NAIZ

Zaldunbordako megaoutlet-a egiteko plan orokorra baliorik gabe utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Zaldunbordan Hondarribiako Udalak eraiki nahi duen makrooutlet-ak berriro egin du legediarekin talka. EH Bilduk jakitera eman duenez, «Hiri Antolamenduko Plan Orokorra baliorik gabe utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Plan Orokor hori Zaldunbordako megaoutleta egin ahal izateko aldatu zuen Hondarribiko Udalak preseski».

Baimenik gabe zuhaitzak moztu dira Zaldunborda aldean. (Abotsanitz)
Baimenik gabe zuhaitzak moztu dira Zaldunborda aldean. (Abotsanitz)

«Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra baliorik gabe utzi du EAEko Auzitegi Nagusiak», jakinarazi du ostiral honetan EH Bilduk, plan hori «Zaldunbordako megaoutleta egin ahal izateko espreski aldatu zuela Udalak» gogora ekarriz.

Soka luzetxoa dakar jada egitasmoak. Gune komertzial handi honi bidea errazten zion Zaldunborda Gainako Plana aurreko abenduan bertan behera utzi zuen Udalak, baina ez egitasmoa alboratzeko, irregulartasun nabariak konpontzen saiatzeko baizik.

Ikusteko dago orain epai honen eragina. EH Bilduren iritziz, «albiste ona da sententzia, batez ere eskualde horretako merkatari eta dendari txikien biziraupenerako. Horregatik, Hondarribian eta gainerako erakundeetan ardura politikoa duten guztiei eskatzen diegu Zaldunbordako obsesio hori behingoz alboratzeko eta sententzia ez errekurritzeko».

«EH Bilduk sarri eskatu du Zaldunbordako proiektua gelditzeko –ekarri du gogora–. Azken aldiz pasa den astean bertan, Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, eta eskaerarekin bat egin zuten Elkarrekin Gipuzkoak eta PP alderdiak ere. Gasteizko Legebiltzarrak aho batez onartutako legeari burla egin izana salatu zuen Juan Karlos Izagirre bozeramaileak, gogora ekarriz legea onartu bezperan eman ziola Hondarribiako alkateak hasierako onespena proiektuari, legetik salbuetsita gera zedin».

Gainera, pandemiak iraun duen bitartean, proiektuak aurrera egin duela salatu du EH Bilduk: «Zuhaitz-mozketak eta lur mugimenduak  egin dira baimenik gabe, Udalak albo batera begiratzen zuen bitartean».