkezten. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zinemako alfonbra gorrietatik museoetako korridoreetara igaro da Isabel Coixet artista katalana eta “Isabel Coixet. Kaosaren diziplina. Collage” erakusketa aurkeztu zuen San Telmo museoan joan den ostiralean, eta azaroaren 1era arte izango da bertan ikusgai.

Ibilbide zinematografikoarekin batera garatu du bere sortze lanaren alderdi hau, nahiz eta ezezagunagoa izan. Erakusketan 60 piezatik gora ikusteko aukera izango da, denak zinemagilearen bizitoki izandako hiru hiritan sortutakoak: New York, Erroma eta Montolieu.

Collage teknika erabiliz sortzen du bere artea Coixetek; aurkezpenean aitortu zuenez, beste arlo batzuetan zailtasunak topatu izan dituelako: «Ez dut inoiz ondo marrazten jakin, eta nik uste dut trauma horrek eraman ninduela zinemara, baita collagera ere». Hala ere, adierazi zuen azken aldian pixkanaka ari dela berak egindako marrazki batzuk bere lanetan gehitzen, nahiz eta beti «beste irudi batzuekin tapatzen» dituen.

Lan horiek egiteko, liburuak, aldizkariak, eta argazkiak erabiltzen ditu, besteak beste. Batzuetan berriagoak, zaharragoak besteak; etxean dituenak, kalean topatzen dituenak edo jendeak ematen dizkionak. Bere esanetan, hainbeste paper bildu ditu collageak egiteko, ezen bere bulegoa kaosa baita: «Collage egile profesionalek sailkatuta izaten dute, nik dena nahastuta daukat eta kaos horretan aurkitzen dut diziplina moduko bat; eta hortik dator erakusketaren izenburua».

San Telmo museoko gelan eskuz zein era digitalean sortutako 65 collage ziren aurkezpen egunean, baina, nolanahi ere, gaurtik aurrera 66 izango dira. «Pieza bat nire bulegoan ahaztu dudala ohartu ginen lan bakoitza bere tokian jartzen ari ginenean, ziurrenik handiena dena ahaztu dut, gainera», azaldu zuen barre artean artistak.

Irudiz, kolorez eta esaldiz bete du Coixetek museoko gela; sortzeko unean sentitu eta bizitzen ari zena adierazten duten piezak dira. Guztiek irudi ezberdinak dituzte, eta denek dute esaldi bat. «Niretzat piezak ez daude erabat bukatuta, harik eta esaldi bat aurkitzen dudan arte. Batzuetan, piezarekin kontraesanean dagoena izaten da, paradoxara eramaten duena, beste batzuetan; laguntzen diona, edo, zenbaitetan, itxuraz, laguntzen ez diona, baina, nire ustez, beti laguntzen dio», azaldu zuen Coixetek.

Teknikaren inguruan ere aritu zen tarte batez artista, eta azaldu zuen beldurrik ematen ez duen diziplina dela collagea: «Haurrek oso irisgarria dela ikusten dute eta, batez ere, oso entretenigarria da. Gurasoei gomendatzen dizuet, ez baitute zertan guraizerik edo kolarik erabili, paperak apurtu daitezke eta urarekin itsatsi, adibidez».

MADRILDIK DONOSTIARA

Susana Sotok, San Telmo museoko zuzendariak, aurkezpenean kontatu zuen iaz Madrilen ezagutu zutela erakusketa: «Thyssen-Bornemisza museoan aurkeztu zen, eta argi ikusi genuen aukera bikaina zela Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean Donostiara ekartzeko». Madrilen ikusgai izan ziren piezez gain, beste batzuk gehitu ditu Coixetek hona ekartzeko.

Jose Luis Rebordinosek ere hartu zuen parte agerraldian. Aditzera eman zuen, zinemarekin hain lotuta dagoen artista baten lanaren berri izan zutenean, argi izan zutela Zinemaldiaren datetan “Kaosaren diziplina” ikusgai nahi zutela. Ana Lopez Loyarte Donostiako Gobernantza Irekiko eta Kulturako zinegotziak azpimarra jarri zion erakusketa eta Isabel Coixet bera bertan izatearen ohoreari; eta jendea gonbidatu zuen bisitatzera.