Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Euskal Herrian bi handiak lehiatuko dira bigarren itzulian, eta EH Bai hirugarren izan da

Macronen koalizioak irabazi du Euskal Herrian, eta Nupes-en hautagaien kontra lehiatu beharko da bigarren itzulia. EH Bai hirugarren postuari eutsi dio. Emaitza ikusgarria lortu du, boz kopuruan gora egin baitu. [Hona hemen emaitzak]

Bozen zenbaketa, Angelun.
Bozen zenbaketa, Angelun. (Bon EDME)

Gutxiren artean boz pilaketa handia izan da Euskal Herrian ere. Estatu mailako operazioei segika, bi erreferentzia nagusi izan dira: Macronen Ensemble-Majorité Présidentielle, alde batetik, eta ezkerraren aliantza berria (Nouvelle Union Populaire écologique et sociale, Nupes; Herri Batasun Ekologiko eta Sozial Berria), bestetik. Euskal Herria osoki hartuta Macronen koalizioa izan da nagusi, baita Euskal Herria banatzen duten hautesbarruti bakoitzean ere. 4, 5 eta 6. barrutiak dira. 4. barrutia Euskal Herriko barnekaldeko herriek eta Biarnokoak osatzen dute.

Bigarren postuan horietan denetan Nupes-eko hautagaiak izan dira, eta operazio horrek aspaldiko partez Estatuko ezkerrari arrakasta ekarri diola berretsi da Euskal Herrian ere, nahiz eta gurean Nupes bigarren izan den eta Estatuan, aldiz, lehen indarra izateko lehiatzen ari den. Berez, hala konfirmatuko balitz, Estatu mailako titular nagusia horixe izango litzateke, aspaldiko partez ezkerra hauteskundeetan garaile izatea, hain zuzen ere.

Beste kontu bat izango da bigarren itzulia. Nupes-ek izango ote du boz gehiago erakartzeko aukera? Macronen hautagaiek zentroko eta eskuineko beste hautagaitzena lor dezaketelako. Abstentzioaren gorabeherak ere erabakigarria izan daitezke.

Nolanahi ere, Euskal Herrian ere gehiengo presidentzialaren eta ezkerreko aliantza berriaren hautagaiak lehiatuko dira elkarren kontra ekainaren 19ko bigarren itzulian.

EH Bai, bozetan gora

Horien ondotik, ikusteko zegoen EH Baik 2017. urtean lortu zuena errepikatuko ote zuen, hau da, Euskal Herriko hirugarren indarra izaten segituko ote zuen Legebiltzarretako hauteskundeetan. Berez, EH Bairentzat ez dira hauteskunde egokienak, Estatuko eztabaida eta itzala handiegia delako. Halere, eutsi dio erronkari, eta hirugarrena izan da berriro ere.

Are gehiago, eutsi ez ezik, aurrerapausoa ere egin du, boz kopuruan nabarmen gora egin baitu. 2017an 12.665 boz izan zituen (%10,42), eta oraingoan 16.046 lortu ditu (%13,03). Nabarmendu beharreko gorakada da abstentzioa oso handia izan dela (%48,69 oraingoan eta %46,15 duela bost urte) eta Nupes-en fenomenoak arrakasta handia izan duela kontuan izanik.

Azken boladako joerari segituz, ultraeskuinak emaitza kezkagarriak lortu ditu. Laugarren indarra da; 13.984 boz lortu ditu Euskal Herrian (%11,35). Zazpigarrena izan zen 2017an, nahiz eta oraingo koalizio handiek hainbat alderdi paretik kendu dituzten. Orduan, 7.465 (%6,14) lortu zuen ultraeskuinak.

Hautesbarrutiak

4. hautes-barrutian honakoak izan dira emaitzak, barruti osokoak eta soilik Euskal Herriko herrietakoak (barnakaldekoak).

5. hautesbarrutiko emaitzetan ikus daitekeenez, ultraeskuina EH Bairen aurretik gertatu da. Baionaren bueltan osatzen da barruti hau.

Eta Lapurdiko hegoaldeari dagokion 6. hautesbarrutiko emaitzetan Euskal Herri osoko hurrenkera bera eman da, EH Bai hirugarren postuan izanik.