BABESLEDUN EDUKIA

Maritxu Kajoi, mende erdian hutsik egin ez duen jai herrikoia

Arrasateko txikitero baten ateraldiarekin hasi zen jai herrikoiak mende erdia beteko du aurten. Antolatzaileek dioten moduan, herriko taberna eta jatetxeek urtero emandako dirulaguntzei eta herritarrek erositako eskapularioei esker sortu dira 50 «mirari» eta ehundaka bizipen.

Maritxu Kajoi egunean falta ezin diren bi gauzak: lore eskaintza eta eskapularioa lepotik zintzilik.
Maritxu Kajoi egunean falta ezin diren bi gauzak: lore eskaintza eta eskapularioa lepotik zintzilik. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ohikoa den moduan, urriko lehen ostiralean ospatuko da Maritxu Kajoi eguna, baina aurtengoa berezia izango da, 50 urte beteko ditu eta. 1977an kuadrilla gutxi batzuk hasi ziren goizetik goizera luzatzen den jai hori ospatzen eta imajinatu ere ez zuten egingo, hainbeste urteren ostean, horrelako egun berezia bihurtuko zenik.

Antolatzaileek gogoratzen dutenez, «70. hamarkadaren hasieran, kuadrilla ugari eta haundi xamarrak ibiltzen ziren tabernarik taberna txikituak edaten eta kantuan». Horien guztien artean zegoen Pepe Txantxote, Arrasateko gizon alai eta saltseroa. «Muletarekin ibiltzen zen txikiteoan eta kuadrilla batzuk, Txantxote ikusten zuten bakoitzean, trago batera gonbidatzen zuten. Hark, basoa altxatu eta ‘por Maritxu’ esaten zuen. Ingurukoek bere emaztea zela uste zuten, baina berak, elizaren horman dagoen Errosarioko Ama Birginari begiratuz, Maritxu hura zela azaldu zien: Maritxu Kajoi, txikiteroen patroia».

Pasadizo hori aitzakiatzat hartuta, herritar talde batek Maritxu Kajoi festa egiteko ahalegina egin zuen, 1975ean. Baina urte hartan izandako gertakari batzuek (Txiki eta Otaegiren eta Iñaki Etxaberen hilketek) bere horretan uztera behartu zuten. Bigarren saiakera hurrengo urtean izan zen, baina orduan ere ezin izan zuten ospatu, aste bete lehenago Jose Luis Iñarra herriko parrokoa meza ematen ari zela hil baitzen. Hori bai, kuadrilla batek topa egin zuen Maritxu Kajoiren omenez.

Azkenean, 1977. urtean –hirugarren saiakeran– lortu zuten jaia ospatzea, Errosarioko ama birjinaren egunarekin bat eginez. Lehen urte hartan ez zuen partehartze handirik izan, baina urtetik urtera indarra hartzen joan zen eta gaur egun Komisiñua arduratzen da jaiaren antolakuntzaz.

Aurtengo ospakizunei hasiera emateko, pasa den ostiralean afari-merienda egin zuten eta ondoren Arrasateko gaiteroei omenaldia, herrian egin duten eta egiten ari diren lana eskertzeko. Ostiral honetako egitaraua goizeko 8.00etan botako dituzten etxafleruekin zabalduko da eta 12.00etan txosnagunearen irekiera eta Burrunbazaleak txarangaren irteera izango dira.

Ohikoa den bezala, ekitaldi nagusiak arratsaldean izango dira: 19.00etan Oria txaranga abiatuko da eta 20.30ean Maritxuri lore eskaintza egingo zaio. Gauean ez da musika eskaintzarik faltako: 21.30ean DJak txosnagunean eta 23.00etan dantzaldia herriko plazan Luhartz taldearen eskutik.

Urtero bezala, antolatzaileek dei egin diete herritarrei dotore jantzi eta kalera irteteko, «izan korbata, pajarita, tirante edo leopardoz». Hori bai, derrigorrezkoa izango da eskapularioa zintzilik eramatea.

Informazio honen babesleak: Agirre-etxe Coviran, Ferreteria Aldedi, Larrinetxe jatetxea.