Aitor Manterola

Ubera luzeko historia

Noiz hasi zen gizakia arraunean, eta zertarako? Oso atzera egin behar da erantzunen bat aurkitzeko. Geroagokoa da arraunaren eta lehiaren arteko bateratzea. Gaur eguneko estropadetara heltzeko bidea oso aspaldikoa da. Eta orain denaren ezberdina ere bai.

San Pedroko ‘Libia’ ontziaren ubera, Pasaiako uretan entrenatzen, 1999an.
San Pedroko ‘Libia’ ontziaren ubera, Pasaiako uretan entrenatzen, 1999an. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Zerua itsaso zikin bat» dela azaltzen du Joseba Sarrionandiak Martin Larralde poesian. Marinel zaharrak liburuan argitaratu zuen 1987an. Marinel zaharrek, antzinakoek gauza bera pentsatzen ote zuten itsasoaz? Zikina edo ederra ei zen haientzat? Batek daki. Jakin daitekeena da oso zaharra dela gizakiaren eta itsasoaren arteko harremana. Hasiera non duen aurkitzea, ordea, pirataren baten altxorrik ezkutuena deskubritzea bezain zaila da. Mapa onak badira, hala ere, eta horietako bat da Hondarribia Arraun Elkarteak 50. urteurrenaren barruan atera zuen liburua, Luis Mari Agirrek, Inazio Noguerasek eta Koldo Ortegak idatzia: Hondarribia arraunean. Hortik hartutako pasarteak dira hemendik aurrera azalduko diren ia guztiak.

Eduardo Serres kataluniar arraunzaleak El remo, Historia, Tecnica y Apologia liburuan kontatzen duen bezala, arraunaren sorrera izan zitekeen jolas berri bat probatzearen ondorio: «Enbor bat uretan behera ikusi, eta norbaitek jauzi egingo zuen, akaso, arriskuak erakarrita. Edo agian, bere burua salbatzeko egingo zuen salto enbor jostari batera». Noizko garaietaz ari ote den beste kontu bat da. Lurrean ura da nagusi, milioika metro kubikorekin, eta gizakiak ezinbestean aurkitu behar izan zuen moduren bat nabigatu ahal izateko. Batetik bestera mugitzeko. Bizirauteko ere bai, jakina.

Jolas moduan hasi izanaren teoriari bide ematen bazaio, urteen joanean jolasa izan zen hark lanabes itxura eta eginkizuna hartuko zituen gero. Bilakaera teknikoari segituz, ibai eta itsas nabigazioa ekarri zuten hasierako enbor haren tratamenduan egindako hobekuntzek. Historiaren nabigazio kartan, Antzinako Egipton, eta Fenizian eta Grezian azaltzen dira, batean ibai luze eta amaigabeetan, eta bestean, Mediterraneo itsasoan barrena nabigatzen. Enbor zaharrari arraunak gehitu zizkioten antzina, eta bi elementu horiei bela, ondoren. VI. eta VIII. mendeen artekoa da belaren erabilera, eta eskandinaviarrak ere azaltzen hasten dira nabigazioaren kartaren historia luzean.

Arraunen erabilera urritzen joan zen denboraren joanean belaren erabileraren fabore. Ordurako, hasieran jolas izan zitekeen hura nabigazio bihurtuta zegoen, eta negozioak ere tosta hartu zuen ontzi zahar haietan, ekonomiaren patroitzaren gidaritzapean. Bide horrek berea hasi zuen aspaldi, eta hor jarraitzen du gaur egun ere, itsasontzi handiekin eta modernoekin, edozer elementu eta produkturen garraioan.

«Regattare» Venezian

Arraunaren erabilera produktiboarekin batera, lehia ere ez zen oso aparte ibiliko. Serresek esaten du jatorria ezezaguna dela: «Garaien gau ilunean galtzen den datua da estropaden hasiera». Dena dela, badira beste iturri batzuk zehastazunak ematen dituztenak. Espainiako Arraun Federazioaren webgunean sartuz gero, Antzinako Egipto azaltzen da berriz ere. Nonbait, Kristo aurreko 4.000 urte aldera, lurralde horretan egiten ziren lehiaketak ontzien artean, zertarako eta faraoi hilberriaren gorpuzkiak eramaten zituen proguaren edo doluaren lehendabiziko postuetan joan ahal izateko.

Serresek esaten du jatorria ezezaguna dela: «Garaien gau ilunean galtzen den datua da estropaden hasiera»

Greziarrak ere ageri dira webgune horretako kontakizunean. Aro klasikoan, trimerren arteko estropadak egiten ziren. Trimerren ezaugarriak ondorengo hauek ziren: gerraontziak, eta alde bakoitzean, elkarren gainean, hiruna arraunlari paraleloan. Pireoko estropaden berri Platonek eman zuen, esate baterako, eta Publio Virgilio Maronek horrelako bat ere deskribatu zuen Eneida obra ospetsuan.

