
Liburua bera bezala, astelehen honetan egindako ‘Euskal sukaldaritza berria, atzo, gaur eta bihar’-en aurkezpena aitzindari talde hari eskainitako omenaldia izan da. 50 urte, 50 irudi, 50 begirada. Argitalpenean parte hartzera gonbidatutako kideek testu bana idatzi diote Andoni Beristainek argazkiz proposatutako begiradari.
Argitalpenean testuak eta argazkiak nola, aurreko belaunaldia eta oraingoa eskuz esku agertu dira txiki geratu den Aiako K5 Txakolindegiko aretoan. Bertan bildu moduan jardun dute eta aritzen dira Euskal Herriko jatetxeetako sukaldeetan.
Karlos Arguiñanok eta Amaia alabak –K5 Txakolindegiaren arduraduna– egin dituzte ekitaldian anfitrioi lanak, haiek egin diete ongietorria laino artean mahatsa bildu berri dagoen mahastiaren ondoko eraikinean. Arguiñanok ondoan izan ditu Hilario Arbelaitz, Ramon Roteta, Martin Berasate, Tatus Fombellida, Pedro Subijana eta Elena Arzak, azken hau Juan Mari aitaren izenean. Hilda daude beste hainbat kide, Jose Juan Castillo eta Luis Irizar horien artean.
«Gure amak hartu zuen bidea eta autopistan bihurtu zen Euskal Sukaldaritza Berriarekin. Gazteak ere prest daude atzetik jarraitzeko, beraz gure sukaldaritzak aurrera egingo du munduan», adierazi du Hilario Arbelaitzek.
Franco hil berri, denek eman zuten pauso bat aurrera eta Euskal Sukaldaritza Berriaren zutoinak ezarri. «Lan egiteko, ezagutza partekatzeko eta lurraldearekik lotura ulertzeko modu berri bat ireki zuten» Joxe Mari Aizega Basque Culinary Center-eko zuzendariaren esanetan. Bat etorri dira gainontzeko gonbidatuak.
Erroak sakon, begira zerurantz
«Gastronomiaren kultura sortu zuten, baita ekonomiari bultzada eman ere», adierazi du. «Helmuga bihurtu zuten Euskal Herria, ikur nagusi bihurtu mundun zehar». Mahatsak lurrean sustraiak sakontzen dituen moduan tradizioari eutsi zioten eta mahatsak begirada zerurantz luzatzen duen bezala berrikuntzetara zabaldu.
Guggenheim Museoaren zuzendari Miren Arzalluz ere bertan izan da. Eskerrak eman dizkie egindako ekarpanarengatik eta erakutsitako ausardiarengatik. «Gure kultura eta herria eraldatu zituzten. Ordu baxuak eta garai zailak bizi zituen herriari autoestimua berreskuratzen lagundu zioten», esan du. Berrikuntza, ausardia, anbizioa, bikaintasuna, kultur sorkuntza, elkarkidetza eta lantaldea azpimarratu ditu bultzatutako baloreen artean. Eta komunean dituzte bere esanetan Euskal Sukaldaritza Berriak zein berak zuzentzen duen Guggnheim Museoak.
«Gure herriaz kanpotik duen begirada nola aldatu den ikusi dut etxetik kanpo izan naizen urteetan. Badakit gutaz zuten iritzi ezkorra irudi zuzenagora nola garatu den, mirespena sortzeraino; primerako euskal enbaxadoreak dira sukaldariak», gaineratu du.
Imanol Zubelzu Mantala Basque Gastronomyren ordezkariak hauxe adierazi du. «Euskal Sukaldaritza Berria ez zen eraberritze gastronomikoa bakarrik izan. Ateak irekitzeko modu bat izan zen, ezagutza partekatu eta sukaldea beste begirada batetik ikustekoa; sekretuak atzean utzita elkartruketik hazteko; eta lehiak gaindituta, konplizitatetik eraikitzeko».
Izan ere, elkarlanean sortutako komunitatearen balioa azpimarratu dute bertaratatutakoek.
Aitzindariei lekukoa hartu zien hurrengo belaunaldiko hainbat kide ikus zitezkeen aretoan, gaur egun hainbat jatetxeren ardura euren bizkar dutenak. Aitor Arregi Elkano jatetxeko nagusia da haietako bat. Etxekoandreek mende luzez egindako ekarpena nabarmendu du bere hitzartzean. «Itsas herrietan gizonezkoak itsasora joaten zirenean ez zekiten noiz itzuliko ziren, ezta bueltatuko zirenik ere. Etxea eta herria emakumeek egiten zuten», nabarmendu du.
Parean zuen Maria Rosa Larrañaga izeba eta Getariako Kaia-Kaipe jatetxeko ardura izan duena, gizonezkoen argi-fokurik gabe hamarkadatan lanean tinko jarraitu duen emakume haietako adibideetako bat.
Toti Martinez de Lezea idazleak ere parte hartu du liburuan eta ekitaldian zen. ‘Sare bat ez da soka bakar batekin sortzen’. Hauexek berak idatzitako hitzak argitalpenean. Franco hil berri jendartearen sektore denetan bizitako loraldia ekarri du gogora. «Nor ginen, nolakoak ginen esateko beharra zegoen. Aurreko ehun urtetan gertatu ez zen garapena eman zen. Lurra prest dago baloreak gal ez daitezen», esan du.

Lekeitioko Antzar Eguna bertan behera geratu da 20 urteko gazte bat kaian hil ondoren

Tarta de arroz con leche

EHUko ikertzaileek argitu dute zergatik altxatu den gehiago isurialde atlantikoko lurrazala

Un equipo de EHU descubre una estructura en forma de decágono en las nubes de Saturno

