Aurreneko atzerritarra Kontxan, alemaniar jatorrikoa
Kontxako Banderan arraun egin zuen lehendabiziko arraunlari atzerritarra Rudy Holke izan zen, Zumaiarekin, 1951n. Handik 41 urtera, San Juanen aritu ziren hiru errumaniar: Emil Alexandru, Silviu Rastoaca eta Mihail Ursachi.

Arrauna Euskal Herrian herriko kirol bat izan da betidanik. Herrikoek egiten zuten arraun traineruetan, eta asko jota, inguruko herrietakoak batzen ziren taldeetara. Horregatik dago ondo gordeta historiaren apalean 1951ko iraila. Kontxako Bandera bazen ordurako estropada handiena, eta datuen hariari segika, alemaniar jatorriko arraunlari bat azaltzen da urte horretako traineruetako eskifaien artean: Rudy Holke zuen izena. Zumaiarekin egin zuen arraun, eta horrenbestez, hura izan zen aurreneko atzerritarra Kontxan arraun egiten.
Jaiotzez euskal herritarra zen, Sorulazekoa. Gurasoak lanera etorriak ziren, eta bertan jaio zen. Lan kontuak tarteko, Zumaiara joan ziren, beren abizena zeraman lantegira, eta horrek lotu zuen arraunarekin, Kontxarekin eta Zumaiarekin. Holkek bazekien arraunean, eta Zumaiak Kontxan ateratzea erabaki zuenean, taldeko estropalari izateko deitu zioten herrikideek. Baiezkoa eman, eta horrela pasatu zen arraun munduaren historiara.
Behin bakarrik egin zuen arraun Kontxan, 1951n, eta handik 41 urtera ‘Diario Vasco’ egunkarian Joseba Lezeta kazetariak egindako erreportaje batean kontatu zuenez, azkena ez izatea zen zumaiarren asmoa: «Aurreneko jardunaldian, 11 segundo atera genizkion Zarautzi. Haien aurretik geratzea zen helburua. Baina bigarrengoan, jan egin ziguten aldea, eta azkenak izan ginen. Gauza arraroak gertatu ziren», kontatu zuen Holkek.
Ez zen, baina, ezagun egin atzerritar jatorriko lehen arraunlaria izateagatik Kontxako Bandera hartan. Beste zerbaitek erakarri zion arreta jendarteari: aurreneko belarjalea zen estropada preziatuan arraun egiten zuena. Handik 41 urtera ere elikadura joera berarekin segitzen zuen: «Belarjalea izateaz gain, arrautzak eta esnekiak ere jaten ditut. Bestela, ezingo nioke eutsi bizitzeko erritmo honi».
Haren lankide izan zen Javier Carballo zumaiar argazkilaria. «Zorrotza zen lanean, eta alemaniarra erabat, dena bere tokian edukitzen zuena, eta dena bere denboran egitea gustatzen zitzaiona», kontatu dio NAIZi. Ezaguna zen Zumaian, eta urteen joanean, herrian izandako gertakari latz batean egin zuenak herriko historian betirako gordeta utzi du Holke. 1960ko azaroaren 15ean, 12 eta 15 urteko arteko zazpi herriko seme itsasoak jan zituen, Parolbidetik begira zeudenean nola ateratzen zen itsaso zakarrarekin Begoña kargaontzia. Bakarra atera ahal izan zuten bizirik. Herritar batek uretara salto egin zuelako segitu zuen bizirik. Holke izan zen herritar hura.
1960ko azaroaren 15ean, 12 eta 15 urteko arteko zazpi herriko seme itsasoak jan zituen. Bakarra atera ahal izan zuten bizirik, Holkek uretara salto egin zuelako
Carballok honela kontatu du egun zital hartakoa: «Holkek ikusi egin zuen zerbait gertatu zela, eta han joan zen Parolbidera. Baina ordurako, bizirik zegoen hura beste aldera eramana zeukan itsasoak, Orrua aldera. Holke lantegira joan zen, eta motor batean eskean hasi zen. Narciso Kortak eraman zuen, eta hara iritsi orduko, uretara egin zuen salto. Atera egin zuen bizirik». Kirolari izateak, sasoikoa, lagundu egin zion balentria hura gauzatzerakoan, Carballok azaldu duenez.
San Juango errumaniarrak
Kontxako Banderaren historia biltzen duen datu saldo amaigabean, atzerritarren atalean, 1992 urtea eta San Juan azaltzen dira. Hiru errumaniar aritu ziren arrosa koloreko traineruan: Emil Alexandru, Silviu Rastoaca eta Mihail Ursachi. Datuek diotenez, Holkeren atzetik datorren zerrendan, hiru errumaniar horiek dira hurrengoak. Nondik nora izan zen Paco Prietok (Pasai Donibane, 1940) kontatu du, talde hartako entrenatzaileak eta presidenteak. Ezer baino lehen, eta aparteko garrantzia duenez, testuingurua aipatu du: «Aurreko urtean, kluba zatitu egin zen, eta Donibaneko Arraunlariak sortu zen. Oso arraunlari gutxirekin geratu zen gure kluba, San Juan».
Arraunlariak behar, eta hara non, Errumanian aurkitu zituen Prietok. Maiatzaren 2an iritsi ziren. Propio aukeratu zituen edo ez argitu gabe utzita, ezagutzen zituela onartu du: «Munduko Txapelketan ezagutu nituen, Baynolesen (Katalunia), eta gurera etorri zirenean, senior mailako lehen urtea zuten hirurek». Entrenatzaile eta guzti azaldu ziren, baina hark ez zuen denbora askoan iraun ahal izan Pasai Donibanen: «Olinpiar Jokoak ziren Bartzelonan udan, eta hara joan zen».
«Munduko Txapelketan ezagutu nituen, Baynolesen (Katalunia), eta gurera etorri zirenean, senior mailako lehen urtea zuten hirurek»
Kanpoko arraunlariak ekartzea erabaki baino lehen, klubeko batzar nagusian egin zien galdera zuzendaritzak bazkideei. Baietz, ekartzeko. «Eskaini zitzaizkidan beste klub batzuetako arraunlari batzuk, baina ez zitzaidan gustatzen halakoak egitea. Etxean landu behar dira», azaldu du Prietok. Eta etxekoak errumaniar haiek bezain onak direla kontatu du: «Ez zitzaidan gustatzen Errumaniako selekzioan erabiltzen zituzten metodoak». San Juanen errumaniarrek «lan ona» egin zutela nabarmendu du. Hala ere, zehaztu egin du baieztapen hori: «Bi oso onak ziren, eta hirugarrenak arazoak izan zituen pisuarekin, eta arindu ezinda ibili zen».

Emaitzei begiratuta, ezin esan apustu okerra izan zenik: «Kontxako Banderan sartu ginen, eta herriko estropada ere irabazi egin genuen». Herrikoa irabazteari, eta kluba banatu berritan, gauza handia izan zen San Juanentzat. Gauza bera esan du Maite Zunzunegik, garai hartako zuzendaritzan kide zenak: «Jarri egin behar da herriko arraunak bizi zuen egoera ezohikoan, eta guretzat mundiala izan zen irabaztea». Beste zeregin bat ere bazuen: errumaniarrei gaztelaraz erakustea. «Eskola publikoak utzi zizkigun liburuak, eta goizero klubean ematen nizkien klaseak. Agudo ikasi zuten». Euskaraz ere zerbait ikasi zutela gehitu du irakasle izan zutenak. Gaineratu du herrian zer eragin zuen hiru errumaniarren presentziak: «Sekulako nobedade bezala bizi izan zen».
«Baserrian eta Legution egin genituen kontzentrazioak. Legutiokoa, hamar egunekoa. Lekeition, estropada bat zeharo oker atera eta gero erabaki nuen kontzentrazioa egitea».
Traineruan arraun egiten ere azkar ikasi zuten: «Dakienarentzat erraza da ikastea, eta hauek bazekiten», gogoratu du Prietok. Baina erakutsi ere egin zien, eta ez edonola: «Baserrian eta Legution egin genituen kontzentrazioak. Legutiokoa, hamar egunekoa. Lekeition, estropada bat zeharo oker atera eta gero erabaki nuen kontzentrazioa egitea. Hiru lan saio egin genituen egunero han». Arraunlariak gazteak ziren, lanari lotu gabeak denak edo ia denak, eta hori egiteko aukera izan zuen Prietok. Emaitzek arrazoi eman zioten. Errumaniarrek ahalik eta azkarren ikas zezaten, bertakoekin nahasten zituen trainerillan: «Gutako hiru haiek hirurekin jartzen nituen, eta horrela».
Traineruaren gerri-gerrian jartzen zituen Prietok, nahiz eta probatu zuen Alexandru hankean jartzen: «Ez naiz akordatzen aukera hori gauzatu ahal izan nuen estropadetan». Oroitzen dena da nola sufritzen zuten abdominaletatik: «Kontuan izan behar da San Juanen arraunkera zela arraunlariak gehien etzetara eramaten zituena, eta sufritu egin zuten».
Soldata, estropadetako sariak
Errumaniarrei ez zien dirutan ordaindu San Juanek. Lagundu bai, baina beste modu batean: «Sei hilabeterako etxea jarri genien. Traineru denboraldia amaitu eta gero, urrira arte oporretan geratu ziren». Hala ere, ez ziren joan sosik ikusi gabe: «Denboraldian zehar estropadetan irabazitako dirutik haiei tokatzen zitzaiena eman genien». Eta horrez gain, Prietok berak bere diru saria eman zien, eta beste horrenbeste egin zuen Gregorio Legorburu Lexo-k, beste entrenatzaileak. Zenbat izan zen ez da garrantzitsua, baina Prietoren alderaketa honek balio du: «Errumanian zegoen egoerarekin, hemen jasotakoarekin han etxea erosteko moduan ziren».
«Sei hilabeterako etxea jarri genien. Traineru denboraldia amaitu eta gero, urrira arte oporretan geratu ziren»
Urte asko pasatu dira 1992tik, eta Prietok ez du harremanik Alexandru, Rastoaca eta Ursachirekin. Baina Alexandru nola klubean azaldu zuen urte batzuk pasa eta gero, haren berri izan zuela esan du: «Lezon egon zen bizitzen, baserri batean lanerako hartu zutelako». 2001ean San Juanen arraunean ibili zela kontatu du Igor Makazagak, taldekide ohiak. Alexandruren semea Realeko harrobian sartzekotan egon zela ere kontatu du Prietok, baina familia kontuak tarteko, aukera hori ez zela gauzatu azaldu du.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo




