NAIZ
BILBO

Euskaltzaindiaren Hiztegi «berritua eta zabaldua», paperean eta sarean dago aurrenekoz

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bigarren argitaraldia aurkeztu du Akademiak Bilbon. Hiztegia «berritua eta zabaldua» dator, aldian aldiko kontu esanguratsu batzuk barneraturik eta bereturik, eta paperean zein sarean dago erabiltzaileen eskura. «Modernoagoa, aberatsagoa eta erabilgarriagoa izango da hiztegi berria», arduradunek esan duten moduan.

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bigarren argitaraldiaren aurkezpena, Bilbon. (@plazaberri)
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bigarren argitaraldiaren aurkezpena, Bilbon. (@plazaberri)

Akademiak urte luzetan ondutako ahaleginen emaitza moldatua eta itxuratua da Euskaltzaindiaren Hiztegia. «Hartara, aspaldiko gogoa eta ametsa bete dugu, eta gure lexikografia proposamena gizarteratzen dugu berriro, ustez, bide errazak eta eragingarriak sortzen dituela euskara eta euskal kulturarentzat, halakoak plazaratzean», azpimarratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Urrutiarekin batera, prentsaurrekoan izan dira Leire Aragon BBKko Gizarte Ekintzaren zuzendaria, Andoni Sagarna Euskaltzaindiaren Hiztegia egitasmoaren zuzendaria eta Miriam Urkia Hiztegi Batuko lantaldeko arduraduna.

Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehenbiziko edizioa 2012an argitaratu zen, paperean soilik, liburuki bakarrean. Oraingo hau askoz handiagoa da, lehenengoaren bikoitza, eta, gainera, paperezko bi liburukitan ez ezik interneten ere kontsulta daiteke.

Euskara-euskara hiztegia da Euskaltzaindiaren Hiztegia. Artikulu bakoitzean, deskribatzen duen sarrera edo azpisarreraren kategoria gramatikalak, adierak, beren definizioekin, joskera adibideak eta, dagozkionean, euskalki eta erregistro markak, jakite arloenak, erabilerarako beste zenbait ohar, eta, bizidunei dagozkienetan, baita taxonak ere eskaintzen ditu. Hitzen artean kidetasunen bat dagoela adierazteko, erreferentzia gurutzatuak ezarri dira. Horren guztiaren helburua erabiltzaileari euskara txukuna erabiltzen laguntzea da.

Hiztegia egiteko, guztiz baztertu dira aurreiritziak. Horren ordez, Euskaltzaindiak jasota dauzkan corpusetan jarri da oinarria: Orotariko Euskal Hiztegiak tradizioaren berri ematen du, eta XX. eta XXI. mendeko erabilerarena XX. mendeko corpus estatistikoak eta Lexikoaren Behatokiak, hurrenez hurren.

Hiztegiaren bigarren edizioak 37.884 sarrera eta 6.944 azpisarrera dauzka (2012koak 20.000 sarrera zituen), hau da, 44.828 forma eta 61.398 adiera. Joskera adibide ugari gehitu dira, denak corpusetatik jasotakoak, horrek lagunduko diolako erabiltzaileari hitza egoki erabiltzen.

Sareko bertsioa

Halaber, «garrantzi berezia» du hiztegiaren interneteko bertsioak. Paperezkoaren eduki guztiak dauzka, euskarri digitalean kontsultak egiteko hainbat erraztasun eskaintzen ditu, eta, gainera, Euskaltzaindiaren baliabide lexikografiko guztiak eskuragarri jartzen ditu.

Bi erabilera mota izan dira kontuan kontsultak egiteko moduak programatu direnean: arrunta eta aurreratua. Kontsulta arruntean, erabiltzaileak bilaketa laukian ezarri duen forma duten sarrera eta azpisarrerei dagozkien artikuluak ikusiko ditu. Kontsulta aurreratuak, berriz, «unibertso oso bat irekitzen du».

Bilaketa laukian jartzen den forma bila daiteke sarreretan, hitz hasiera edo amaieran, adibideetan, definizioetan, taxonetan, erreferentzietan eta antzeko formetan. Horrez gain, bilaketaren erantzunak iragaz daitezke aipaturiko marken arabera (kategoria gramatikala, erregistroa, eta abar).

Bilatu den formaz Euskaltzaindiak duen informazio guztia ere eskura daiteke hiztegitik irten gabe: forma arautzeko erabili diren irizpideak «Hiztegi Batu Oinarridun»-ean, erabilera historikoa «Orotariko Euskal Hiztegia»-n eta erabilera modernoa «XX. mendeko corpus»-ean eta «Lexikoaren Behatokia»-n. ¨Orotariko Euskal Hiztegia»-k 152.504 formari buruzko informazioa dauka, XX. mendeko corpusak 4.655.300 testu hitz eta 106.179 lema, eskuz landuak, eta «Lexikoaren Behatokia»-k 50.298.357 testu-hitz.

Beraz, sakondu nahi duen orori aukera zabala eskaintzen dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak.