Zirtzilkeria Donapaleun 
18/02/2020

Aro ezin eguzkitsuagoarekin atera ziren bolanta, zirtzil, musikari eta dantzariak Donapaleun otsailaren 16an. Herriko karriketan gaindi desfilea egin ondoren, Foirail plazan bildu ziren libertimenduaren emanaldia emateko. Herriko bozetatik hasiz, hartzaren erasoak, kultura herrikoia eta beste hainbat gairi loturiko aferak ilunpetik atera eta plaza erdian salatu zituzten zirtzilek. Hauen balentriak Elixabet Etxandi eta Ramuntxo Christyk bertsutan kantatu zituzten, ikuslegoak berriz txalotu eta azkenik bolantek denak haizatu.