2026 ABU. 29 - 05:48h Pistoz beteriko orekia GETTY IMAGES (GETTY IMAGES) Amagoia Bilbao Osagaiak 4 lagunentzat28 lumaconi (oreki mota bat, karakola handi formakoa). Betegarria: kuiatxo bat, tipula erdia, baratxuri ale bat, 2 piper berde, pipermorro bat, 250 g Mozzarella fresko, olioa, gatza. Saltsa: tipula bat, baratxuri ale bat, piper berde bat, sagar bat, 3 tomate heldu, olioa, gatza. Zailtasuna 3 Betegarria:1. Pipermorroa garbitu eta azpil batean jarri. Labe beroan sartu, 180 gradutan, piperra gorritu arte. Atera, tapatu eta 5 minutuz utzi. Zuritu, haziak kendu eta txikitu.2. Eltze batean txikitutako tipula eta baratxuria olio zurrusta batekin erregosi, su eztitan. 3. Tipula egina dagoenean, txikitutako piperrak gehitu eta erregosi.4. Kuiatxoa zuritu eta txikitu. Barazkiekin batera jarri eta erregosi.5. Gazta txikitu eta barazkiekin nahastu.Saltsa:1. Zerrendatan moztutako tipula, sagarra, baratxuria eta piperra olio pixka batekin erregosi.2. Tomateak garbitu eta zatitu. Gehitu eta 30 minutuz erregosi. 3. Irabiagailuarekin nahasi eta txanotik pasatu. Gatza bota.Bukatzeko:1. Ur ugari eta gatza berotu. Irakiteko moduan dagoenean, orekia bota; noizean behin eragin.2. Orekia eginda baina oraindik gogor samar dagoenean -al dente- atera eta xukatu. Hoztu.3. Orekia betegarriarekin bete.4. Azpil batean hurrenez hurren saltsaren erdia, orekia eta geratzen den saltsa jarri. Labean ondo berotu.