
Guardia Zibila sartu da arratsalde honetan Aroztak, Aroztegia makroproiektua geldiarazteko helburuarekin sortutako herri ekimenak, martxan jarri duen kanpaldian. Goizean ere bertan egon dira, baina ez du akanpada hustu.
Arratsaldean ere elkarretaratze bat egin dute Baztango bizilagunek Lekarozen Aroztegian egin nahi duten proiektu turistikoa salatzeko.
Ohartarazi dutenez, «PSIS plana trikimailu juridiko bat da. Bertako Administrazio eta herritarren erabakien gainetik pasatzeko eta proiektua inposatzeko, interes orokorraren izenean. Herritarrei lurrak ebasteko».
«Herritarrok hasieratik ulertu genuen gutxi batzuen intereserako baino ez zela eta aunitzen kalterako. Horregatik egon diren bi herri galdeketetan, Lekaroz herrian lehenik eta Baztan mailan ondoren, herritarrok ezezko borobila eman genion proiektuari», gaineratu dute.

Hala ere, Nafarroako Gobernuak baita proiektu honen promotore den Palacio de Arozteguia S.L. enpresak ere herritarren eskakizunei entzungor egin dietela salatu zuen ostiral honetan Aroztak herri ekimenak.
«Argi utzi dute gaur ere ez dutela suntsiketa honekin bukatzeko inongo asmorik. Gaur ere, haiek bidalitako polizia izan dugu herritarrak jazartzen, bide publikoak mozten eta gure aldarrikapen eskubideak urratzen isunen mehatxupean», nabarmendu zuen.
Horren aurrean ez direla «kikilduko» argi utzi zuten Aroztakeko kideek. Arostegiako proiektua «pelotazo urbanistiko» bat dela adierazi zuten eta inongo zilegitasunik ez duela azpimarratu zuten: «Ez Lekarozko herriak eta Baztanek ez dute proiektu hau babesten».
Horregatik, proiektua gelditu arte Aroztegiako eremuan «erresistentzia akanpada» egingo dutela adierazi zuten: «Jakin dezaten ez garela isilik geratuko».

Mutualistas vizcainos percibirán mayor importe en su pensión al ajustarse sus retenciones

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba

Mikel Zabalzaren omenaldia Endarlatsan: «Guk badakigu egia eta ondorengoek ere jakingo dute»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas
