2026 ABU. 08 - 16:19h Elkarrizketa Daniel Marijuan eta Markel Ruiz de Gordoa Gasteizko Erraldoien Konpartsako kideak «Folklorea, tradizioa eta herria irudikatzeko bide bat dira erraldoiak» Jendeak jaietan ikusten ditu erraldoiak, baina kalean ematen dituzten minutu horien atzean hilabeteetako lana dago. Gasteizko Erraldoien Konpartsako kideek urte osoan prestatzen dituzte ekitaldiak, tradizioa bizirik mantentzeko. Pasioaz, talde lanaz eta jaiak ulertzeko duten moduaz hitz egin dute. Markel Ruiz de Gorda eta Dani Marijuan, erraldoi batekin. (GARA) Markel de Bilbao Catediano Apirilean hasten dituzte entseguak, baina diote konpartsaren lana ez dela inoiz amaitzen. Daniel Marijuan eta Markel Ruiz de Gordoarentzat, Gasteizko Erraldoien Konpartsako kideak, jaiak pasioz, konpromisoz eta talde lanaz bizi diren hilabeteetako lanaren emaitza dira. Erraldoiak kalera ateratzea baino askoz gehiago da haientzat: tradizioa zaintzea, herriaren nortasuna irudikatzea eta belaunaldi berriei ilusioa transmititzea. Jaietako unerik berezienez, Udalarekin duten harremanaz eta konpartsaren etorkizunaz hitz egin dute elkarrizketa honetan. Noiz hasten dira jaiak zuentzat? Daniel Marijuan: Entseguak apirilean hasten ditugu, San Prudentzio eta Aste Santua zein egunetan diren kontuan hartuta. Hori bai, gure kasuan urte osoan zehar gabiltza gauzak prestatzen. Markel Ruiz de Gordoa: Beti hitz egiten gabiltza. Kontu berriak ateratzen dira egun batetik bestera, eta gure artean gauzak adostu behar ditugu. Zuen jarduera jaiei bakarrik zuzenduta dago? M.R.G.: Argi dago jaiek pisu handia dutela. Baina urtean zehar ekitaldi txikiagoak ere egiten ditugu: Olarizu, Olentzeroren kalejira, San Prudentzio... Ekitaldirik egiten al duzue Gasteiztik kanpo? M.R.G.: Eskaintzen dizkiguten gonbidapenak bai, baina gure arazo nagusia erraldoiak garraiatzea da. Udaletxearenak dira, eta zaila da guk nahi dugun guztia egitea haiekin. Azkenean, beraiek dute azken erabakia. D.M.: Beste konpartsa batzuek «trukaketak» egiten dituzte: haiek leku batera joaten dira eta gero besteak hona etortzen dira. Baina gure kasuan zaila da hori egitea. Gonbidapenak jasotzen ditugu, baina zaila da dena koadratzea. Oso gutxitan etortzen dira kanpotik; azken aldia duela 10 urte izan zen, gure 100. urteurrena ospatu genuenean. Zuen jarduera zer da, lana ala pasioa? M.R.G.: Biak daude, noski, baina pasioak lanak baino leku handiagoa dauka. Ezinezkoa da honetaz bizitzea. D.M.: Egiten ditugun gauza asko guk nahi dugulako egiten ditugu. Jaien programaren zati bat gara; hortaz, lana bezala har genezake. Baina egiten dugunaren zatirik handiena bokaziotik dator. Sartzen den jende gehienak ez daki soldata bat dugula sartu arte. Adierazgarria da hori. Aitortza falta somatzen duzue? M.R.G.: Polita da aitortza hori jasotzea, baina ez da batere beharrezkoa. Nahiz eta erraldoiaren barruan egon, jendearen poza ikustea eta umeak nola harritzen diren ikustea da benetako saria. D.M.: Aitortza ez da pertsonala; konpartsari zuzendutakoa izan beharko litzateke. Iaz txupinazoa bota genuen, eta kristorena izan zen. Urrezko Zeledona ere eman ziguten. Ez dituzu zuri zuzendutako hitz politak behar, konpartsari zuzendutakoak baizik. Hori bai, faltan botatzen dugun aitortza kontratatzen gaituztenen aldetik dator. Udalarena? D.M.: Hori da. Nire ustez, aitortza handiagoa egon beharko litzateke haien partetik. Baliabideez hitz egiten ari zara? D.M.: Ez da diru kontua. Lanerako eta parte hartzeko egoera hobea izan beharko