NAIZ

Getxon aurkitutako gorpuzkietan kriminalitate aztarnak antzeman dituzte

Ertzaintzak Getxoko Arrigunagako hondartzan joan zen igandean aurkitu zituzten gorpuzkietan kriminalitate aztarnak antzeman ditu, Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Edukiontzietako materiala hustu eta miatzen ari da Ertzaintza Getxon. (ERTZAINTZA)
Edukiontzietako materiala hustu eta miatzen ari da Ertzaintza Getxon. (ERTZAINTZA)

Joan zen igandean pertsona baten gorpuzkiak agertu ziren Getxoko Arrigunagako hondartzan, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen. Hanka baten zatia topatu ondoren, astelehenean ingurua miatzeko operazioa jarri zuen martxan. Egunean zehar gorpuzki gehiago aurkitu zituzten, disekzionatuta, Txakur Unitateak eta Zaintza eta Erreskate Unitateak egin zituzten bilaketa lanetan. 

Hondartzan paseatzen ari zen pertsona batek topatu zituen lehen gorpuzkiak, itsasertzean, eta Ertzaintzari abixua eman zion.

Kriminalitate zantzuak

Lakuako Gobernuko Segurasun Sailak astearte honetan berri eman duenez, aurkitutako gorpuzkietan kriminalitate aztarnak aurkitu dituzte.

Astearte honetan lanean jarraitzen du Ertzaintzak Arrigunagako hondartzan, gorpuzki gehiago bilatzeko. Urpekarien laguntza ere izango dute. Bilaketa Getxoko kostako beste ingurune batzuetara ere zabaldu da, Segurtasun Sailaren arabera. Horretaz gain, Arrigunaga, Ereaga eta Azkorriko hondartzetako hiru edukiontzi gertu dagoen industriagune batera eraman dituzte, miatzeko. 

Auzitegiko forentseak aurkitutako gorpuzkiak aztertzen ari dira norenak diren jakin ahal izateko eta pertsona horren heriotza nola gertatu zen argitzeko.