Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Elkarrizketa
Gaizka Suarez
Bilboko EH Bilduko arduradun politikoa

«Bilbon ere, EH Bildu alternatiba gisa agertzen ari da; aldaketa espero baino lehen helduko da»

Ilusioz eta determinazioz hartu du Gaizka Suarezek Bilboko EH Bilduko arduradun politiko berriaren kargua, hiriak dituen erronkei aurre egiteko eta etorkizunerako norabide berria marrazteko asmoz. Elkarrizketa honetan, aurkeztutako planaren gakoak eta Bilborako duen ikuspegia azaldu ditu.

Gaizka Suarez, Bilboko EH Bilduko arduradun politiko berria.
Gaizka Suarez, Bilboko EH Bilduko arduradun politiko berria. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Urte hasieran Bilboko EH Bilduk Gaizka Suarez Iparragirre (1995, Deustu) hautatu zuen arduradun politiko berri gisa militantziaren %90eko babesa jasota. Gaztetatik herri mugimendu anitzetan parte hartu izan du. Telekomunikazio Ingeniaritzan gradua du eta masterra Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta, gerora, industrian profesionalki aritua da. Orain, ardura politiko berri hau determinazioz hartu du, eta otsailean Plan Politikoa aurkeztu ondoren, horren gakoak azaldu ditu NAIZi eskainitako elkarrizketa honetan.

Nola hartu duzu ardura politiko berri hau? Zerk eraman zaitu erronka hau onartzera?

Ezagutzen nauen jendeak badaki gauzak pasioz bizi ditudan pertsona naizela. Ardura berri honi ere horrela ekin diot, pasioz eta ilusioz. Oso gaztetik ibili naiz ikasle eta herri mugimenduan militatzen, hortaz, hau beste era bateko ardura den arren, naturalki hartzen dut. Kontzientzia militantea aplikatu izan dut nire bizitzako esparru guztietan. Euskal Herriari eta Bilbori ekarpena egitearen ikuspegitik hartzen dut ardura berri hau, berezko daukadan ilusio eta pasioarekin.

Bilboko EH Bilduko Idazkaritzaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Plan Politikoan honako hau adierazi duzue: «Bilbon handira jokatzeko garaia da, Bilbok merezi duen anbizioarekin». Zer esan nahi duzue honekin?

Bilbotarrok gauza handiak egin izan ditugu historikoki. Bilbotarrok badugu nolabaiteko izaera anbiziotsu eta ekintzailea: gauzak beste modu batean egiteko joera. Horren adibide dira munduan bakarrak diren hainbat gauza: Aste Nagusia, Athletic bera…

«Mundua eta testuingurua aldatzen ari den garai hauetan, Bilbo paralisian geratu da, erronka berriei erantzun gabe»

Baina azken urteotan Udaletxean egon diren Udal Gobernuak inertziaz jokatzen ari dira hainbat esparrutan, Bilbok dituen potentzialitate horiek aktibatu gabe. Eta mundua eta testuingurua aldatzen ari den garai hauetan, Bilbo paralisian geratu dela esango nuke, erronka berriei erantzun gabe, Udal Gobernuaren formak aldatu ez direlako.

Horregatik diogu Bilbok merezi duela anbizioa izatea. Bilbotarrek merezi dute gauzak beste era batera egiteko aukera emango dien politika bat. EH Bilduk hori eskaini nahi du: maila igotzea eta benetan handira jokatzea.

Zure aurkezpenean esan zenuen Bilbo Euskal Herriko zentro politikoa zela. Honek polemika piztu zuen sare sozialetan...

Esaldi hori isolatuta entzunda, batzuei handikeria edo harropuzkeria iruditu ahal izan zitzaien. Batzuek ere esan zuten herri ikuspegi falta bat zegoela hor. Guk oso argi daukagu Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen duten herria dela, eta baita ere herri polizentrikoa dela. Eremu guztiek daukate beren garrantzia eta Aberri Egunean Iruñean elkartuko gara ‘7ak BatEgin’ lelopean. Baina egia da ere gaur egungo munduan, metropoli handietan gertatzen diren gauzek gero eta eragin handiagoa dutela inguruan. Metropoliak nolabait eragin gune edo irradiatzaile bihurtzen dira. Bilbon edo Bilbo Handian gertatzen denak eragin handia dauka Bizkaia osoan, eta neurri batean baita Euskal Herrian ere. Besteak beste, azken urteotan Bilbon gertatu dira mobilizazio sozial handienetako batzuk, eta horiek ere eragin izan dute Euskal Herriko aldaketa politikoetan.

«Bilbok estrategikotasun berezia du Euskal Herriaren eraikuntza nazionalean. Bilbon aldaketa sozial eta kultural batzuk bultzatzeko gai bagara, Euskal Herriko herri prozesua indartuko dugu»

Horregatik diogu Bilbok estrategikotasun berezia daukala Euskal Herriaren eraikuntza nazionalean. Eta hortik dator gure ideia hori: Bilbok irabaztea Euskal Herriak irabazteko bidean pauso garrantzitsua dela. Izan ere, Bilbon aldaketa sozial eta kultural batzuk bultzatzeko gai bagara, horrek lagundu dezake Euskal Herri osoan ere herri prozesua indartzen.

Bestalde, askotan EH Bilduri egotzi izan zaio Bilborako edo Bilbo Handirako proiektu sendo bat ez izatea edo Bilbori begirako proposamen argirik ez edukitzea.