litzateke. Urteekin asko aldatu den zerbait da. Duela 10 urte baino askoz indartsuago gaude orain. Horregatik, gero eta jende gehiagori gustatzen bazaio, aitortza maila hori ere handitu egin beharko litzateke. Konpartsen egoera hobetzeko tartea dago. Baldintzak ezin dira berdinak izan gero eta gauza gehiago egiten baditugu. Taldeak asko eskertuko lituzke hobekuntza horiek. Goiz esnatu behar zarete Konpartsa dela eta. Gauez ateratzen zarete hala ere? M.R.G.: Pertsonalki, ez. Egia da Gasteizko jaietan goizetan ekitaldi eta jarduera gutxi daudela. D.M.: Blusa bazara, ezberdina da, noski. Goizeko jardueretan ez nago, bazkarian ere ez, eta paseillora justu-justu iristen naiz. Faltan botatzen dut? Egia esan, ez. Niretzat jaiak konpartsaren sinonimo dira. Egunez bizitzen ditut jaiak; gaua bigarren plano batean geratu da. Polita da goizetik kalean ibiltzea; jaien beste aurpegi bat ikusten da, non alkohola eta festa ez diren protagonistak. Erraldoia izatearen erantzukizuna sentitzen al duzue? D.M.: Bai. Orain normalizatzen ari gara, baina kanpotik ikusten duzunean konturatzen zara ume zinenean zenuen amets bat bete duzula, eta egunero egiten duzula. 50 urte barru argazkiak ikusiko ditugu eta harrituko gara. Hori bai, gozatzen dugun anonimotasun horrek lasaitasuna ematen digu; gure kasua ez da Zeledonena. Jaietako momenturik gogokoena? M.R.G.: Galdera zaila da. Agurra oso polita da, baina hilaren 4an ateratzen garen une hori ikaragarria da. Txupinazoa bota eta gu ateratzen gara. Oso berezia da. D.M.: Apiriletik entseatzen gabiltza, eta lehenengo danborra entzutea kristorena da. Une horretan zure buruari esaten diozu: «Listo, hau hasi da». Baina momentu bakarrarekin geratzea zaila da. Urte batetik bestera, koreografiak aldatzen dira? M.R.G.: Aldatzen saiatzen gara, bai. Zaila izaten da urtero taldea mantentzea; beraz, sartzen den jende berriari dantzak hasieratik irakatsi behar dizkiozu, eta ezin dira oso zailak izan. Horregatik, beti saiatzen gara zerbait berria sartzen, betiere taldea prest badago. D.M.: Beharren arabera prestatzen ditugu dantzak: kale motaren, ekitaldiaren edo dantzari taldearen arabera. Badaude beti berdinak direnak ere, bandarekin egiten ditugunak, adibidez. Nola azalduko zeniokete kanpotik datorren pertsona bati zer den Konpartsa? D.M.: Berez, hasieran kristautasunari lotutako tradizio bat zen. Ondoren, tradizioa garatzen joan da, eta azkenean herri bakoitzaren ikur bihurtu da. Hau da, leku askotan erraldoiak egon arren, bakoitzak bere herriaren tradizioak gorpuzten ditu. Lehen erraldoiak erregeak bakarrik ziren; orain, erraldoi berriekin gure inguruarekin harremana duen zerbait irudikatzen saiatzen gara: mitologia, pertsonaiak... Azkenean, kultura, folklorea eta herria irudikatzeko bide bat dira. M.R.G.: Duela gutxi Bartzelonan egon ginen erraldoi topaketa batean, eta konturatu ginen erraldoien mundua oso zabala dela. Alemaniatik, Madriletik, Latinoamerikatik... Horregatik, bakoitzak bere herria bere erara irudikatzen du erraldoien bidez. Zer sentitzen duzue jaiak bukatzen direnean? D.M.: Lehenengo, nekea eta poza. Baina harrotasuna eta lasaitasuna ere uztartzen diren unea da. Hutsune moduko bat ere sentitzen dut. Hilabete asko eman dituzu astean bitan zerbait prestatzen, eta bat-batean amaitu egiten da. M.R.G.: Leher eginda, baina egindako lanarekin oso pozik. Jaiak bukatu ondoren, Olarizu da gure hurrengo ekitaldia. Hilabete osoan ez dago mezu bakar bat ere gure taldean. Erabateko lasaitasuna behar dugu.