NAIZ

Manifestazio batera deitu du Sarek Donostian larunbaterako ‘Ibilian’ ekimenaren baitan

Gipuzkoa zeharkatu duen ‘Ibilian ibilian’ ekimena manifestazio batekin amaituko da Donostian heldu den larunbatean, ondoren lekukoa bizkaitarren esku uzteko. Preso, iheslari eta deportatuak etxerako bidean jartzeko urratsak ematea da ekimen honen helburua.

Uztailean heldu zen Donostiara ‘Ibilian ibilian’ ekimenaren baitan antolaturiko txirringa martxa. (Gorka RUBIO/FOKU)
Uztailean heldu zen Donostiara ‘Ibilian ibilian’ ekimenaren baitan antolaturiko txirringa martxa. (Gorka RUBIO/FOKU)

‘Ibilian ibilian, etxerako bidean’ ekimenaren baitan larunbat honetan Donostian manifestazioa deitu du Sarek. Preso, iheslari eta deportatuen «etxerako bidea egiteko beharrezkoak diren urratsak» ematea da  da ekimen honen helburua.

Sarek gogoratzen duenez, maiatzean Gipuzkoan hasi zenetik ez da aste bat igaro dinamika honetan txertatzen den mobilizaziorik gabe. Debaldea, Buruntzalea, Goierri, Tolosaldea, Urola-Kosta eta Oarso-Bidasoatik pasa ondoren, Donostian amaituko da. Hego Euskal Herriko herrialdeak elkartu dituen txirringa martxa ere antolatu dute ekimen honen baitan.

«Manifestazioak, mosaiko erraldoiak, bertso-saioak, bizikleta martxak, kale zinema, pala txapelketak, mendi irteerak, musika eta kultur emanaldiak, futbito txapelketak... hamaika eratako ekimenak antolatu ditugu salbuespen legediarekin amaitu eta etxerako bidea egi bihurtzeko», gogoratu du Sarek.

«Herriz herri eta eskualdez eskualde batu garen herritar bakoitza bide honen bultzada izaten ari gara. Eta emandako urrats bakoitzari esker iritsi gara egungo egoerara. Izan ere, azken ikasturte honetan urrats garrantzitsuak eman dira urruntze politikarekin amaitzen hasi eta euskal presoen gradu progresioari dagokionean. Salbuespen politikak indarrean jarraitzen duen bitartean ordea, euskal presoen egoera ez da normalizatuko. Horregatik, berebiziko garrantzia du mobilizatzen jarraitzeak. Euskal preso, deportatu eta iheslarien etxeratze prozesua ahalbidetzeko ezinbestekoa baita gutako bakoitzaren parte hartzea», nabarmendu du Sarek.

Gauzak horrela, manifestazioa larunbatean 17.30ean aterako da Donostiako Artzai Onetik. Gipuzkoan ibllbidea amaitu ondoren bizkaitarrei emango diote lekukoa.