Ramon Sola
GAUR8

Gatazkaren saminak eta etekinak

Galdera bitxia luzatu du Mario Fernandezek: «Zer egingo luke zuetako bakoitzak, borroka antiterroristaren lehenengo lerroan egon den pertsona batentzako laguntza eskatu balizuete?».

2015/02/14

Ramon Sola
Gatazkaren saminak eta etekinak
 

Samina gatazkaren bi aldeek pairatu dute. Etekinak, ordea, alde bakarrean pilatu dira; ekonomikoak eta politikoak. Horrexegatik ari dira errazago elkartzen bi aldeetako biktimak bi aldeetako politikoak baino

Galdera bitxia luzatu du Mario Fernandezek: «Zer egingo luke zuetako bakoitzak, borroka antiterroristaren lehenengo lerroan egon den pertsona batentzako laguntza eskatu balizuete?». Eta erantzuna ere eman dio: «Suposatzen dut nik egin nuen gauza bera egingo lukeela zuetako bakoitzak, eta nire aurretik pertsona eta erakunde askok egin duten berdina». Ba ez, suposizio okerra, Fernandez jauna, aurretik gezur borobilez eta egia erdiz osatuta baitago zure galdera. «Laguntza» hori ez baita laguntza, ez du segurtasunarekin inolako zerikusirik (norengandik babestu behar zuten bada Cabieces 2012. urtetik aurrera, behin ETAk borroka armatua amaituta, hilero 6.000 euro jasotzen hasi zenean?). Patrika betetze hutsarekin du zerikusia horrek. Kutxabankeko presidente ohiak egiten digun galdera maltzurrari benetan helduz, errazagoa da erantzuna: «Dena hain garbia, onargarria, errespetagarria, ia eredugarria baldin bazen, zergatik ez zuten jende aurrean azaldu eta justifikatu?». Gezurrak milaka bide, bihurgune eta zirrikitu ditu; egiak, berriz, bide bakarra eta zuzena.

Harridura sortzen du eskandaluak, baina gertatu den uneagatik bereziki. Aurretik, gatazka gordineko garaietan, holakoak barra-barra aurki genitzake. Epai bidez egiaztatuta dago, Nafarroako presidente zen garaian, Leitzarango autobidearen aurkako ETAren erasoak komisio ilegalak kobratzeko baliatu zituela Gabriel Urralburuk (orduantxe hobeto ulertu genuen ezker abertzalearen kontrako bere oldarraldien azpian, «kalean iraindu eta tu egin behar zaie» mikatz horien atzean, interes propiorik ere bazela). Rafael Vera harro ageri berri da GALen «lorpenaz», baina ez du hain gustura aldarrikatzen diru erreserbatuak poltsikora eramateagatik kondenatua izan zela (orotara lau milioi euro eraman zituztela dio epaiak). Eta azken urteotan askoren ahotan ageri da segurtasun enpresa pribatuetan Jaime Mayor Orejak eta abarrek dituzten negozioak («horrelakoak gertatzen direnean, segurtasunik ez izatea interesatzen zaizu, eta ezin dut argiago mintzatu», ondorioztatu zuen Chema Herzog Errenteriako PPko zinegotziak).

Nabarmen gelditu da ere, astebetetik hona, Cabiecesena askoren arteko kasu bakar eta txiki bat baino ez dela. Ez bakarrik Fernandezek beste izen batzuk mahai gainean jarri dituelako, iritzigile askok leiho horiek zabaltzeak dakartzan arriskuez ohartarazi dutelako. Kirats gehiegi, esan du baten batek. Noraino ordea? Zenbat enpresek eta erakundeek dituzte beren «diru erreserbatu» propioak, Estatuaz haratago? Bidegik berak ere ba al zuen, A-P1 autobidean agertzen ari zena ikusita? Kazetarientzako «fondo de reptiles» famatu hura inoiz desagertu al zen?

Ukaezina da, hau guztia ikusita, gatazkak ez duela bakarrik samin ikaragarria eragin; etekin lotsagarria ere eragin du batzuentzat, oraindik neurtu ezin dugun tamainan. Etekin ekonomiko soilaz ari gara, etekin politikoaz ere luze hitz egin zitekeelako. Eta bada kontuan hartzeko beste ezaugarri bat: samina gatazkaren bi aldeek pairatu dute, eta eurekin batera baita ez alde batean ez bestean ez zeuden lagun askok eta askok ere. Etekinak, ordea, alde bakar batean pilatu dira, eta, dudarik gabe, alde horretan ere ez ziren guztion artean berdintasunez banatuko («lehen lerroan» Cabieces?).

Txingudiko elkarbizitzari buruzko jardunaldietan, indarkeria jasandako biktima ezberdinak elkartu dira pasa den astean. Hausnarketa interesgarri eta zintzo asko utzi dituzte, elkarren arteko solasaldi lasai eta oparoan. Bat aipatzeagatik, hauxe, ETAk hildako espetxe funtzionario baten anaia den Josemi Gomez Elosegik plazaratutakoa: «Bildu garen guztietan, akordioetara heldu ohi izan gara. Sufrimenduak lotzen gaitu, eta horregatik beste pertsonaren tokian jartzeko gai gara». Horra hor paradoxa handia: gehien eman dutenek, benetako «lehen lerroan» egon direnek alegia, errazago heltzen diote elkarbizitzari, beren larruan gatazka hain gordin jasan ez duten politiko profesionalek baino. Cabieces, Urralburu, Vera, Mayor Oreja eta abarrena ikusita, azalpena begien bistakoa da: nekeza izan behar du etekinari (ekonomikoari zein politikoari) muzin egiteak. Saminak elkartzen du, etekinak urrundu.

Recherche