«Bat» ez da irteerako «ba!»
Asko dira kanpoko arraunlariak Euskal Herriko traineruetan. Jatorria ere ugaria da: Galizia, Herrialde Katalanak, Espainia, Uruguai, Errumania, Moldavia... Zumaian dabiltza multzo handi horretako bi: Helena Merino kataluniarra eta Sergio Calavia espainiarra, «hemengo arraunaz maiteminduta».

Loria erabatekoa ezagututakoa da Zumaiako arraun elkartea Telmo Deun traineru mitikoarekin, aurreko mendeko 80ko hamarkadan. Nekez pentsatuko zuten garai hartan herriko arraunzaleek handik hiru hamarkada pasatakoan, kanpoko arraunlariak izango zituztenik arraunean. Orduko hartan, kanpotarrak, nolabait esatearren, bailarako arraunlariak izaten ziren, eta Zumaiaren kasuan, azpeitiarrak, beizamarrak eta errezildarrak bat baino gehiago. Orain, Telmo Deunen gerri-gerrian Sergio Calavia joaten da (Granja de San Ildefonsokoa, Segovia, Espainia, 1999), eta Saregileak traineruan, berriz, Helena Merino (Badalona, Katalunia, 1997).
Ez dira etorri berriak. Merino 2018an izan zen estrainekoz hemengo talde batean. Hernanin izan zen, Zumaiarekin batera trainerua osatu zutenean, ETE ligan lehiatzeko. Calavia, berriz, 2021ean eseri zen aurreneko aldiz traineru bateko tostan. Hibaikan izan zen, KAE 2 ligan. Biak ziren arraunlari lehendik, biak Herrialde Katalanetan hain berezko eta ezagun diren llagutetan: Merino Kataluniako moldean, eta Calavia Valentziakoan. «Biak ere oso astunak», esan dute ia batera, Zumaiako arraun elkartearen bulegoan daudela.
Orain leku eta egoera berean badaude ere, Euskal Herrirako bidaiaren abiapuntua ezberdina izan zen bien kasuan. Merinok bazeukan buruan halako amets bat, Orioko traineru jaitsieran jaio zitzaiona behin: «2013an ezagutu nuen bertatik bertara, Badalonako taldearekin etorri ginenean. Guretzat sekulakoa zen hor egotea, 90 ontzi estropada berean, giro zoragarria. Etxeratu nintzenean, gurasoei esan nien Euskal Herrian arraun egin eta bizi nahi nuela egunen batean». Bederatzi urterekin bere hiriko taldean arraunean hasi zen neska-koskorrak garbi ikusi eta sentitu zuen zer nahi zuen izan arraunean, eta non.
Calaviak, ordea, ez zeukan inolako loturarik arraunarekin umetan: «Saskibaloian jokatzen nuen. Itsasoa zer zen ere, Segoviako herri batean...». Baina kirol formakuntzara bideratu zituen ikasketak, Alakanteko unibertsitateko eskaintza “ona” iruditu, eta han joan zen Mediterraneo itsasoaren parajeetara. «Lehen hiruhilekoaren bigarren zatian, Itsasoko Kirolak ikasgaiaren barruan, arrauna landu genuen. Valentziako ontzi tradizionalean, faluchoan, egiten genuen arraun, 400 kilo pisatzen dute. Azterketa, aldiz, aulki mugikorrean 2.000 metro egitea izan zen, eta ondo egingo nuelako-edo, irakasleak esan zidan arraunean probatzeko». 2018ko urtarrilean deitu zion irakasleak llagutean arraunean hasteko. Euskal Herrian arraun egindakoa da Alakanteko irakasle hura: Sergio Corrales. Orion aritu zen 2018an, Ondarroan urtebete geroago, eta 2020tik iaz arte, Astilleron.
Sergio Calavia: «Hibaikan arraunlaririk behar zituztela esan zidan [Gorka Ibarluzeak], eta etorri egin nintzen, urtebeterako bakarrik izango zelakoan»
Euskal Herrian arraun egiteko bidea ere beste arraunlari batek ireki zion: Gorka Ibarluzeak. «Hibaikan arraunlaririk behar zituztela esan zidan, eta etorri egin nintzen, urtebeterako bakarrik izango zelakoan», gogoratu du Calaviak. Merinoren kasuan, 2018ko lehenbiziko esperientzia honela gauzatu zen: «Badalonako entrenatzaileak harremana zuen hemengo entrenatzaile batzuekin, eta Hernanikoak esan zion arraunlariak behar zituela. Hiru etorri ginen». Ordutik, Euskal Herrian dabil arraunean Merino, 2019an izan ezik, Badalonan geratu baitzen. Hernani-Zumaiako esperientziaren ondoren, 2020an itzuli zen, eta bi denboralditan Zumaian egin zuen arraun. Hurrengo bietan, Orion aritu zen, eta azkeneko bi sasoi hauetan, Zumaian dabil berriz. «Eta zuzendaritzan sartuta, iazko azarotik», gehitu du. Calaviak bosgarren urtea du Euskal Herrian. Aurreneko biak Hibaikan egin zituen, eta 2023ko denboralditik Zumaian ari da.
Joan-etorrian hasieran
Orain hemen bizi badira ere, lehen ez, eta atzera-aurrera ibili behar izaten zuten traineru denboraldia iritsi aurretik. Asteburietan etortzen ziren, egun horietako entrenamenduak egin, eta buelta etxera. Horrela astea joan eta astea etorri. Merinorentzat «txarrena» 2018an izan zen, lehendabiziko urtea: «Ostegun gauetan hartzen nuen autobusa, ostiral arratsaldetan bila etortzen zitzaizkidan taldekideak entrenamendura joateko, eta nekeak jota aritzen nintzen, ‘ni zein naiz’ pentsatuz. Ostiral, larunbat eta igandetan entrenatu, eta igande eguerdian, autobusa berriz, beste bederatzi orduko bidaia etxeraino. Eta astelehenetan, unibertsitatera».
Helena Merino: «Ostegun gauetan hartzen nuen autobusa, ostiral arratsaldetan bila etortzen zitzaizkidan taldekideak entrenamendura joateko, eta nekeak jota aritzen nintzen, ‘ni zein naiz’ pentsatuz»
Calaviari ez zitzaion «neketsua» egiten joan-etorriena, «motibazioa delako garrantzitsuena». Baina onartu du bazirela egun bereziak. Eta bat oso presente dauka: «Iaz izan zen. Test bat geneukan goizean goiz hemen, eta egun berean etorri nintzen abioian. Oso urduru nengoen, abioitik jaitsi eta segituan testa, lo gutxi eginda, baina ondo atera zitzaidan, eta pozik».
Hangoa izanda hemengoa bihurtzeko lehen bidai haiek bazuten beste aurreneko aldi bat: traineruan ibiltzea, lehenbiziko aldiz. Arraunlariak izanagatik ere, ez da gauza bera llagutetan arraun egin edo traineruan. Calaviak gogoratzen duena da «dena igartzen» zuela: «Beste arraunketa batekin zabiltza, gaizki ari zara, eta ikusten duzu ontzi guztiari eragiten diola. Arraroa zen». Eta egoera zehatz baten berri eman du: «Arrauna errazago pasatzen nuenez, lehenago jaikitzea eskatzen zidan horrek, besteekin batera joateko, eta ezinbestekoa nuen kontzentrazioa». Entrenatzaileek arraunlariei mila bider esaten dietenarekin akordatu da: «Beti esaten digute arraunean ez dela pentsatu behar, baina hasierako egun haietan, nik, behintzat, pentsatu beharra neukan. 10.000 mila gauza izaten nituen buruan».

Merinok somatu zuen aurrenetako aldaketa beste bat izan zen: «Egonkortasuna da ezberdina traineruaren eta llaguten artean. Mediterraneo itsasoa bainera bat da, eta hango ontziak, hemen arraunean erakusteko erabiltzen diren fosoak». Horri lotuta, hangoaren eta hemengoaren arteko beste ezberdintasun bat aipatu du: «Han, arraunkada bakoitzean, ontzia martxan jarri behar da, eta hemen, aldiz, trainerua esker onekoa da, badoala sentitzen duzu, nabigatzen ari dela». Ederki azaldu du adibide zehatz honekin: «Badalonan badaukagu hemen ‘platanitoa’ deitzen zaion ontzi bat, baina hangoek ez dakite hemengoek bezala arraun egiten». Eta arraunlari izatearen epikotasunari ñabardura bat egin dio, asmo hori izan gabe: «Hemen luxua da arraun egitea, VIP tribuna batean eseritzearen parekoa». Uste berekoa da Calavia: «Trainerua finagoa da Mediterraneoko ontzien aldean. Han, arraunketaren bila joaten bazara, bizkarra puskatzen zaizu».
Igarri zuen kataluniar arraunlariak beste aldaketa bat Euskal Herriko arraun munduan barneratu eta segituan: «Katalunian, estropadak motzagoak dira, eta luzeak, laburragoak. Hemen, kontrakoak, eta ondorioz, entrenamenduak ere ezberdinak dira, luzeagoak». Umorez kontatu du zer aldarterekin bizi izan zuen aldaketa hori: «Begitatzen nuen zer entrenamendu tokatzen zitzaigun egun horretan, eta jope...». Baina bizkor jarri zen: «Egokitu egin behar da».
Bestelakoan, bizitzeko baldintzak «errazak» izan zituztela kontatu dute. Bien kasuan, lehen aldiz hartu zituzten klubek erraztasun guztiak eman zizkieten: «Etxea jarri zidaten, jatekoa erdibana egiten genuen, eta Zumaian entrenatzen genuenean eraman egiten ninduten», kontatu du Merinok. «Lagunei esan nien itxura onegia zuela horrek. Ezin uko egin. Orduan hasi zen dena, eta erabat maitemindu nintzen arraunaz». Calaviari ere antzeko baldintzak eskaini zizkion Hibaikak, eta horiez gain, eta motibazioak, gogoak eta beste pizgarri guztiez gain, hau ere aipatu du: «Uda osoa hemen pasatzea ikasle izanda, mauka handi bat zen. Bestelako ardurarik eta kezkarik ez neuzkan».