Serresek zehaztasun gehiago ematen ditu egungo estropada moldearen jatorriaz, eta bat dator beste adituen ikerkeketin. Italiara joan behar da, Veneziako kanaletara, hantxe jokatzen baitziren regattare izeneko estropadak. Etimologian, zalantza gutxi gaztelerazko zer hitz eratorri zen italierazko horretatik. Bada, 1171tik daude dokumentatuak estropada horiek, eta gondola ezagunen artekoak izaten ziren, San Markos plaza ezagunaren inguruko kanaletan jokatzen zirenak.

Oxford eta Cambridge unibertsitateetako ontziak, 1997ko estropadan. (Mehdi FEDOUACH/AFP)

Munduko leku asko azaldu dira, dagoeneko, arraunaren historian, eta urteen joanean, zabalkundeak ez zuen etenik izan. Veneziako estropadek Holandan izan zuten segida, eta hortik, Europako beste herrialdeetara ere iritsi ziren. Herrialde bat nabarmentzekotan, Erresuma Batua aipatu behar da, kirol bezala bertan sortu zelako XVII. mendean, goi nobleziaren jarduera bezala. Baieztapen horren oinarrian aurreneko arraun kluben sorrera dago. Kirolari amateurrek sortuak izan ziren, Londresen, eta zehazki Tamesis eta beste beste ibai batzuetan ibiltzen ziren batelari edo watermen izenekoen bitartez. Lehiak sortzen zituzten, jendea nork lehenago garraiatuko. Geroago, urteetan arraun ikastaroak eskoletan eta unibertsitateetan ematearen ondorioz, ikasleen arteko estropadak sortu zituzten. Ezagunena, Oxford eta Cambridge unibertsitateen artekoa, 1829an hasi ziren jokatzen.

Handik mende erdira, 1879an, Ingalaterrako Arraunketa Federazioa sortu zuten, eta harekin batera eratu zituzten arraunketaren oinarrizko araudiak. Horri esker, nazioartean oraindik eta gehiago hasi zen garatzen. Beste federazio batzuen sorrera ekarri zuen horrek, eta batzuen eta besteen araudiak batu zituena Arraun Elkarteen Nazioarteko Federazioaren jaiotza izan zen, Torinon (Italia), 1892an.

Euskal Herrian ondarea

Euskal Herrian, garai beretsuan hasi zen jokatzen Kontxako Bandera: 1879an. Geroagokoa da arraun elkarteen sorrera, hurrengo mendekoa. Tostako arrauna gailendu zitzaion aulki mugikorrekoari, eta badu azalpena: marinel eta arrantzale tradizioaren eragina. Ezaguna da traineru estropaden aurrekoa zer izan zen hemen: Euskal Herria arraunlaria zen. Arrantzarako arraun egiten zen, ibaietan arraun egiten zen, eta ohiko jarduera zen. Jon Maia bertsolariak eta arraunlari ohiak honela kontatu zuen “Harmaila” aldizkarian, duela urte batzuk: «Arrauna egun batean kirol bihurtu zen, baina ez zen hor sortu. Mendeetan eta mendeetan egon izan da Euskal Herrian. Kirol bihurtu aurretik lanbide izan zen. Gure kirol nazionalek ofizioetan dute sorburua, kirola ez zen jardueran, eta arrauna ere hor kokatzen da».

Euskal Herrian, garai beretsuan hasi zen jokatzen Kontxako Bandera: 1879an. Geroagokoa da arraun elkarteen sorrera, hurrengo mendekoa

Orain, kirola baino ez da. Baina lehen ez, Maiak dioen bezala: «Garai batean, ohikoa zen ibaietan herritarrek arraun egitea. Bazuen funtzio industriala, soziala eta zerbitzuzkoa, baina hori dena galtzen joan zen, galtzen utzi dugu, eta konturatzerako, lehia baino ez zaigu geratzen». Garbi dauka zer den arrauna: «Ondarea da».

Kontua da lehia bakarrik izatera iristerako, hasiera bat eduki behar izan zutela traineru estropadek Euskal Herrian. Hainbat teoria daude bueltaka, eta horietako baten arabera, Hondarribian eta 1750 urte inguruan izan ziren aurrenekoak. Pablo Gorosabalek traineru estropadak baino txalupen artekoak aipatzen ditu: «Lehengo denboretan, ohitura zen Donostian eta kostako beste hainbat herritan Kardilaunen jokoa; hau da, txalupen arteko norgehiagoka falta ez zuen itsas jokoa». Fausto Arozenak ñabardura garrantzitsu hau gehitzen zion joko horri: «Ez zen indarkeriarik gabea. Bukaeran, erasoko armatzat harturiko arraunen arteko gudu antzekoa bilakatzen baitzen delako traineru estropada».

