«Arraun munduan, ezberdinak gara kanpokoak eta hemengoak, baina osagarriak»
Galiziako arraunlariak Euskal Herriko taldeetan aritzea gero eta ohikoagoa da. Zierbenak dauzka gehien, eta entrenatzailea ere hangoa da. Oso garbi dauka kanpotarrak hona etortzea bilakaera «ona» izan dela arraunarentzat, eta elkarren arteko elkarlana beharrezkotzat jo du, arraunaren mesederako.
«Ez naiz inoiz kanpotar sentitu Euskal Herrian», esan du Dani Perez Zierbenako entrenatzaileak (Moaña, Galizia, 1979), NAIZi eskainitako elkarrizketa honetako pasarte batean. Klubaren egoitzan aritu da, aulkitzat eta «pentsatzeko lekutzat» erabiltzen duen kortxozko euskarri batean eserita. Alboan dauka trainerua, eta mahai gainean, hamaika lanabes. Hirugarren denboraldia du Zierbenan, aurretik Meiran, Chapelan, Tiranen eta Astilleron aritu ondoren. Galiziako eta Euskal Herriko arraunaren arteko ezberdintasunez galdetu orduko, nabarmendu egin du han baliabide gutxiago dituztela hemen baino material aldetik, baita teknikoki ere: «Bila eta bila aritu behar izaten da hemen lehiatu ahal izateko».
Hori da Galiziako eta Euskal Herriko arraunaren arteko ezberdintasunetako bat?
Han oso lotuta dago sufrimenduarekin, eta gurasoek ez dituzte seme-alabak arraunean sartzen. Hemen ere bai, baina ez hainbeste. Gainera, kirol eskaintza gero eta handiagoa da, eta biztanle gutxiago dira han. Tradizioa ere ezberdina da. Aldiz, hemen, aurrera egiteko moduan gaude. Hala ere, Euskal Herrian lekua dauka Galiziako, Asturiasko eta Kantabriako arraunlari onak. Zierbenaren kasuan, kanpoko arraunlariengatik da, herri txiki honetan ezinezkoa delako hainbeste arraunlari ateratzea. Baina nabarmendu nahi dut lehendabizi Euskal Herriko arraunlariei deitzen diedala hona etortzeko, gero kantabriarrei, eta horiek guztiek ezezkoa erantzuten didatenean, Galiziakoen bila hasten naiz.
Oraindik ere idealizatuta daukazue Galizian Euskal Herriko arrauna?
Baietz esango nuke, baina baliteke orain ikuspegi hori aldatzen hasita egotea, arrauna kirol bezala ondo ez ikustea, baina gure erantzukizuna ere bada, beti txarretik ari garelako: sufrimendua, krisia… Konponbideak ia ez dira aipatzen. Egoera iraultzeko harrobikoen araudi berria jarri dute mahai gainean. Baina ez dago estrategia bateraturik harrobia lantzeko, eta ez da gauza bera arraunlariak erakartzea Hondarribian, edo hemen, Zierbenan.
Zer proposatzen duzu?
Kluben arteko benetako elkarlana landu beharko litzateke, denok aberasteko, eta arraunaren alde, ez norbere klubaren alde bakarrik. Kanpoko arraunlariekin maila igo egiten da, baina ez horregatik bakarrik, etxeko arraunlariekin ere lan ona egiten delako. Esaten da gazteei ateak ixten dizkiegula seniorretan, baina bestalde, emaitzak eskatzen dituzte zuzendaritzak, zaleek…. Galizian, esaterako, gero eta zailagoa da arraunlari fisikoak izatea, eta daudenak Euskal Herrira ekartzen ditugu. Zierbenarentzat ezinbestekoak dira kanpokoak, eta Santurtziri, Urdaibairi eta antzekoei, beste zerbait ematen diete. Ahotan dabil eredu hau, ikuspegi kritikotik eta orokortasunetik hitz eginda, baina arraunlari bakoitzaren kasua bakarka aztertzekoa da. Inork galdetzen al die zergatik etortzen diren, etxean arraun egiteari uko eginda?
Zergatik etortzen dira?
