Aberasgarri, osagarri eta beharrezko
Ez dauzkate saltzeko hemengo arraunlariek kanpokoak. Traineru barruan egiten duten ekarpena ez ezik, hortik kanpo sortzen den harreman oparoa aipatu dute hemengoek. Estitxu Zabala, Nerea Orena, Gentza Iraitz Zubiri eta Itxaso Azkonobieta arraunlariak aritu dira NAIZekin kanpoko taldekideei buruz.

Kanpoko arraunlariak hona etorri, arraunean egin, eta joan egiten dira. Baina ez da horrela. Hasteko, haietako asko Euskal Herrian bizitzen geratzen direlako, eta batez ere, hangoen eta hemengoen arteko harremana ez delako kirolera mugatzen. Arraunak ekartzen baditu ere, ireki egiten da lotura. Zabaldu egiten dute batzuen eta besteen artean. Jakina bestelako esperientziak ere izango direla, hain onak ez direnak, baina bestelakoa da ia erabat harreman horien emaitza.
«Kanpokorik gabe zailagoa da emakumezkoetan taldea osatzea»
Estitxu Zabala, Hernaniko arraunlaria

«Hernanira lehendabizikoak etortzen galiziarrak izan ziren, eta ondoren, Mediterraneo itsasoaren bueltakoak. Trainerua osatzen laguntzen ziguten, eta orain ere horrela da, justu ibiltzen garelako beti. Esperientzia gutxirekin etortzen dira Herrialde Katalanetakoak, eta zailduagoak, aldiz, galiziarrak. Kontuan izan behar da katalanak llagutetan egiten dutela arraunean, eta ez dauka zer ikusirik arraunketa horrek hemengoarekin. Horrez gain, han olaturik ez da izaten. Batzuk behin baino gehiagotan etorri dira guregana arraun egitera. Maria Salvador, esate baterako, bosgarren urtea betetzen ari da aurten.
Haiek gure arraunketara egokitzeko zailtasuna izaten da neguan ez direla gurekin egoten. Beren herrialdean geratzen dira eta udan etortzen dira, ETE liga hasterako. Horren ondorioa da aste batzuk behar izaten dituztela egokitzeko.
Hizkuntzari dagokionez, segituan ikasten dituzte kanpotarrek arraunean erabiltzen ditugun hitzak, zenbakiak eta aginduak. Guk euskaraz hitz egiten dugu geure artean, eta kanpotarrei itzultzen xuxurlari ibiltzen da haien alboan tokatzen dena. Oso aberasgarria da kanpotarrak gurean izatea, beste leku batzuetako errealitatea ezagutzeko aukera ematen digulako. Lagunak egiten ditugu, eta horri esker bisitan ere joaten gatzaizkie denboralditik kanpo; haiek ere etortzen dira hona. Gure kultura erakusten diegu, lekuak, haiek hangoaz hitz egiten digute eta abar. Lotura berezia sortzen digu haien hizkuntzak eta kulturak, gainera.
Ez dakit gero eta beharrezkoagoak izango diren hemengo traineruak osatzen segitzeko. Ematen du emakumezkoen arrauna oso goian dabilela, baina guk hemen, neguan, arazoak izaten ditugu taldea osatzeko. Kanpokorik gabe edo kluben arteko elkarlanik gabe, zailagoa da emakumezkoetan».
«Taldea osatzen laguntzen digute, eta maila hobetzen»
Nerea Orena, Hibaikako arraunlaria

