Erraustegiaren aurka larunbatean zapia buruan jartzeko deia zabaldu du Gurasosek

Larunbatean manifestazioa egingo dute Donostian erraustegiaren aurka, Gurasos plataformak deituta. Bertaratuko direnei gonbitea luzatu diete antolatzaileek: zapia buruan dutela joan «indarra eta kemena» irudikatzeko, ‘Kontuz, ama naiz!’ ekimenarekin lotuta.

naiz|24/02/2020
Loading player...

Larunbatean erraustegiaren aurka Donostian egingo duten manifestazioaren harira, bideo bat argitaratu dute. «Kontuz, ama naiz. Natura, bizitza, etorkizuna naiz. Zertan ari zarete nirekin? Indarra eta kemena dugu eta irudikatzeko zapia jarri det buruan».

Eta gauza bera egiteko deialdia zabaldu dute. Larunbatean, 17:00etan, Easo plazatik abiatuko den mobilizazioa zapia buruan jartzeko gonbitea luzatu dute antolatzaileek. «Ez erre etorkizuna!», aldarrikatu dute.

Bide juridiko, diplomatikoa eta mobilizatzailea uztartzeko bidean doa ekimen berri hau ere, erraustegia «neurriak hartzen ez diren bitartean behintzat» martxan jarriko ez dela bermatzeko. Horretarako eztabaida «ezinbestekoa» dela iritzi dio Gurasos plataformak. «Herrialdeko agintariekin eztabaida gune bat sortu eta gizartearekin partekatutako adostasun bat bilatzea» dute jomuga.