Hemen badago enpresen aldetik laguntza, baina Galizian, ez. Euskal Herrian bizi bazara, erosoa da Euskolabel ligan arraun egitea. Galiziakoentzat, ordea, izugarria da, bidaiengatik-eta. Bizkaian, esaterako, lana aurkituko du kanpoko arraunlariak, baina Galizian, sekulako krisialdian dago metalgintzako sektorea. Arraunlarien mugimendu hauek guztiak aztertzeko, kontuan izan behar da egoera soziala eta ekonomikoa ere. Galizian ere ondo bizi da, baina hemen, hobeto, eta arraunlariak bere bidea egin behar du bizimodua aurrera ateratzeko. Hemengo kluben ikuspegitik, bestalde, Zierbenak eskubidea dauka arraunlariak kanpotik ekartzeko, hemen ez badago hangoa bezain onik, eta hor zerikusi gutxi dauka nortasun agiriak.
«Kluben arteko benetako elkarlana landu beharko litzateke, denok aberasteko, eta arraunaren alde, ez norbere klubaren alde bakarrik»
Galiziako eta Euskal Herriko arraunaren arteko alderaketan, bada beste gai bat urteetan zeresana emandakoa: hango eremu ‘txarrak’.
Arazo handiak geneuzkan ligetan, profesionalizazioa sartu zen arte eremuak eta balizak jartzeko. Lehen, ez ginen guk han uste genuen bezain txarrak. Ez zegoen konfiantzarik, eremuak neurtzera GPSrekin ateratzen ginen, eta gure artean, min handia eman genion elkarri. Hemen ere eremu zailak daude, baina xarma handikoak. Portugaletekoa, adibidez. Han denak jotzen ziren txartzat, baina Meirakoa oso ona zen. Han, zuzendaritza batzuetan bi kide bakarrik daude, eta baliabide gutxirekin aritu behar izaten dute. Hemengo ibaietan, ur txorrota handiagoa da Galizian baino, eta hemen alde gehiago dago kaleen artean. Han, haizeak eta ur-lasterrek eragiten dituzte aldaketak. Esango nuke hemengoen kexak oinarritzen zirela ziurgabetasun batetik: ez zituzten eremuak ezagutzen, azkenean.
Euskal Herriko eremuak ez zenituen ezagutzen Tiranekin aurrenekoz aritu zinenean Euskolabel ligan, eta nola moldatzen zinen?
Bideoak, bideoak eta bideoak, eta orduak. Bosgarren edizioa zen ligarena, eta bazen nahikoa bideo. Lehendik ere zalea nintzen, eta haurren mailako arraunlari nintzenean ikusi nuen aurrenekoa: Kontxako Banderarena. Horrez gain, jende jatorra ere badago arraun mundu honetan, eta batzuek beren jakinduria eta esperientzia nirekin partekatzeko ez zuten arazorik izan. Lagunak egiten joan nintzen, eta nik ere laguntzen nien Galizian.
Hemengo eremuak ezagutu bitartean egingo zenituen hanka sartze batzuk, ezta?
Eremuak estrategian eragiten du, norabidean; eragiten du neurrietan, zer behar duen eremuak olatuen eta ur-lasterren eraginez, aurrealdea beherago sartuta eramatea, edo atzealdea; eragiten du arraunetan, gogorragoa, bigunagoa, handiagoa edo txikiagoa erabili. Horrek guztiak eskatzen du gauza asko erabaki beharra. Egin beharreko doiketak egiten ditut, eta batzuetan asmatu egiten dut, eta beste batzuetan, ez. Zalantzak beti izaten dira, nahiz eta astean zehar eguraldi iragarpenak ikusi, eremua ezagutu eta abar. Baina baldintzek eremuak aldatu egiten dituzte, eta aldagai guztiak egokitu behar dira baldintzen arabera. Dena daukat jasota koaderno batean, den-dena, baldintzak, emaitzak...
Zure koaderno hori ikustekoa izango da.
Dena daukat hor: entrenamenduak eta estropadak, neurriak, arraunak, haizea, marea, emaitza... Memoriak huts egin diezadake, baina idatzita dagoena hor dago, jasota.
Beste entrenatzaile batzuen laguntza jaso zenuela esan duzu. Zeinena?
Lehendabizikoa Jose Manuel Francisco izan zen. Neurriak, arraunerako prestaketa fisikoa, dena erakutsi zidan. Gero, hemengo batzuekin konfiantza hartzen joan zinen heinean, horiek lagundu izan zidaten. Baina kontuan izan, mundu itxia dela arrauneko hau, eta ematen du sorginkerietan aritzen garela, neurri zehatzenak lortu izan bagenitu bezala, eta sekretupean gorde nahian. Jon Salsamendiri galdetu izan diot askotan. Arraunak enkargatzeko, egileak ez dizulako lagin bat uzten bat eta bestea probatzeko, eta hortaz, beste entrenatzaileekin hitz egin beharra dago. Bi horiek aipatu ditut, baina beste hainbat ere badira: Igor Makazaga, Aizperro… Nik ere arazorik gabe laguntzen diet eskatzen didatenei.
Beste entrenatzaile horietako batek esandakoren bat baduzu bereziki gordeta?
Aizperrok esan zidan behin Kontxako Banderak zerbait eman baino lehen kendu egiten duela asko. Eta hori Orioko batek esateak harritu egin ninduen. Zortzigarren geratu sailkatu gabe hirutan geratu naiz, eta segundo gutxigatik, gainera. Orduan pentsatzen duzu dena haizea hartzera botako dudala. Bigarren ere gelditu izan naiz, baina ezberdina da. Garaipenen parekoak dira Zierbenarekin bigarren geratzea eta Tiranekin hirugarren. Txapeldunaren atzetik lehendabiziko geratzea da, aizu. Balioa eman behar zaio, eta gozatu, baina ahazten ari zaigu. Zierbenako taldean, inork ez du Kontxa irabazi, eta umilak izan behar dugu, kluba horrelakoa delako, eta entrenatzaile honek ia ez duelako ezer irabazi.
Galiziatik begiratuta, ikusten diezu Euskal Herriko entrenatzaileei antzekotasunik badutela zerbaitetan?
Badaude hainbat eskola, ezberdinak. Kortak eta Franciscok bakoitzak berea zeukan, baina Kortaren kasuan, bilakaera bat izan du urteen joanean. Gipuzkoako eskolako arraunketa luzeagoa da, sakonagoa, eta Franciscorena, batez ere, biziagoa eta motzagoa. Galiziako hegoaldean, arraunketa hori dago, Franciscorena, baina iparraldean, aldiz, luzeagoa erabiltzen da, Gipuzkoakoaren antzekoa. Baldintzengatik da. Guk Rias Baixasen, pistetan entrenatzen dugu, ur-laster eta olatu gutxirekin, eta horretarako oso egokia da arraunketa bizia eta motza. Baina itsasoan sartuz gero, iparraldean, 4x4 trakzioa sartu behar da. Horrek baldintzatzen dizu arraunketa.
Galiziako ligan, norbere kaletik sartu behar izaten da, baina hemen ez. Bada ezberdintasun handi bat.
Araudiak esaten du norbere kaletik sartu behar dela, baina hemen libre da. Eta jakin-mina neukan traineruen norabide aldaketak eta enfilazioak ikusteko eta ikasteko. Patroitzako lanari eragiten dio ezberdintasun horrek: Galizian, lemazaina da, baina hemen, ez, hemen kapitain bat da, irabaztera eraman zaitzakeena. Hemengoa politagoa da. Erantzukizun handiagoa ere badute patroiek hemen, eta lan gogorra da. Horregatik gustatzen zaizkit askatasunez aritzen diren patroiak. Sentitzen dutenak trainerua nondik eta nola doan azkarrago, nahiz eta estropada aurreko estrategian beste zerbait zehaztu. Gure patroiak, Aitor Lazkanok, gordetzeko moduko adibidea eman zigun iaz Kontxako Banderaren bigarren igandean. Irabazi egin zuen klub osoaren konfiantza denboraldi honetan patroi bakarra izateko.

Euskal Herrian aritzeak aldarazi egin dizu arraunketa?
Hasieran, motzaren alde egin nuen, eta jarraitzen dut hori bera oinarri hartuta, baina aldaketak eginez, bukaeran pixka bat gehiago luzatuta.