«Taldea osatzen laguntzen digute, eta maila hobetzea ere izaten da kanpotarrak ekartzearen helburua. Etxean daukaguna indartzeko asmoz datoz. Freskotasuna ekartzen dute. Gure kasuan, Herrialde Katalanetatik eta Galiziatik etortzen dira, eta Mediterraneo aldekoek arrauna beste modu batera bizitzen dute. Azkenean, gozatzera etortzen dira, eta han egun batean kale egitea errazagoa da, baina berehala ohitzen dira hemengo moldera. Hemen bizpahiru urte egin ondoren, bertako filosofian sartzen dira. Arlo fisikoa ondo landuta ekartzen dute, han entrenatzen direlako. Galiziarrak ezberdinak dira. Horiek denari uko egiten diote arraunean egiteko. Profesionalak dira profesionalak izan gabe.
Gure kasuan, neguan ere etortzen dira, baina hilean behin, han ere lehiatu egin behar izaten dutelako. Udan bai, udan gurekin egoten dira, joan gabe. Arraunketa hartzen berehala hasten dira; ondo egokitzen dira.
Euskararen erabileran, taldean gure hizkuntzan aritzen gara, baina kanpotarrak etortzen direnean, entrenatzaileak gazteleraz ematen ditu azalpenak. Gertatu izan da, hala ere, euskaraz hasi, konturatu ere ez, eta gutako batek haiei itzulpenak egitea. Patroiak euskaraz emandako aginduak ondo hartzen dituzte. Arlo sozialean, polita da beste izateko era bat eta beste kultura bat ezagutzeko aukera delako guretzat. Hizkuntzen arteko konexioa oso polita da katalanen, galiziarren eta euskaldunen artean. Aberasgarria.
Harremana gertukoa sortzen da kanpotarren eta gure artean, eta horren ondorio da batzuetan bisitan joaten gatzaizkiela haien herrialdeetara. Pena izaten da katalanek estropadaren bat dutenean hemengo jaitsieraren batekin bat egiten duela, eta ezin joan hemendik hara lehiatzera. Bestela, ni neu joan izan naiz asteburu batean hangoekin entrenatzera.
Hemendik aurrera beharrezkoagoak izango diren ez dakit, egia esan. Hibaikan, bertako neska gaztetxo asko dauzkagu. Ez badute arrauna goiz uzten, ez dira beharrezkoak izango kanpotarrak trainerua osatzeko. Bestela, gero eta beharrezkoagoak izango dira».
«Arraunarentzat ona da hemen kanpotarrak izatea»
Gentza Iraitz Zubiri, Urdaibaiko arraunlaria

«Kultura ezberdinetako jendea elkartzen gara taldean, entrenatzeko modu ezberdina daukagunak, arraun egiteko era ezberdinekoak. Azkenean, denok daukagu geure izaera, baina gauza berdinak ere bai, jatorria bakoitzak berea eduki arren. Lan egiteko modua oso barneratuta ekartzen dute, zenbait herrialdetan hemengoa baino bolumen handiagoko lanak egiten dituztelako. Horretara heltzeko asko entrenatu behar izaten da.
Arraunketa bateratzea entrenatzaileen lana izaten da. Lanabesei dagokienez, bitxia egin zitzaidan Kaikun nengoenean zer esaten zuten Uruguaiko arraunlariek. Haien ustez, ‘oso antzinako eran’ arraun egitea da trainerua erabiltzea, aulki mugikorra edukita. ‘Motozerra izanda nolatan erabili aizkora’, esaten ziguten.
Hizkuntzei dagokienez, bakoitzak berea hitz egiten dugu taldean. Oso ondo egokitzen dira kanpotarrak Euskal Herrira. Euskaraz egiten dituzte hitz batzuk, eta ulertu ere ulertzen dute. Zenbakiak gehienbat, askotan erabiltzen ditugulako arraunean. Jonen (Salsamendi, entrenatzailea) kasuan, euskaraz hitz egiten digu, eta zerbait sakondu behar duenean edota euskaraz ez dakien bati, gaztelerara jotzen du orduan.
Aberasgarria da besteen kulturak gurean izatea. Galdetu egiten diegu zergatik egiten duten gauza bat, edo zer esan nahi duten hitz batzuek. Eskaini izan digute uruguaitarrek hara joatea oporretan, eta baten bat joan ere egin da.
Haietako asko hemen geratu dira bizitzen, denak bertakoak izango balira bezala: errumaniarrak, uruguaitarrak... Arraunarentzat ona da kanpotarrak izatea, eta haietako asko beste batzuek ekartzen dituzte, hemen dabiltzanak arraunean lehendik. Bestela, inork ez luke pentsatuko honelako kirol bat egin zezakeenik. Youtuben estropadak ikusten dituztenean harri eta zur geratzen direla kontatzen digute».
«Arrauna maitatzeak elkartzen gaitu kanpotarrak eta gu»
Itxaso Azkonobieta, Orioko arraunlaria

