
Kanoiak lehen lerrora gerturatzen ari dira, eta bolbora usaina gero eta nabarmenagoa da Donostiako kaleetan. Hiritarrek festa gogoa dute.
Egun gutxi besterik ez dira falta Donostiako Aste Nagusiari hasiera emateko, eta aurtengoak azken urteetako egitaraurik «mamitsuena» izango du. Udalak 416 jarduera antolatu ditu hiriko 30 gunetan, eta hainbat berrikuntzarekin datoz.
Aste Nagusia abuztuaren 8an hasi eta hilaren 15ean amaituko da. Ohiko kanoikadak emango dio ongietorria. Aurten, Donostiako zazpi dantza talderen ordezkaritza izango da udaletxeko terrazan: Antiguotarra, Arkaitz Añorga, Gero Axular, Goizaldi, Trebeska, Herridantza eta Kresala dantza taldeenak. «Hiria egiten laguntzen duten zazpi kultur eragile» direla gehitu du Ana Lopez Kultura zinegotziak.
Doinuak protagonista
Berrikuntzei dagokienez, natura, zientzia, kultura eta tradizioa uztartuko dituzten hainbat jarduera eskainiko ditu Udalak festen bueltan. Hilaren 10etik 14ra, bisita gidatu bereziak antolatuko dira Gladys Enea, Aiete, Ametzagaina, Urgull eta Ulia parkeetan, hiriko babesgune klimatiko nagusienak ezagutarazteko xedez.
Kursaaleko terrazak ere berrikuntza izango du aurten. ‘Arratsaldea dantzatzen da!’ egitasmoak zuzeneko musikaz girotutako dantzaldiak eskainiko ditu, eta ‘Guretara’ ekimenak, berriz, XX. mendeko hogeigarren hamarkadako doinuak izango ditu protagonista.
Bestalde, festetako ikur nagusietakoa den Gastronomia lehiaketa txapelketaren berrikuntza kokotxak pil-pilean sukaldatzea izango da. Horrez gain, Oporrak Bakean ekimenaren 40. urteurrenaren ospakizuna, Puro Relajo eta Aba Taano taldeek Konstituzio Plazan eskainiko dituzten emanaldiak, eta Urumean zehar Martutene ezagutzeko piragua ibilbideak ere izango dira berritasunak.
Eguzki eklipsea
Festa lehertu eta lau egunera, abuztuaren 12an, eguzki eklipseak hiria hartuko du. Arratsalde osoan zehar Katalunia plazan eta Saguesen zientzia, dibulgazioa eta jai giroa uztartuko dituzte etxeko txikienentzako jarduerekin. Horren ostean, bertatik jarraitu ahalko da eklipsea.
Jai giroan ere kirolak ez du etenik izango, eta Donostiako hainbat txoko hartuko ditu. Egian Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa jokatuko da, Boulevardean Bizikleta Festa eta Zurriolan hondartzako boleibola. Pilota izango da protagonista Antiguan, eta Ondarretako Tenisean, berriz, padela. Beroaren aitzakipean, waterpoloko jokalariak zipriztindu egingo dira Nautikoan.
Aste Nagusiari buruz ezin da hitz egin su artifizialen lehiaketa aipatu gabe. Aurtengoa 61. aldia izango da, eta amaiera emateko, abuztuaren 15ean, Valecea pirotekniak bere 150. urteurrena ospatzeko bereziki sortutako ikuskizun piromusikala eskainiko du.

Fallece Aitor Agiriano ‘Toro’, exguitarrista de Doctor Deseo y compositor de música para teatro

EH Bildu pide explicaciones por la última intervención violenta de la Ertzaintza en Donostia

Ertzaintzaren «bortizkeria eta jazarpen poliziala» salatu dute Donostiako Karmengo jaietan

Los tiempos están cambiando, mucho