Horretarako, arraunlari moldagarriak behar.
Horregatik ez zait gustatzen modu bakarrean arraun egiten dakien arraunlaria. Hemen, Zierbenan, oso aldakorra da itsasoa. Ondorioz, egokitzen dakien arraunlaria behar dut. Zentzu horretan, urtean zehar lantzen joaten naiz, estropadetan islatuko den itxaropenarekin. Hau da, ez egitea arraun modu berean Portugaleten edo Orion, itsaso betean.
Galiziako arraunlariak errazago egokitzen dira aldaketetara, ala Euskal Herrikoak errazago? Edo, agian, ez dago alderik?
Oso-oso zaila da arraunlariari berezkoa edo ikasia duen arraunketatik ateratzea. Baina horixe da entrenatzaileon erronka, bideoekin, azalpenekin, zuzenketekin, ariketa egokiak bilatuz… Estilo bat behar du taldeak, eta egia da arraunlari bakoitzak duela arraun egiteko bere era; batzuk indartsuagoak dira paladaren bila joaten, besteak bukatzerakoan, batzuek indar handiagoa daukate eta abar. Baina ideia bateratu egin behar da. Ez da nongoa den arraunlaria. Kontuan izan behar da zer erakutsi dioten, eta berezkotik zer duen. Baina Euskal Herriko arraunlaria itsasora atera eta moldatu egiten da, marinela delako. Ibaian ibiltzera behartuta dagoena, klub hori barrualdekoa delako, baldarragoa da itsasoan, berez, eta deserosoago moldatzen da.
Galiziako arraunlariak bere ezaugarriak dauzka, eta Euskal Herrikoak beste batzuk?
Joera edo bilakaera da indar gutxiagoko arraunlariak direla oraingoak. Ondorioz, pisuaren galerak indarra ere gutxitu egiten du. Oraingo taldeak ez dira TKE ligaren hasieran zeudenak bezain indartsuak. Akaso, ordukoek pisu handiegiak mugitzen zituzten. Zaila da azaltzen. Oinarrian, harrobian, gero eta arraunlari gutxiago baldin badago, zailagoa da molde askoko arraunlariak ateratzea. Lehen, indartsu horiek traineruan leku finkoak izaten zituzten, gerri-gerrian. Baina orain zailagoa da horrelakoak ateratzea, watt asko mugituko dituena eta 1,85 metro baino garaiagoa dena, Galizian eta Euskal Herrian. Moañan, nire herrian, eskubaloi eta saskibaloi taldeak daude orain, 90eko hamarkadan ez zeudenak. Horiek ere arraunak behar dituen kirolari molde berberak behar dituzte.
Material egokia al dabil orain arraunlari mota horrentzako?
Hemen kontua da oraingo traineruek ez dutela balio emakumezkoentzako, baina ezta ere gizonen talde askorentzako. Elitean ere gertatzen ari da. Esango nuke, arraunlarien pisua batez beste 75 kilokoa duen talde batentzat, ez dela egokia traineru klase hau. Bai, ordea, 78 kilotan dabilen talde batentzat. Galizian badaude horrelako talde arinak, eta ez die balio. Materiala arraunlariei egokitzea litzateke egokiena, baina alderantziz gertatzen ari denez, klub guztiak ari gara arraunlari berdinen bila. 74 kiloko batez bestekoa duen taldea izanda, traineruak ezin du hain altua eta zabala izan, adibidez.
Arraunaren bilakaerarako oztopo al da materialaren inguruko araudi zorrotza eta zaharra?
Zaila da horren barruan mugitzea. Kontuan izan, 12 metro bakarrik direla. Ikasi dut esperientziarekin metroa dela garrantzia gutxien duen lanabesa. Beti ari gara neurriak ezkutatzen, baina arrakastaren oinarria beste bat da: arraunlarien arlo fisikoa eta psikologikoa, eta hortik abiatuta garatu dezaketena. Entrenatzaileak teknikoki ekarpena egin dezake, baina ez duzu aurkituko neurri bat irabazteko. Alderantziz bai, neurriak gaizki jartzen badira, galdu daiteke estropada bat. Baina ez dago ezer magikorik. Asmatzen dugunean entrenatzaileok pentsatzen dugu edo pentsatu dezakegu «inork lortu ez duena lortu dut», baina ez da horrela inola ere. 12 metroko traineruak dauzkagu guztiok, eta norabide berean joaten gara.
«Ikasi dut esperientziarekin metroa dela garrantzia gutxien duena lanabesa. Beti ari gara neurriak ezkutatzen, baina arrakastaren oinarria beste bat da: arraunlarien arlo fisikoa eta psikologikoa, eta horitik abiatuta garatu dezaketena»
Arraunekin gauza bera gertatzen da?
Arraunak taldera egokitzea bada gakoetako bat. Baina horretan ere, arraunlarien ezaugarri fisikoek sekulako garrantzia daukate. Arinak jartzen baditut hankean, ondo markatzen dutelako, horrek eragina du traineru osoaren neurrietan. Eta neurri horiek onak dira talde horrentzako, baina beste baterako ez dute balio. Zoratu egiten gara horrekin, baina ez gara elkar aberasten, ezkutuan gordetzen direlako. Aulki mugikorrean kontrakoa gertatzen da: dena jakiten da, eta aurrerapenak egiten dira materialean-eta, azkarragoa zein den jakiteko kirol lehian. Traineruen mundua itxia da, eta idealaren bila goaz, baina ez dago formula magikorik. Azkenean, entrenatzaile guztiak bakoitza bere gauzekin leku berera ari gara iristen, gutxi asko. Kalitatea taldearen mailak ematen du, ez besteak.
Esan duzu ez zarela neurriak-eta ezkutatzekoa, galdetzen dizunari eman egiten dizkiozula. Galizian irekiagoak zarete Euskal Herrikoen aldean?
Meiratik joan nintzenean, bertan laga nien landutako guztia. Baina ez pentsa, entrenatzaileen arteko harreman pertsonalen arabera ibiltzen gara han ere, hemen bezala. Hortaz, begira hasten zara zein ari den arraun joko berarekin. Nahi duena kontatuko dizu gero, baina harremana hor dago, informazioa partekatzea. Ziurtasunaren alde egiten dugu, azkenean.
Lehiakide zuzenen artean ere bai?
Ez da gauza bera. Logikoa da hori. Neurrien barruan, bila ari naiz besteari nola irabazi, segundo bat nola urratu. Informazio hori guztia ez dugu partekatzen, lehian gaudelako. Parteka genitzakeen denboraldiaren amaieran, baina ez dugu egiten. Harrobian ere gauza bera gertatzen da, eta askoz irekiagoak izan beharko genuke.

Irabazi bai ala bai. Hori da oker horien guztien jatorria?
Bi entrenatzaile eredu daude harrobian: arraunlariak baliatuz beraiek irabazi nahi dutenak, batetik, eta formatzaileak, bestetik, ilusio bakartzat dutena haiekin ikasitako arraunlariak traineruan ikustea. Azkeneko horiek egin beharko lukete lan harrobian, eta arraunlariak egiten eta hazten ibili etenik gabe. Harrobiko arraunlariekin eztabaida dago orain, eta entrenatzaile batentzat pozik handiena da harrobiko bati erakustea eta traineruan jartzea. Baina entrenatzaileak soka lepoan daukagu, emaitzak ere atera egin behar ditugulako, eta emaitzek ematen digute aukera arraunean segitzeko. Iruditzen zait oso azaletik ari garela epaitzen harrobiko arraunlarien gai hau, eta ertz asko dauzka. Ohorezko txandako entrenatzaile guztiek nahi ditugu baleko gazteak ikusi arraunean, eta batez ere, nahi dutenak, nahi hori daukatenak. Arazoa da, eta ez da horretaz hitz egiten. Hizpidea da guk arraunlari gazteei ez diegula lekurik uzten traineruetan, baina aurreneko galdera hau da: nahi al du benetan arraunlari gazteak? Peiok [Lopez, Zierbenako arraunlaria, 18 urtekoa] nahi du, eta arraunean ari da.
Nahi al du oraingo arraunlari gazteak ala ez du nahi?
Klub guztiak eseri, eta gai honen inguruan bakoitza zer ari den bizitzen azaldu beharko genioke elkarri. TKE jaio zen plan estrategiko batetik, eta sakondu zitekeen gehiago. Orain, aldatu egin beharko litzateke. Egoera aldatu egin da sorreratik.
Zer gauza gehiago aldatu dira arraunean urteen joanean?
Entrenamenduak, adibidez. Lehen, asteko zazpi egunetan entrenatzen nuen, baina orain ez, bakarrik geratuko litzateke entrenatzailea: Aste Santuan, oporrak; denboraldi batetik besterako atsedena hilabete eta erdikoa eta abar.
«Kirol maila berdinduko dugu harrobikoen lege berriarekin, hori nahi dugulako. Ados, baina esan hori dela arrazoia. Ez ibili janzten erabaki hori beste arrazoi batzuk zabalduz»
Eta egutegia aldatzeko aukeraz, zer diozu?
Aztertzekoa dela, badelako aldagaietako bat gazteak seniorretaraino ez iristeko. Estropadak aurreratzerakoan, Kontxako Bandera jarriko litzaiguke parean, eta bestalde, zalantzak dauzkak aurreratze horrekin. Izan ere, arrauna udako kirola da, ia besterik ez da egoten, baina neguan, dena ahaztu egiten da. Gauza askok lagunduko lukete gazteen jarrera aldaketan. Harrobiko arraunlarien eztabaidaren inguruan, esaterako, onartuko nuke talde osoaren barruan portzentaje bat harrobikoa izatea, Zierbenarentzat horrek lukeen zailtasun guztiarekin. Auzo batetik bestera bi kilometro daude, 1.600 biztanle, eta zaila da. Astean zehar, entrenamenduetan, harrobikoen araudi berria errespetatu gabe ibil naiteke, baina asteburuetan, bete egin behar. Horrela zaila da.
Ligak azterketa egin duela eta iaz ia beti Urdaibaik irabaztea ez dela erakargarria? Kirol maila berdinduko dugu harrobikoen lege berriarekin, hori nahi dugulako. Ados, baina esan hori dela arrazoia. Ez ibili janzten erabaki hori beste arrazoi batzuk zabalduz. Bermeora edo Zierbenera kanpotik datorren arraunlarientzat gogorra da sentitzea gutxiago balio dutela kanpotarrak direlako. Orain, etxeko arraunlari bezala izendatua izan zenari (propioa), balioa kendu zaio. Badauzkat horrelako batzuk taldean, harrobiko batzuek baino urte gehiago daramatzatenak Zierbenan. Alberto Gonzalez Naviakoa da, eta han ez dago trainerurik. Sei urte daramatza Zierbenan, ez dabil klub batetik bestera, eman balioa horiei. Maila berdintzeko balio du harrobikoen legeak, baina ikusiko dugu balio duen harrobia bultzatzeko.
Maila jaisteko arriskua dago?
Hori ere hizpide da, baina non daude Penintsulatik kanpoko arraunlari haiek? Etxebizitzak eraikitzearen negozioa puri-puri zegoenean hemen zenbiltzan batzuk, babesle onak zeuden arraunean. Lana ematen zieten atzerritar horiei, eta arraun egiten zuten. Ez ziren 70 kilokoak. Selekzioetako arraunlariak ziren. Indarra ematen zieten taldeei. Non daude? Krisi ekonomikoa dago, Errumanian Espainian bezain ondo bizi dira, eta ez dira mugitzen. Indar gutxiago, emaitzak eta denborak ere txarragoak. Gainera, txarrak gara arrauna saltzen: gogorra dela, diru gutxiago irabazten dela. Alabetako batek, bederatzi urterekin, astean bost aldiz entrenatzen du igeriketan! Hori bai dela gogorra. Joan zaitez astean hirutan, eta segi ikasten. Triatloia ere begira zein gogorra den. Zaila da arraunean sartu eta segitzea. Alabak nahiago du surfeko udako ikastaroa egitea Zierbenako arraun eskolan sartzea baino. Baina erakarri egin behar dira nola edo hala. Sekulako lana dago egiteko. Ondo legoke harrobia lantzen den klubetako entrenatzaile guztiek ere beren esperientziak besteekin partekatzea: nola erakartzen dituzten arraunlariak, zer egiten duten alde egin ez dezaten probatu eta gero, zer lan egiten duten eta abar. Baina zaila da.
Noizbait ikusiko ditugu Euskal Herriko arraunlariak Galiziako taldeetan arraunean?
Joseba Fernandez izan zen Mecosen bere garaian, eta 1995ean, Meiran kadetea nintzela, Iñaki Beraza etorri zen talde nagusia entrenatzera, San Pedrotik. Ziklo aldaketa bat kudeatzea egokitu zitzaion, eta asko irabazi zuen. Interesgarria izango zen segida izatea lan hark. Oso aberasgarria da nahasketa galiziarrena, asturiarrena, kantabriarrena eta euskal herritarrena, eta ez hizkuntzengatik bakarrik [barrezka]. Bakoitzak bere esperientziak dauzka, eta zu entzule ona bazara, denetatik ikasten duzu, eta zuk ere ekarpena egiten diezu besteei. Meirak beti izan zuen harremana euskal klubekin, hemen aurreratuagoak izan zaretelako. Euskal Herria aitzindaria izan zen arrauneko arlo guztietan, eta Galizia atzetik joan zen. Entrenatzaileen arteko harremanei esker, Galiziakoa indartzen joan zen. INEFen arraunketa erakusten zenez, horrek ere lagundu egin zuen. Pontevedran (Galizia) ezarri zen arrauneko maestria, eta jende prestatua behar zen berriei erakusteko. Azkenean, harrobian, ia beti arraunlari ohiak aritzen dira erakusten, baina akademikoki ez daude prest didaktikan, fisiologian… Harrobiko kirola ez dute ezagutzen, eta ezinbestekoa da ezagutzea lan ona egin nahi bada. Pena izan zen Bolonia planak aurretik eraman zuela arrauneko maestria hura.
«Arraun munduak badu ezaugarri bat, urtez urte joatearena, eta gainera, bakoitza bere zilborrari begira bizi gara, norbere arrakastaren bila»
Hortaz, esan daiteke, arraunera oinarri zientifikoa ekarri duzuenak Galiziako eskolakoak izan zaretela?
Hor ikusten da toki ezberdinetako jendea nahastea zeinen polita den. Franciscok harremana egin zuen Kortarekin, eta berak zekienari hemen ikasitakoa gehituta sortu zuena Euskal Herriari eman zion Urdaibairen bitartez. Meirak bazituen loturak beste klub batzuekin, eta Galizian, beste guztien aitzindari izan da. Baina arraun munduak badu ezaugarri bat, urtez urte joatearena, eta gainera, bakoitza bere zilborrari begira bizi gara, norbere arrakastaren bila. Ez gara ohartzen jakinduria eta ezagutza elkarri banatzea aberasgarria izango zela. Baina ematen du hori besteei erakustea hari bentaja ematea dela.
Solasaldi luze honen ondorioa hauxe da: arraunean ere ezinbestekoa da elkarren arteko aberastasuna banatzea. Kulturartekotasuna, azken batean.
Errespetutik abiatuta, gizarte eta kultur ikuspegitik, elkar errespetatu behar dugu. Ezberdinak gara, baina osagarriak. Gustatuko litzaidake entzutea Euskal Herrian urteak daramatzen Galiziako arraunlarien esperientziak, Iglesias Urdaibaikoa edota Piñeiro Oriokoa, adibidez, ea pertsona hobeak diren orain, beste errealitate bat haien jatorrizkoari gehitu dietenean. Nik neuk garbi daukat: hobea naiz Kantabrian eta Euskal Herrian nabilenetik. Etxetik atera egin behar da, bizi esperientziarik onena baita nire ustez. Denean daude gauza onak, eta denean txarrak, baina hori guztia aberasgarria da. Pontevedrako ibai bazter bateko entrenatzaileak ekarpen handia egin diezaioke Euskal Herriko arraunari, eta hemengo arraunak entrenatzaile horri, beste horrenbeste. Talde kosmopolita daukat Zierbenan, eta uste dut hori dela aberasgarriena: kirol esperientziak, bizipen pertsonak, hizkuntzak… dena, azkenean. Arraunarentzat ona izan da bilakaera hau.