«Aurten hiru dira kanpotarrak gure traineruan: Vicky (Piñeiro), Andrea (Oubiña), eta Claudia (Armora). Lehen biak, galiziarrak, eta hirugarrena, katalana. Vicky bezalako arraunlari bat Oriora etortzea sekulako gertakaria izan zen 2019ko denboraldian. Dena irabazi genuen. Esperientzia ematen digu, sekulako palmaresa, indarra eta potentzia. Oso umore berezia dauka, eta ondo egokitu zen. Arraun munduan jende asko ezagutzen du, eta ondorioz harreman asko dauzka. Taldearen bizitzan indar handia hartu du. Lider bat da, pertsona bezala ederra. Taldekide perfektua. Anekdota bezala esango dut 2018an etorri zenean, hurrengo denboraldian arraun egiteko, ergometro saioan bera eta Leire Alcala bezalako bi arraunlari ikustea ikaragarria izan zela niretzat. Nire idoloak ziren!
Andrea etorri zitzaigun aro berri baten hasieran, 2022ko denboraldirako. Taldekide askok utzi zuten eta berreraiki beharra zegoen. Iaz ez genuen ezer irabazi, eta aurten ere gurekin segitzen du. Balioa ematen diot horri; erakutsi egiten du nolako pertsona den. Umorearekin harrapatzen gaitu. Arraunean, esperientzia da. Horrelako bat taldean izatea plazera da.
Claudia aurreko denboraldian etorri zen. Ez dauka Vickyren eta Andrearen ibilbide oparoa, baina denbora asko darama arraunean. Jatorra da, umila, eta erraz sartu da taldean. Horrelako arraunlaria behar genuen, indartsua, hirugarren tostarako. Aurten irabazi du lehendabiziko bandera Euskotrenen, non eta Orion bertan, eta horrelakoek asko hunkitzen naute. Haren poza gurea ere izan zen. Gainera, bitxikeria moduan, esan beharra dago gurasoak etorri zitzaizkiola estropada horretan ikustera, eta Castron, astebete geroago, ahizpa izan zuen bisitan; orduan ere bandera atera genuen. Familiakoei etortzen segitzeko eskatzekotan gaude [barrezka].
Errealitate ezberdineko arraunlariak elkartzen gara taldean. Kanpotarrena nabarmentzekoa da. Arrauna bizi nahi dutelako etortzen dira, familiarengandik urruti, eta Galiziara joaten garenean, galiziarrak haien etxekoekin elkartzen direnean, gu ere hunkitu egiten gara. Hemen lana aurkitu, eta hemen geratu dira, euskara ikasten hasita daude. Hasieran dena izaten zaie arrotza kanpotarrei, baina ondo egokitzen dira, eta hori gertatzen da arraunarekin daukaten pasioarengatik.
Oso aberasgarria da kanpotarrak izatea hemen arraunean. Gure hizkuntza eta kultura ezagutzen eta barneratzen dituzte. Euskaraz hitz egiten hasten direnean ederra da entzutea zer azentu daukaten. Guk euskaraz hitz egiten diegu, eta haiek saiatu egiten dira ulertzen. Guk lagundu egiten diegu galdetzen-eta. Haien hizkuntzan aritzen direnean, adi-adi egoten gara entzuten.
Arrauna maitatzeak elkartzen gaitu, azkenean. Musu-truk aritzen gara emakumezkoak. Elkarrekin ordu asko pasatzen ditugu hainbat hilabetez, eta horrekin geratzen gara, lehorrean pasatako ordu guztiekin. Estropadetan hamar-hamaika minutu izaten gara elkarrekin, baina askoz ordu gehiago dira lehia hori prestatzen pasatzen ditugunak. Azkenean, pertsonarekin geratzen zara kirolariarekin baino gehiago.
Euskarari dagokionez, euskara da nagusi gurean, baina gaztelera ere erabiltzen dugu. Izan ere, Patxi [Frances, entrenatzailea] erdalduna da, eta Maiderri [Etxaniz, patroia] aginduak gazteleraz ematen dizkionez, patroiak entzun ahala botatzen dizkigu. Ainhoa Etxenikerekin alderantzizkoa gertatzen da. Baionakoa da, eta gazteleraz ez dakienez, euskaraz aritzen gara harekin denbora guztian».

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo




