
Elorrion eta Santurtziko Mamariga auzoan jaiak ospatuko dituzte irailaren 4tik 13ra, 10 egunetako egitarauak osatuz.
Elorrioren kasuan Ferixa Nausikoen txanda da. Ostiral honetan botako du Elorrioko Merkataritza Elkarteak txupinazoa, 25 urte betetzen baititu. Udalak jaiak hasteko ohorea eman nahi izan dio «tokiko merkataritza bizirik mantentzeko egindako lanagatik eta herriari emandako zerbitzuagatik».
Herria kulturaz, tradizioz, kirolaz eta giro alaiez busti dadin adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau oparoa osatu dute. Ikuskizun eta kontzertu nagusien artean azpimarratzekoak dira Los Zopilotes Txirriaos, Xabi Aburruzaga, Maruxak, Sukar eta tributu ezberdinak, baita bertso-saioak, kale-antzerkiak nahiz haur zein jubilatuentzako ekitaldi bereziak ere.
Horrez gain, Danborrada (irailak 5), Sukalki Eguna (irailak 12), kuadrillen arteko jaitsiera eta jolasak (irailak 7), eta Elorrioko Kolore eta Zaporeak kulturarteko jaia (irailak 13) izango dira herriko tradizioaren erakusgarri. Haurrentzako egunero izango dira haur parkeak, jolasak, bitsaren festa, buruhandiak edo txutxu trena.
Berrikuntza modura, txosnagunea Buzkantz kalean eta Ganondon kokatuko da aurten.
Ferixa Nausikoei izena ematen dien nekazaritza eta abeltzaintza azoka igandean, hilak 6, ospatuko da, goizeko lehen ordutik, tradizioa den bezala, ganaduz, lehen sektoreko tokiko produktuen postuz eta artisautzaz betez Ferixa eta bere inguruak. Horrez gain, egun honetan izango dira baita ere umeen danborrada eta federatuen esku pilota eta pala partidak.
Udalaren eta eragileen helburu nagusia errespetuzko giro alaia mantentzea da. Horregatik, zabaldu dute ez dela «inolako jarrera sexista, homofobo, transfobo edo arrazistarik onartuko», eta indarkeria matxistari aurre egiteko Protokolo Feminista eta 24 orduko arreta-telefonoa aktibo egongo direla jai osoan zehar.
Horrez gain, garraio publikoa errazteko, gaueko autobus-zerbitzu bereziak eskainiko dira Ibarra kaleko geraleku nagusitik, eta bakarrik bidaiatzen duten emakumeek eskatutako geldialdiak egiteko aukera izango dute.
Informazio honen babesleak: Elorrioko Udala, Bikale, Zubiertz taberna, Parra taberna, Portalekua taberna eta Batzoki Elorrio

Txapeloren itzulera Mamarigara
Santurtzira salto eginez, Mamariga auzoan ere ikasturte hasiera honi festarekin erantzungo diote, egunero baitute zerbait aurreikusia ostiral honetan txupinazoarekin batera Txapelori ongi etorria ematen diotenetik, agur esaten dioten arte.
Lehen egunean haurrek turutak egin eta aurpegiak dotore margotu ditzaten tailerrak izango dira. Ondoren, Isasoko Ama eskolako ikasleek eta Kubaitarrak kuadrilak irakurriko dute pregoia eta auzotik fanfarria hasiko da, giroa alaituz. Iluntzean sardinak banatuko dituzte eta buruhandiak aterako dira.
Datozen egunetan txano eguna, Sardinera eta Arrantzaleen eguna, Birjina eguna, txikientzako eguna eta gazte eguna prestatu dituzte. Horiez gain, betiko jokoa eta playbackak egingo dituzte, baita mozorroen jeitsiera eta dantza alardea ere. Herri bazkariak eta patata tortilla eta marmitako lehiaketak, puzgarriak, pala, gel eta futbito txapelketak, antzerkia, koadrilen arteko herri kirolak edota txokolatada ez dira faltako.
Musikari dagokionez, kontzertuak izango dira irailak 4, 5, 11 eta 12an, 23.00etan: Tribu Cohetes, Ingot eta Lukiek, Mamariga Plaza eta Apotheke 90, eta Argitu erromeria. Gainontzeko egunetan ere pintxadak eta kontzertu txikiak egongo dira tabernetan, hauek egitaraua osatzen laguntzen baitute.
Festak igandean hila 13an amaituko dira, 22.00etan, Txapeloren erretzearekin eta azken trakarekin.
Informazio honen babesleak: Ahizpak taberna, Antolin joyeros, Degustacion Arraun, Goxo Taberna, Luzaide euskal jantziak eta Joex Berria

Ester Muñoz, desde Madrid al rescate de la alicaída txosna del PP en Bilbo

«Guk nahi dugun jai eredua lortzeko hau da bide bakarra»

Un tropel de albokaris vuelve a animar el recinto festivo otra Aste Nagusia

Aste Nagusia bate récord con una participación que supera los dos millones de personas
