Idoia Eraso

Abiadura Handiko Trenaren proiektua berriz abian da Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herrian zehar Abiadura Handiko Trena egiteko proiektua berriz abian eman dute Parisetik, eta Pirinio Atlantikoetako departamenduko buruak finantziazioaren negoziaketari buruz hasi dira mintzatzen jada. Egitasmoarekiko parte-hartzea deliberatuko da ostiralean eginen den osoko bilkuran.

TGV Abiadura Handiko Trena Baionako geltokian. (Isabelle MIQUELESTORENA)
TGV Abiadura Handiko Trena Baionako geltokian. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Asteazken goiz honetan Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako presidenteak prentsaurrekoa eman du Baionan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuari buruz mintzatzeko. Bertan behera utzia zela uste zen proiektua Parisetik bultzatu dute berriz eta Lasserre Lapurdiko hiriburura helduko litzatekeen AHTaren finantziazio negoziaketari buruz mintzatu da jada, nahiz eta ostiraleko osoko bilkuran bozkatu behar den egitasmoari sostengua ematea edo ez.

Duela hiru aste jaso zuen Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionara eta Pauera ailegatuko litzatekeen AHTaren proiekturako finantziazio eskaera, 305 milioi eurokoa hain zuzen ere. 130 milioi inguru lirateke Euskal Elkargoak ordaindu beharrekoak. Orotara 14.000 milloiko proiektua izanen litzateke.

Proposatzen den trenbideak Bordeletik Akizerako bidea egingo luke, handik Baionara, eta hortik Pauera. 2037rako eginda izatea aurreikusten da; 2022an hasiko lirateke proiektua prestatzen eta 2024an, lanak. Finantziazioaren erabakia abenduaren 13rako izatea nahiko luke Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko presidenteak, baina apirilera arte luzatu daiteke.

Azken hamarkadetan hainbeste zeresan eta borroka sortu dituen proiektuak Kontseilu Nagusiaren sostengua izango duela baieztatu du Lasserrek: «Departamenduko zuzendaritzak eztabaidatuko du, eta egitasmoarekin bat egitearen aldekoa da. Baiona eta Pauerentzat etorkizuna da, trenbide zerbitzuak beharrezkoak dira, aireko garraioa ez da aski».

Finantziazioaren arazoa

Arazoa finantziazioa da presidentearentzat: «Onargaitza da, ez da normala horrela inposatzea finantziazioa gurekin eztabaidatu gabe. Departamendua proiektuaren eta negoziaketaren alde dago, baina era egoki batean, banaketa onargarri batekin, aipatzen diren ekarpen zifra horiek guretzat ez dira egingarriak».

Egitasmoaren finantziazioaren %40a Estatuak ordainduko luke, %20a Europako Batasunak eta beste %40a hurbileko erakundeek, hau da Akitania Berria eskualdeak, departamenduek eta elkargoek.

Lot eta Garona eta Gironda departamenduek finantziazioari ezezkoa esan diote, eta Landak bide horretan leudeke. Horren aurrean Lasserrek baieztatu du bi lehen departamenduetako presidenteekin mintzatu dela eta esfortzua egiteko prest leudekeela, baina beste era batean planteatuta.

Lapurdi zeharkatzea eta mobilizazioak

AHTaren proiektuaren kontrako borrokak luzaz iraun du Ipar Euskal Herrian, gizartearen eta hautetsien mobilizazio historikoak ekarri zituen eta proiektua bertan behera utzia izan zela uste zen.

Gatazka gehiena sortzen zuena finantziazioa eta Baionatik Hendaiarako ibilbidea ziren. Lapurdi zeharkatuko lukeen trenbidea egingo ote den ere zalantzan dago, izan ere orain arteko proiektua Baionaraino bakarrik aurreikusita dago.

Lasserrek argi eta garbi esan du arazo handia litzatekeela, tarte horretan dauden herri eta hiri horietatik jada autopista, trenbidea eta departamenduko errepidea pasatzen direlako, oso eremu txikian. Aldi berean, AHTak abiadura handia hartzeko 20 kilometro behar dituela kontuan izanik, eta tarte horretan 30 kilometro besterik ez daudenez, ez lukeela merezi ondorioztatu du.

Egitasmoaren defendatzaile eta sustatzaile nagusietako bat den eta izan den Roussetek lurrazpitik egin zitekeela aipatu ziola baieztatu du Lasserrek. Hala ere, gai korapilatsua denez, oraingoz baztertuta dagoela argi dago.