
Bilboko Zazpikaleetan murgilduz gero, Cabecita de Ajo dendarekin egin dezakegu topo, produktu deigarriz eta anitzez betetako saltokia. Alde Zaharreko garai bateko pertsonai maitatu baten ezizena daraman negozioa ez da souvenir denda bat, oroigarri moduan balio dezaketen produktuak saltzen dituen arren. Izan ere, inguruko sortzaileen plaza bat da concept store hau, bezeroek haien lana aurrez aurre ezagutu dezaten. «Askotan ez dute merezi duten ikusgarritasunik edo ez da erraza haien lana aurkitzea. Eta, egia esan, kalitate eta diseinu aldetik lan zoragarriak egiten dituzten sortzaile asko ditugu inguruan», dio Ander Lantaron Fernandez dendaren jabeak.
Ehun artista, artisau eta marka independienterekin baino gehiagorekin egiten dute lan gaur egun, askotariko disziplinak lantzen dituztenak: bitxiak, zeramika, ilustrazioa, dekorazioa, osagarriak… Azken finean, Cabecita de Ajoren helburua «inguruko sormen eta talentu hori erakusleiho berean biltzea da». Lantaronen ustez, produktu mota desberdinek dute arrakasta, eta aniztasun horrek egiten du denda erakargarri.
Bezero gehienak bilbotarrak, bizkaitarrak edo euskaldunak dira, baina turistak ere ongi etorriak dira, horiek salmenta guztien %10a besterik ez badira ere. Bestalde, bertako bezeroei dagokionez, badira batzuk astero gerturatzen direnak nobedadeak ikustera. «Guretzat garrantzitsua da sortzaileek ere probatzea, aldatzea eta diseinu berriak proposatzea, dendan beti gauza berak ez saltzeko. Etengabe berritzen joatea funtsezkoa da», azaldu digu jabeak.
Laguntza ondo formatzeko
Etengabe berritze hori ere bere buruari aplikatzen dio Lantaronek, alegia, formakuntza ez du alde batera utzi, eta Euskal Retail Eskolak eskaintzen dituen ikastaroetan parte hartzen du. Aurten bigarren urtea izan da. «Lehenengo aholkularitza negozio-estrategiari buruzkoa izan zen. Nire estrategia egokia ote zen ikusi nahi nuen, nahiz eta aurretik negozio-plana egina nuen Bilbao Ekintzarekin», dio.
«Benetan pribilegio bat iruditzen zait horrelako aholkularitza pertsonalizatuak eta guztiz diruz lagunduak jaso ahal izatea»
Haiekin izandako esperientzia ere ona izan zen, lehen pausoak ematen eta negozioa martxan jartzen lagundu ziotelako. Lehenengo urtea igaro zenean, ordea, zalantzak sortzen hasi zitzaizkion ea gauzak ondo egiten ari zen, ea lortutako emaitzak egokiak ziren eta ea hobetu ahal zuen, eta Retail Eskolaren laguntzarekin gako horiek identifikatu ahal izan zituen, hobetzen jarraitzeko.
Bigarren aholkularitza pertsonen kudeaketari buruzkoa egin zuen. «Niretzat erronka berri bat zen langileak kontratatzea eta talde bat kudeatzea. Gaur egun, hiru laguneko taldea gara dendan, eta prozesu osoan lagundu zidaten: lan-eskaintza prestatzen eta zabaltzen, kontratazioan, pertsona berriaren prestakuntzan eta lehenengo ebaluazioetan, besteak beste», argitu digu.
Hamar ordu irauten duten aholkularitza horietaz gain, Retail Eskolak antolatzen dituen beste hainbat ikastaro, mahai-inguru eta jardueratan ere parte hartu du Lantaronek. «Benetan pribilegio bat iruditzen zait horrelako aholkularitza pertsonalizatuak jaso ahal izatea, guztiz diruz lagunduak gainera. Urteetako esperientzia duen aditu bat zure negoziora etortzea, lehenik zure egoeraren azterketa egitea, ondoren hobetu daitezkeen puntuak proposatzea eta, azkenik, zuk zeuk horiek praktikan jartzea… oso lagungarria da. Gainera, ez dira aholku orokorrak: zure negozioari eta zure errealitateari egokitzen zaizkio», aipatu digu Cabecita de Ajoren nagusiak.
Bere ustez, enpresa txiki bat martxan jartzen duzunean, askotan, zure kabuz ikasi behar duzu eta laguntza profesional hori jasotzea oso baliagarria izan zaio. Izan ere, ikasitako guztia praktikan jartzen du bere dendan, egunero. Bere iritziz, aholkularitzarik gabe prozesua askoz zailagoa izango zatekeen.

Iparragirre eta Paroten gradu-progresioen helegiteek «mendekua» dute oinarri Sareren arabera

Zupiria dice que en las fiestas del Carmen los agredidos fueron los ertzainas

Vitero completa en Gasteiz las ocho candidaturas de EH Bildu; siete repiten y seis son mujeres

Un local hostelero reclama 50.000 euros a una asociación de Abando por sus quejas vecinales
