
Bi gizon bat atxilotu dituzte gaur Ordizian, polizien aurkako atentatua eta lesioak leporatuta. Lakuako Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, gertaerak gauerdia pasata izan dira Ordiziako Araba kalean, ertzainak hainbat pertsonaren arteko borroka baten berri jaso eta bertaratu direnean.
Bertsio ofizialak jasotzen duenez, hara iritsi direnean, lehen patruila batek hiru gizon ikusi ditu kalean gora ihes egiten. Ertzainek atzetik jarraitu diete eta, une horretan, «beste pertsona batzuk, ustez lehenengoen senideak, ertzainen lana oztopatzen hasi dira».
Pertsona horien «jarrera bortitzak tentsioa areagotu du» eta gizonetako batek, «bereziki oldarkor egon denak, atzetik jo du ukabilaz ertzain bat, eta lurrera erori da, konortea erdi galduta».
Ertzainek atxilotu egin dute erasotzailea, agintarien aurkako atentatua eta lesio delitua egotzita. Bitartean, harekin zeuden pertsonek «poliziaen aurka egin dute» eta ertzainek «beren defentsa elementuak erabili dituzte erasoei aurre egiteko».
Egoera horretan, Deba Urolako eta Hernaniko ertzain-etxeetako patruila gehiago iritsi dira, eta «egoera baretu egin da».
Lakuak dioenez, lau ertzain zauritu dira liskarretan; horietako batek lesioak ditu masailalbo hezurrean eta lepauztaia hautsita. Beste polizia batek ukondoa dislokatutu du. Biak Zumarragako Ospitalera eraman dituzte hasiera batean, baina lehena Gurutzetara bideratu dute geroago, ebakuntza egitera. Bigarrenari alta eman diote ordu batzuen buruan. Horietaz gain, beste bi ertzain mutuan artatu dituzte.
Ertzaintza erasoetan inplikatutako gainerako pertsonak identifikatu nahian ari da. Azaldu duenez, istiluetan, agenteek bodycam kamera pertsonalak aktibatu dituzte, eta horien irudiek gertatutakoa argitzen lagundu dezakete.
Atxilotuak aurrekari polizial ugari ditu, eta ertzain-etxean dago epailearen esku uzten duten arte. Bigarren gizon bat atxilotu dute gau horretan bertan, Segurtasun Sailak astelehenean jakinarazi duenez.
Alkateak «onartezintzat» jo ditu gertaerak
Ordizia alkateak, Adur Ezenarrok, «onartezintzat» jo ditu istiluak. Ezenarrok (EH Bildu) azaldu duenez, Ordiziako Udaletik informazioa biltzen ari dira asteburuan gertatutakoaren inguruan eta berria ezagutu bezain laster, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuarekin eta Tolosako Ertzainburuarekin harremanetan jarri zela azaldu du, ertzainen egoeraz galdetzeko.
Alkateak adierazi duenez, liskarretan «ordiziar batzuei ere eraso egin zieten», eta haiei buruzko informazioa biltzen ari dira, babesa eman ahal izateko.
Ordiziako alkateak urgentziaz deitu du Bozeramaileen Batzordea gaur arratsaldean gaia aztertzeko. «Nolanahi ere, gertatutakoa onartezina iruditzen zaigu eta horrelako jarrerek ez dute lekurik Ordizian», azpimarratu du.
Ricardo Ituarte Segurtasun sailburuordea eta Victoria Landa Ertzaintzako zuzendaria Gurutzetako Ospitalera joan dira, zauritutako ertzainari babesa adieraztera. Gertatutakoa «energia guztiarekin» kondenatu dute eta «oso larritzat, onartzeintzat eta jasanezintzat» jo dute. Ikerketa «bukaera arte» egingo dela nabarmendu dute, «ardurak argitu eta erasoan inplikatuta dauden pertsona guztiak» harrapatu arte.
Ituartek esan duenez, zauri «inportanteak» dituen ertzainari ebakuntza egingo diote, baina bere bizia ez dago arriskuan; beste hirurek zauri arinak dituzte.
Esan, ErNE, Euspel eta Sipe-Fepol sindikatuek ere babesa adierazi diete lau ertzainei. ELAk Ertzaintzaren laneko Segurtasun eta Osasun batzordearen premiazko deialdia eskatu du Segurtasun Saileko kontseilariari igorritako gutun baten bidez, «egoera horiek ez errepikatzeko» neurriak hartzeko.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

La jueza decreta el sobreseimiento de la causa por el pelotazo a Xuhar Pazos
