Super Trionics eta Urkutron, sarean barre algarak eragin dituen EP-IUren bideoa

Elkarrekin Podemos-IUk azaldu duenez bideoan Super Trionics-ak gauzak beste era batera egiten saiatzen dira, baina Urkutronek -EAJko hautagaiari erreferentzia eginez- hori eragozten saiatzen da. Mezuari erreparatu gabe, bideoak aipamen askotxo izan ditu bere formagatik eta irrigarritzat jo dute askok.

NAIZ|01/07/2020
Loading player...

Gasteizko Parlamenturako hauteskunde kanpaina honetan, Elkarrekin Podemos-IU izaten ari da kanpainako bideo batekin sareak txantxaz betetzen ari dena. Sare sozialetatik zabaldu zuten astelehenean, ekainak 29, eta Twitteren 600.000 erreprodukzio inguru, 4.000 birtxio inguru eta 1.500 komentario baino gehiago bildu zituen lehenengo 24 orduetan.

Bideoaren protagonistak hiru super trionics (power ranger antzeko pertsonaiak) dira: morea, gorria eta berdea. Kolore horiek bat datoz Elkarrekin Podemos-IUk bere programaren hiru ardatzak sailkatzeko erabiltzen dituenekin. Morea zainketen birbanaketari eta desberdintasunaren aurkako borrokari lotuta dago; gorria aberastasuna birbanatzeari eta oinarrizko eskubideak eskuratzeari; eta berdea trantsizio ekologikoari.

Baina super trionics bakoitzak alderdi bat ordezkatzen duela ere interpreta daiteke. Morea Elkarrekin Podemosi, gorria PSEri eta berdea EH Bilduri, Miren Gorrotxategi buru duen alderdiak hauteskundeen ostean gobernua horiekin osatu nahi lukeelako askotan esan baitu.

«Duela gutxi, galaxia ez hain urrun batean, batzuk gauzak beste era batera egin nahi izan zituzten, baina Urkutron hori eragozten saiatu zen», dio EP-IUk twitteretik bere bideoa aurkezteko.

Orain arte, lehen kapitulua baino ez dute igo, non hiru super trionics-etako batek, moreak, etxean ezer egiten ez dutela aurpegiratzen dien beste biei. Une horretan Urkutron, Urkulluri erreferentzia eginez, agertzen da pantaila batean eta mehatxu egiten die hirurei: «Oraingoan zuekin amaituko dut» dio.

Istorioaren lehen atala bakarrik izan bada ere, bideoak ez du inor axolagabe utzi, eta askok «irrigarria» dela adierazi dute sare sozialen bidez.