Etorri berrien sentimenduak eta kezkak
Euskal Herrira etortzeko erabakiaz ez direla damutu begi bistakoa da: «Maitemindu egin gara hemengo arraunaz». Hemengoei ere gertatzen zaie gauza bera, eta esaten dute baduela arraunak zerbait berezia, lotzen eta kateatzen duena arraunlaria. Bi hauek ere heldu dira sentimendu horren tostan esertzera, eta ez dute askatzeko asmorik. Baina hasiera hartan, beste sentimendu bat ere izan zuten barru-barruan: «Gorrotatu ere egiten duzu. Deneko mina izaten nuen, ipurdikoa, eskuetakoa, abdominaleko agujetak, itsasoko hotza...Baina berriz joaten zara, eta berriz, eta azkenean, maitasunak irabazten dio gorrotoari», azaldu du Calaviak.
Helena Merino: «Itsasoan ontzia nabigatzen sentitzea, talde osoa batera arraunean hori gertatzeko... Azaltzen saiatu arren, ez dizute ulertzen».
Merino ere antzera mintzo da: «Ez baduzu lehendik ezagutu, zaila da ulertzea. Gorrotoa edo maitasuna. Hainbeste urte eginda gero, itsasoan ontzia nabigatzen sentitzea, talde osoa batera arraunean hori gertatzeko... Azaltzen saiatu arren, ez dizute ulertzen. Lanean kontatzen diedanean lehertuta nagoela, gosea daukadala, esaten didate ea zergatik segitzen dudan. Baina badago zerbait lotzen zaituena».

Sentimenduen olatu dantza hori etorri berritan sentitu zuten. Eta aurretik, zer ote zuten buruan? Euskal Herrira etortzeko aukera izan zutenean, zer burutazio izan zituzten biek, edota zer aurreiritzi? Betiko esaldiak azaldu dira erantzunetan. Topikoak, alegia. Baina ez biek horien jiran izan zutelako pentsamendua. Merino hasi da: «Pentsamendu orokorra zabalduta dago Euskal Herritik kanpo, esaten duena euskal herritarrak itxiak eta oso zuenak zaretela, baina oso irekiak zarete, laguntzen diguzue, euskarazko solasaldiak itzuli egiten dizkigute gaztelerara eta abar. Okerragoa da Bartzelonakoa itxitasunari dagokionez». Etxean zer esan zioten aipatu du: «Galdetzen zidaten ea nirekin hitz egiten al zuten». Baietz erantzuten nien, baina beste hizkuntza batean [barrezka]”. Lasai etorri zen alde horretatik: «Gaztea nintzen, eta oso irekia izanda, batere kezkarik gabe etorri nintzen. Azkenean, egokitu egin behar da, egokitu ala hil [barrezka]». Egokitzeko nahi horren barruan, euskara ikasten ari da Merino: «Euskaltegian eman nuen izena, eta hor ari naiz pixkanaka».
Calaviari ere egin zizkioten galdera batzuk hango ezagunek-eta: «Nora nindoan han gora, esaten zidaten. Baina garbi dago lekuak eta jendea ezagutu arte ez dela iritzirik eman behar, eta are gutxiago, 400 kilometrora egonda». Euskal herritarren izateko era azaltzerakoan, Merinoren iritzi berekoa da: «Asko igartzen da nola defendatzen duzuen hemengo kultura. Ezberdina da besteen aldean. Eta itxiak ez zarete, justu kontrakoak». Azkeneko Gabonetan bizi izan zuen egoera gozo batekin jantzi du azalpena: «Jaiegunetan lana nuenez, Hibaikako lagun batek esan zidan bere etxera joateko jaiak ospatzera».
Sergio Calavia: «Asko igartzen da nola defendatzen duzuen hemengo kultura. Ezberdina da besteen aldean. Eta itxiak ez zarete, justu kontrakoak»
Euskararen gaian, badute biek anekdota bat: ‘bat’ zenbakia dela, eta ez aurreneko arraunkadak eman aurretik erabiltzen den ‘ba’. Adar jotzea ematen du, baina biei gertatu zitzaien gauza bera hasieran: «Lehen urte erdian hemen, irteerako 3, 2, 1 ikasi nituen, bestela irteerak ez nituen-eta ematen. Bat entzun eta arraunean ni, ‘ba!’ zelakoan”, oroitu du Merinok. Calavia ere antzera ibili zen: «Ba! entzun eta banoa, baina bat zen, eta nabarmen geratu nintzen [barrezka]. Ingurukoen errietak aditu behar, gainera, ‘esan diguzu eta mila aldiz azaldu...’».

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo




