Agur dio Hontzak, Donostiako irakurle euskaltzaleen etxeak
Ia berrogeita lau urteko ibilbidea bizkar gainean, pertsianak behin betiko jaitsiko ditu Hontza liburu dendak. Lanari, esfortzuari eta dedikazioari esker, bezero fidelak lortu ditu. Donostiako euskal literaturazaleentzako erreferentziazko denda da, eta umezurtz geldituko dira martxoak 31tik aurrera.
Agur dio Hontzak, Donostiako irakurle euskaltzaleen etxeak

Donostiako Okendo kaleko laugarren zenbakian, donostiar eta gipuzkoar askorentzat aski ezaguna den liburu denda dago: Hontza. Urtetako lanaren poderioz, hiriko euskaltzale eta literaturazaleentzako konfiantzazko denda bihurtu da. 1982ko azaroan zabaldu zituen bere ateak Hontzak, bere bidea egitea lortu ez zuen Aialde liburu dendaren lekukoa hartuta. Anton Apaolaza oñatiarrak, beste hiru lagunekin batera, Hontza jarri zuten martxan. Esther Moiuak eta Ramon Tatiegik Apaolazari zor diote ofizioa ezagutu eta ofizioarekin maitemindu izana. Biekin elkartu gara dendaren txokorik, ziur aski, intimoenean: beheko solairuko bulegotxoan. Denborari ‘pause’ ematekotan gaude gu, berriketan hasi aurretik.
Baina estantziak berak ere badu denboraren gordailu itxura. Artxibo, karpeta eta koaderno asko daude inguruan. Liburu dendako gainontzeko espazioetan bistara dauden apalategi koloretsu eta erakargarrien kontrastean, urtetako jardunaren sintoma den horitasuna da nagusi. ‘Pause’ ez; oraingoan, ‘stop’-ari sakatuko diote Hontzan. Tatiegi jubilatua dago dagoeneko eta gauza bera egin nahi du orain Moiuak. Erreleborik ez dute topatu proiektuari jarraipena emateko eta, beraz, martxoaren 31n itxiko ditu ateak Hontza liburu dendak. Geroz eta gutxiago dira hirian gelditzen diren liburu denda independenteak. Okendo kaleko laugarren zenbakia aurrerantzean zerk okupatuko duen, momentuz, inkognita da.
Hasiera malkartsua
Lau lagunen artean sortu zuten Hontza liburu denda eta Moiuak azaldu duenez, zailtasun handiak zituen negozioak aurrera egiteko. Anton Apaolazak, bazkideetako batek, beste liburu denda bat zuen Oñatin eta jende bila hasi zen herrian proiektua indartzeko asmoz. Moiuak, Tatiegik eta hirugarren oñatiar batek heldu zioten erronkari eta aurreko kideak ordezkatu zituzten. Sorreraren datarekin ongi gogoratzen da Tatiegi, «asko gustatu zitzaigun data izan zen», 1982ko azaroaren 20an, Franco hil eta zazpi urtera, zabaldu baitzen liburu denda. Bi urte geroago, 1984an, batu ziren Hontzara haiek.
«Kolonia oñatiarra» osatuta, bideari ekitea besterik ez zen gelditzen. Hasierako «ezjakintasuna» azpimarratu du Tatiegik. «Nik errespetua nion kontuari. Liburu arteko mundua ez zitzaidan arrotza, irakurzaletasuna banuen, baina halako salto batek bertigoa ematen zidan». Arazo ekonomikoen mamua ere etengabeko mehatxua zen noski, «nik uste nuen ez genuela asko iraungo», aitortu du Tatiegik. «Egoera oso larria zen. Norbait dendara zetorrenean ez genekien erostera ala kobratzera ote zetorren» gehitu du Moiuak. Talde sendoa osatu zutela-eta, urteetan lan gogorra eginda eta izerdi asko botata, zorrari aurre egitea lortu zuten. Apaolazaren funtzioa gakoa izan zen alde horretatik. Ofizioa irakasteaz gain, «liburuen munduarekiko maitasuna» ere transmititu zien. «Anton ez zen kontuak eramateko pertsona egokia», hala baieztatu du Tatiegik eta barre artean onartu du Moiuak. Baina aho batez berretsi dute liburu saltzaile on batek jakin beharreko beste guztia irakatsi ziela. «Gurekin alderatuz, Oñatiko eta Donostiako esperientzia batuta, bost-sei urte zeraman mundu honetan. Asko irakurtzen zuen eta oso gizon soziala da gainera».
Tatiegik, Apaolazaren irakaspenei gehituta, behin estualdia gaindituta liburu dendak lortu zuen egonkortasuna azpimarratu du; horrek, eurei esperientzia pilatu eta trebatzeko gaitasuna eman baitie gaur egunera arte. «Orain dela 20 urte Hontzan geundenok esperientzia handia eta baliabide asko genituen buruan liburuak han edo hemen lokalizatzeko. Orain teknologiak edozeini errazten dio lan hori». Akaso, beraz, diferentzia egiten duena beste zerbait da: bezeroarekin tratua. «Saltoki handietan tomateak balira bezala saltzen dira liburuak. Denda txikietan, oraindik ere, bestelakoa da eskaintzen den arreta». «Hor nonbait egongo dira» dio Moiuak atzeko apaletara begiratuz. «Lehen ISBN-ak genituen. Urtero ateratzen ziren kristoren liburu potoloak, apendize batekin. Norbaitek liburu bati buruz galdetutakoan bertan begiratu behar genuen. Orain Interneten begiratzearekin aski dugu». Berrogei urtean, teknologiaren garapenaz gain, gizartea ere asko aldatu da. Moiuak azaldu du eskaerak astean behin egiten zituztela eta paketeak ere maiztasun berarekin jasotzen zituztela. «Lehen jendeak bazekien itxaroten. Orain momentuan bertan nahi dute liburua».
Irakurtzeak, ordea, bere denbora edo patxada eskatzen ditu. «Irratia etxean batetik bestera zabiltzala jar dezakezu, telebista bezala, edota gidatzen zoazela entzun... Baina liburuari ateak zabaldu behar zaizkio».
Hontza, balio erantsiko denda Denda maitatua da Hontza. Edozein liburu denda txikik izan ditzakeen dohainez gain, nagusiki, euskarazko literaturari eta euskal autoreei eman dien protagonismoagatik. Donostiako euskaltzaleentzat erreferentziazko denda izan da, arnasgune literarioa. «Nik uste faktore asko egongo direla tartean», dio Tatiegik. «Hasteko eta behin, gu euskaltzaleak gara, eta beti saiatu izan gara ohikoa zena baino presentzia handiago ematen euskarazko literaturari». «Irakurle onak izan gara eta gara» gehitu du Moiuak. «Beti ez dugu asmatuko, baina nahiko selekzio txukunak egiten ditugu». Arkitektura saila ere nabarmendu du Moiuak, azken urteak arte, garrantzi handikoa izan baita Hontzan. «Anton zinemazale amorratua da» eta hori ere nabaritu da. Zinemaldia denean oraindik ere dendako erakusleihoa atontzen dute, zinemazaleentzako ere erreferentziazko denda bihurtzeko. «Oso liburu denda jeneralista izan gara, nolabait, baina eduki duguna oso ondo zaindu izan dugu». Haur literatura, landareak, gastronomia, natura... Hontzan tokia duten nabarmentzeko beste eremu batzuk dira. Ikuspegia ere garrantzitsua dela dio Tatiegik: «Gai sozialei garrantzi handia eman izan diegu, beti gure ukitutxo ezkertiarra emanez».

Saltzaile on baten gakoa
Liburu saltzaile lana psikologoarenetik gertu dagoela esatera ausartuko denik ere egongo da. Eta, neurri batean, ez da hain urruti ibiliko. «Guretzat oso inportantea da belarriak irekita izatea» dio Tatiegik. Badira bezero asko guk baino askoz gehiago irakurtzen dutenak eta askoz ere gehiago dakitenak. Informatzaile oso onak izan dira». Hari horri tiraka jarraitu du Moiuak: «Hemen elkarrizketa sortzen da, bezeroen eta gure artekoa. Horregatik, entzuten jakin behar da eta ostean gogoratzen». Elkarrekintza hori aberasgarria dela deritzo, «beraiengandik izugarri ikasi dugu».
Noski, ohiko galdera batzuk ere badaude, pistaren bat edo beste jasotzeko balio dutenak: «zein den irakurri duten azken liburua, erreferentziazko egileren bat ote duten... Trukotxoa elkarrizketan dago». Lantalde barruko osagarritasuna ere garrantzitsua da Hontzan. «Askotan ez dio norberak erantzuten bezeroari. Gustuko duena ez bada zure eremua, gure artean gehien dakien harengana bidaltzen duzu». Galdetu, entzun eta hitz egin. Gutxitan egin dute porrot Hontzakoek gomendioak ematerako orduan.
Erreleborik ez Iraganean hitz egiten du Tatiegik, duela lau urte hartu baitzuen erretiroa. Martxoaren 31n Hontza Moiuaren iraganaren parte bihurtuko da halaber. Negozioa ixtea erabaki dute bazkideek, baina kostata hartutako erabakia da. Duela lauzpabost urte Hontzaren etorkizunaren inguruan hausnartzen hasi ziren eta «Estherrek bukatzen zuenerako zein jarraipen mota eman» pentsatzen. «Hontzak gure inguruan jarrai zezan nahi genuen, baina ez genuen asmatu. Ez bazkideok, ezta langileek ere, ez genuen biderik ikusten jarraitzeko eta orduan Estherrek erretiroa hartzerakoan saldu egin beharko zela pentsatzen hasi ginen; liburu denda moduan salduta edo ez, soilik lokal moduan».
Duela hamabost hilabete inguru eman zuten pausoa. Tatiegik susmoa du, besteak beste, prezioarekin ez zutela asmatu. «Immobiliaria batek gomendatutako prezioa jarri genuen hasiera batean eta hainbat ahalegin egin genuen liburu denda gisa jarraitzeko. Gaur arte iritsi gara eta duela hiru hilabete ixteko data erabaki genuen, lokala saldu ala ez. Estherrek jubilatu nahi du». «Adina dut!» gehitu dio Moiuak. «Agian beste toki batzuetan gai dira gauza hauek planifikatzeko, mugimendu batzuk aurretik egiteko... Baina gu lanean, lanean eta lanean ibili gara. Saiatu gara, nolabait, baina agian ez gara gai izan, ez da ondo atera». Noski, pena handia dute liburu denda gisa jarraitzeko aukerarik ez egoteagatik. Halere, lokala saldu gabe dago oraindik. Akaso, misteriozko eleberrietan bezala, ezustean harrapatuko gaituen plot twist batek berpiztuko du Hontza. Asko poztuko gaitu albisteak.

«Sánchez puede ganar las elecciones, pero tiene que explicar por qué quiere cuatro años más»

Detienen a un hombre por la muerte de una mujer de 44 años en Arguedas

Seaskak ez die utzi Hezkuntza Ministerioko ikuskatzaileei Larzabal kolegiora sartzen

La coordinadora ecologista Naturkon suspende sus relaciones con la Diputación de Gipuzkoa

