Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Josu Lariz erbesteratuari buruzko dokumentala aurkeztu dute, Kaxa Hutsetako lehena

‘Oroimina Loretan’ Uruguaiko errepublikara exiliatu zen Josu Lariz Iriondoren inguruko dokumentala da eta euskal erbesteratuen esperientziak jasotzen dituen Katxa Hutsak egitasmoaren lehen atala. Ostegun honetan aurkeztu dute Iruñeko Katakraken, webdocarekin batera.

‘Oroimina Loretan’ Uruguaiko errepublikara exiliatu zen Josu Lariz Iriondoren inguruko dokumentala estreinatu dute ostegun honetan Iruñeko Katakraken. Isildutako errealitate bat uztartzen duen Kaxa Hutsak proiektuko lehen atala da: Euskal Herritik kanpo hamarkadak daramatzaten euskal errefuxiatu politikoak.

Zer dakigu exilioari buruz? Zer dakigu joan zirenei buruz? Non bizi dira? Nola bizi dira? Galdera horiek erantzuten saiatzen den ikus-entzunezko proiektu dokumentala da Kaxa Hutsak. Hala, erbestealdi politikoa eta derrigortutako bakardadea beren haragietan ezagutu duten dozenaka euskaldun daude, baina proiektua ez da zenbaki hotzetara mugatzen, sufritu duten pertsonei ahotsa ematen baitie.

Josu Lariz Iriondoren kasua da. ETA erakunde armatuko kide zelakoan Guardia Zibila bere bila joan zenean, Elgoibar utzi eta Ipar Euskal Herrian exiliatu zen 1984ean. Handik gutxira, Uruguaira joan zen. Arrazoi politikoengatik herritik ihesi egin eta patu bera jarraituko zuten beste euskal herritar batzuei bidea ireki zien lehen urrats hark.

Sorterria utzi eta urruntasuneko bide horretan beren gertakari, esperientzia, eta pentsamenduak kontatzen ditu Larizek. Besteak beste, 90. hamarkadan, ETAko kide izateaz akusatuta, Montevideoko La Trainera jatetxean bera eta beste hamabi euskal herritar atxilotu zituztela. Horietako hamar aske utzi zituzten, urtebete baino gehiago espetxean eman ondoren; hiru euskal herritar estraditatu zituzten gose eta egarri greba egin ostean, eta bi uruguaitar hil ziren, horietako hiru estraditatzearen aurka protesta egiten ari zirenean. 

Bigarren epaiketa, 2004an izan zuen, Argentinan. 2 urte lehenago, Uruguaiko Poliziak Lariz hegazkin batean sartu eta Argentinako polizien esku utzi baitzuen. Bertan, Audientzia Nazional espainoleko Baltasar Garzon epaileak egindako estradizio eskaera bat zuen zain. Kasuaren instruktorea zen Claudio Bonano epaileak estradizio eskaria atzera bota zuen, aske utziz eta Argentinako justizian mugarri bat jarriz.

Gaur, Josu Larizen kasua Argentinako Zuzenbide fakultatean erabiltzen da adibide gisa. Hala, Justizia espainolak egindako estradizio eskariei bi herrialde ezberdinetan irabazi dien euskal herritar bakarra da. Haatik, Estatu espainolean oraindik itxi gabeko auziak dituenez, ezin du bere jaioterri den Altzolara itzuli, eta Montevideo hirian bizi da egun, bere bigarren aberritzat duen herrialdean, sukaldari bezala lan egiten. 

Kaxa Hutsak

Erbesteratu batzuen esperientzia ezagutzera eman nahirik, Kaxa Hutsak proiektua sortu zen 2021. urtean. Bostok Photo irudia eta komunikazioaren alorrean lan egiten duten profesionalez osaturiko kooperatibako kide diren Gari Garaialde eta Josu Trueba argazkilariek eta Iker Oiz diseinatzaileak abian ezarri duten egitasmoa.

Aipatu bezala, Estatuak sustatu edota babestutako errepresioa eta giza eskubideen urraketak jasan izanagatik edo jasatearen beldur (atxiloketa arbitrarioak, tortura, indarkeria parapoliziala...) errefuxiatu gisa erbestera joan diren pertsonen esperientziak bildu, ezagutu eta jakitera eman nahi dute lan honekin. «Silueta beltz hauei argia ekartzeen saiatu gara», nabarmendu dute autoreek aurkezpenean.

Erbesteratutako pertsonaia ezberdinei egindako ikus-entzunezko lanek osatzen dute proiektua. Horretarako espresuki eraikitako webgune batean aurkeztu dute, pertsonai bakoitzari behar duen tratamendu eta espazioa eskaintzen zaiolarik.

«Bakoitzak bere espazioa eta kontatzeko modua du, esan daiteke interneterako eginda dagoen formatua dela», azaldu dute.

Izan ere, Kaxa Hutsak webdoc bat da, hots, interneten webgune batean dagoen dokumental bat. Mota ezberdinetako materialak biltzen ditu: bideoa, irudia, testua... eta iheslari edo pertsonaia ezberdinen istorioak kapituloka zabaltzen joanen dira gaur bertan zabaldu duten webgune honetan, bakoitzak behar duen formatuan.

‘Oroimina Loretan’ lehena izan da, baina ondoren Garikoitz Ibarluzea, Joseba Vizan, Antton Troitiño eta beste batzuen istorioak bilduko dituzte Kaxa Hutsak webdoc-ean.