Iskanbila horiengatik, 1708an, garaiko Korrejidoreak debekatu egin zituen Donostiako Kardilaunen jokoak, eta hiriko agintariek kontra egin ziotela kontatzen du Jose Antonio Azpiazu ikertzaileak. Aldekoak ere bazituen, baina: «Mende bat lehenago, Espainiako Felipe II.a erregea izan zen Donostian joko horiek ikusten, eta pozik azaldu zen, etorkizuneko marinelei entrenamendu egokia eskaintzen zielakoan».

Euskal Herriko estropaden jatorria

Arrauna eta ontzia lanabes ziren Euskal Herrian, kirol bihurtu aurretik. Arrantzarako tresnak, antxoa, sardina edota atuna harrapatzeko; edota, ezbeharren bat gertatzen zenean itsasoan, erreskaterako ezinbesteko baliabide. Kontrabandistak harrapatzeko ere erabiltzen zituzten arraunlariak garaiko agintariek. Erabilera horiek guztiek bat egiten dute bereizgarri honetan: arraunlariak prestuak izan behar zuten, eta gutxiago edo gehiago, ondo prestatuak. Abiapuntu horretatik kirol lehiara salto egiteko ez zen askoren beharrik izango.

Baina berriz ere misterioa: zein izan zen lehendabiziko estropada Euskal Herrian? Mundakak eta Bermeok 1719an jokatu zuten lehia historikoa, bietako zeinek bereganatuko Izaro uhartea. Hura izan ote zen aurrenekoa? Ramon Ojeda eta Angel Obregon ikertzaileek zalantzan jartzen dute, ordea. Izan ere, armada frantziar indartsu batek zeharkatu zuen Bidasoa ibaia, Espainiaren eta Frantziaren arteko gerra batean, eta 1722ra arte, frantsesak nagusi izan ziren euskal kostaldean. Bi ikertzaile horien arabera, baldintza petral horietan nekez jokatu ahalko zen estropada bat.

Zarautzek eta Getariak 1761eko apirilaren 24an jokatu zuten norgehiagoka izan ote zen lehendabiziko estropada? Zarauzko Moilarritik Donostiako porturaino jokatu zuten dema, ehun ezkutu jokoan izan zituen trabesa, eta ontzi bakoitzean 11 arraunlarirekin. Berretsita dagoena da 1840 inguruan, traineru estropadak egin, egin zirela. Jasota dago historiako dokumentu batzuetan, eta prentsan ere izan zuten tokia. Horrela, 1845ko udan, Donostian jokatu zen historia-oinarriak dituen aurreneko estropada, Espainiako Isabel II.a erreginaren aurrean. Itxuraz, orduz geroztik hartu zuten indarra estropadek. Beste bereizgarri bat zuten: itsasertzeko turismoa sustatzea.

1999ko Kontxako Banderaren lehen jardunaldiko estropada; irudian, Orioko eskifaia. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Ondorengo urteetan jokatu ziren estropada asko jasota daude agirietan-eta. Muestra bat da ondorengo hau: 1851n, Lekeitiok eta Ondarruk jokatutakoa; 1853an, Baionan, Aturri ibaian izandakoa, Iparraldeko lau ontziren artekoa; 1856an, Donostian, Lekeitioko arrantzaleen eta Iparraldeko marinelen artekoa, ontzi bakoitzean hamasei arraunlarirekin; Baionan 1862an izandakoa; 1865an, Donostian jokatu zena; edota Zarautzen, festetan Estropadak izenarekin antolatu zirenak. 1871koa da Hondarribiak eta Donostiak jokatu zuten estropada ezaguna, eta aditu askoren ustez, orduan bai zabaldu zela arraunketarako zaletasuna Gipuzkoako kostaldeko herri guztietan zehar. Diotenez, estropada hura izan zen Kontxako Banderaren lehenengo edizioaren sorburua (1879).

Hortik aurrerako historia eta istorioak ezagunak dira. Estropadaz estropada, lehiaz lehia, herriz herri, arrauna kirol bihurtu zen, eta aspaldiko haiek egindakoaren ubera dira oraingoak. Urteen joanean izandako aldaketa guztiekin, betiere. Eta horietako bat da kanpoko arraunlarien presentzia Euskal Herriko taldeetan. Hainbat tokitatik etorriak, arraunaren zabalkundea itsasoa bezain handia delako, jolas bezala enbor bat uretara bota zutenetik antzinako haiek.