
Bost egunez luzatuko den egitarauak tradizioa, musika, kultura, kirola, gastronomia eta belaunaldi guztientzako aisialdia uztartuko ditu. Aurten ere, programaren ezaugarri nagusietako bat herritarren parte-hartzea izango da; izan ere, Festa Batzordeak elkarlanean osatu du egitaraua, auzokideen proposamen eta ekarpenetatik abiatuta eta Udaleko Kultur Sailaren laguntzarekin.
Txupinazoa ostegun honetan bertan botako dute, arratsadelko 19.00etan, festarako deia egingo duten ezkil-jotze eta txalapartaren ondoren. Aurten, txupinazoa botatzeko ardura izango dutenak Ilargi taberna, Galburu okindegia eta Lanbroa liburudenda dira, horiek jaso baitute boto gehien herritarren artean egindako bozketan.
Horrela, festen hasierarekin batera, herriak omenaldi txiki bat egingo dio tokiko merkataritzari, urte luzez egindako lanagatik eta Lekunberriko eguneroko bizitzari egindako ekarpenagatik.
Musikak presentzia berezia izango du aurtengo egitarauan, eta zuzeneko musikaren aldeko apustua izango da 2026ko festen ezaugarri nabarmenetako bat. Hitzordu nagusietako bat urriaren 11n, igandean, 23:00etan herriko plazan izango da, bertan, Streetwise eta Süne taldeek kontzertu bana eskainiko baitute. Ondoren, DJ Trio de Janeiro arituko da.
Baina musika ez da gau bakarrera mugatuko. Ostegun honetan, txupinazoaren eguneko gaua Muxutruk taldearen dantzaldiarekin eta DJ Oixanirekin amaituko da; ostiralean Oxabi eta DJ Jaikide ariko dira; larunbatean Elektrotxufla elektrotxarangak kaleak girotuko ditu eta gauerdian DJ Eneko & Izzei izango dira herriko plazan; eta astelehenean Joselu Anaiak taldearen dantzaldia izango da.
Horiez gain, txarangak, txistulariak, fanfarreak, batukadak eta bestelako musika-formazioak kalez kale ibiliko dira festetako giroa egunero elikatuz.
Adin guztientzako egitaraua
Festa Batzordeak adin eta publiko guztientzako proposamenak bildu ditu programan, txikienetatik hasi eta gazte, heldu eta adinekoetaraino.
Jaietako lehen egun honetan, besteak beste, jubilatuen meza eta bazkaria, kuadrillen arteko herri kirol desafioa, txupinazoa eta gazte afaria izango dira.
Ostiralean, urriak 9, haurren eguna eta herri bazkariaren eguna izango da. Goizean 2025ean jaiotako haurrei ongietorria egingo zaie eta txupinazo txikia ospatuko da. Puzgarriak, haurrentzako jolasak eta txu-txu trena ere izango dira egun osoan.
Larunbatean, berriz, haurren krosa, haurrentzako puzgarriak, Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa, 4×4 Trial erakustaldia eta 12 eta 16 urte arteko gazteentzako laser-ball jolasak izango dira, besteak beste. Arratsaldean magia ikuskizuna eta bertso-saioa ere izango dira. Azken horretan Julio Soto, Haira Aizpurua, Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal ariko dira.
Igandean erraldoi eta kilikiak, kantuz, pilota profesionala, AtsaldeON!, Xaibor diskofesta eta gaueko kontzertuak uztartuko dira. Astelehenean, Pilar egunean, bandera-dantza, Tirikitrauki dantza taldearen emanaldia, Beigorri parkeko eta rokodromoko jarduerak, pilota eta Joselu Anaiaken dantzaldia izango dira.
Aurtengo egitarauko hitzordu jendetsuenetako bat ostiraleko herri bazkaria izango da berriz ere. Urteko topagune nagusietako bat bihurtu da, eta aurten ere belaunaldi desberdinetako lekunberritarrak mahai beraren inguruan biltzea espero da, festen izaera herrikoia eta parte-hartzailea indartuz.
Gastronomiak asteburuan ere protagonismo handia izango du. Larunbatean tortilla txapelketa egingo da, eta igandean kalderete txapelketa.
Informazio honen babesleak: Lekunberriko Udala, Lekuonberri taberna.

Ha cambiado el viento y, si se acierta, no es imposible ganar el pulso a la derecha

Pide judicialmente no repetir curso con tres suspensos, tras la polémica resolución de la PAU

Sánchez, Abdul-Jabbar y una carrera por la pole entre EH Bildu y PNV

29N: Sánchez adelanta elecciones con la vivienda como ventana de oportunidad contra la derecha