Bilbo plaza handi eta konplexua da, eta horregatik, agian, beste toki batzuetan baino bide luzeagoa edo landuagoa behar izan da Bilbon aldaketa politiko eta sozialak bultzatzeko. Hala eta guztiz ere, guk uste dugu gaur egun egoera aldatzen ari dela. Gure plan politikoan egindako diagnostikoan sumatzen dugu, apurka-apurka, ezkerreko independentismoak urteetan altxatu dituen bandera edo hipotesi batzuk lekua hartzen ari dira hiri honetan.

Gaizka Suarez NAIZekin egindako elkarrizketan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Zein diagnostiko egiten du EH Bilduk Bilboko egungo egoerari buruz?

Oro har, Bilbotarrok gure hiria maite dugu eta harro gaude urteetan zehar elkarrekin eraikitakoaz. Hala ere, etorkizunera begira gero eta kezka eta ziurgabetasun gehiago sumatzen da. Bilbon bizi-proiektu bat garatzeko aukerari buruzko kezka handitzen ari da. Eta gure ustez hori bi faktorek eragiten dute bereziki: etxebizitzaren larrialdiak eta lanaren errealitateak. Horrek arrakala berriak sortzen ditu: belaunaldi arrakalak, jatorriaren araberako arrakalak… Bilbon ongizate maila jakin bat dago oraindik, baina etxebizitza edukitzea edo ez edukitzea determinante sozial bihurtzen ari da. Lan motak ere zuzenean baldintzatzen ditu bizi baldintzak, batez ere migratu, emakume eta gazteenenak.

«Bilbon ongizate maila jakin bat dago oraindik, baina bertan bizi-proiektu bat garatzeko aukerari buruzko kezka handitzen ari da»

Gainera, desoreka horiek gizarte kohesioan eta elkarbizitzan eragiten dute. Horregatik uste dugu erantzun politikoak behar direla. Hain zuzen ere, horretarako gaude indar politikoak, desoreka horri oreka jartzeko, hiriari oreka bat emateko; kezka eta ziurgabetasunen aurrean bermeak eta bizi-segurtasuna eskaintzeko.

Azken hamarkadetan, Bilbon turistifikazio eta tertziarizaziorako apustua egin da, eta hori ondorio batzuk izaten ari da. Besteak beste, etxebizitzaren prezioa handitu du eta lanak prekarizatu. Guk uste dugu joera hauen aurrean bizi-proiektu duinak garatzeko turismoa gobernatu behar dela.

Etxebizitza, lan mundua eta arrakala sozialak aipatu dituzu. Zein beste erronkari egin beharko dio aurre Bilbok epe ertainera?

Lehen aipatutakoez gain, aniztasunaren erronka ere badago. Gero eta jatorri, kultura eta bizimodu ezberdinetako pertsonak gara Bilbon. Nortasuna eta identitatea bizitzeko era ezberdinak daude, eta erronka da nola sortzen dugun ‘gutasun’ berria. Proiektu kolektibo bat eraikitzeko kohesioa behar da, eta horrek esan nahi du bilbotartasunaren eta euskal nortasunaren forma berriak artikulatzea. Nik gogora ekartzen dut esaldi bat: ‘Los de Bilbao nacemos donde queremos’. Bilbotarra da Bilbon bizi den eta bilbotar izateko borondatea duen edonor. Horregatik, aniztasun horretatik abiatuta proiektu komun bat eraikitzea izango da erronka nagusietako bat.

«Proiektu kolektibo bat eraikitzeko kohesioa behar da, eta horrek esan nahi du bilbotartasunaren eta euskal nortasunaren forma berriak artikulatzea»

Zer egingo luke EH Bilduk desberdin EAJk bultzatzen duen hiri ereduarekin alderatuta?

Gure ustez azkenaldian nagusi izan dira Bilbokoak ez diren kanpoko interes partikularrei erantzutera bideratutako politikak, bilbotarren beharrei erantzutekoak baino. Horren ondorioz, Bilbo, bizitzeko eta bizi-proiektu duinak garatzeko espazio izan beharrean, merkatu bat izatera murriztu da. Jakina, hiriek jarduera ekonomikoa eduki behar dute eta aberastasuna sortu, baina ezin da jarduera ekonomiko hori Bilbotarren bizitza ezin gauzatzearen truke izan. Hiriak pertsonentzako espazio izan behar du, eta pertsonak bizi ahal izateko moduan garatu behar dira. Horregatik uste dugu hiri eredua birpentsatu behar dela: Bilbo bizigarria izan dadin.

Jarduera ekonomikoari dagokionez, ikuspegi argi bat dugu. Uste dugu gehiegi monosektorizatu dela, zentzu handi batean turismoaren menpe geratuz. Gero eta gehiago ikusten dugu nola gure hiriaren nortasunaren parte diren betiko komertzioek ixten duten eta nola ugaltzen ari diren frankizia eta multinazional handiak. Uste dugu horrek inpaktu ekonomiko eta sozial kaltegarria daukala. Aberastasuna modu anitzagoan sortzeko apustuak egin behar dira. Ekonomia dibertsifikatu behar da, beste jarduera eta lan mota batzuk sustatuz.

Etxebizitzari dagokionez, azken urteetan politika publiko sendo bat falta izan da. Politika immobiliarioa nagusitu da, eta horren ondorioak orain ari gara jasaten. Bestalde, gobernatzeko modua ere desberdina izan behar dela uste dugu. Udalak askotan bizkarra eman die gizarte antolatuari eta herritarrei, Bilboko auzoetan eta ekimen sozialetan dagoen potentziala desaprobetxatuz. Gobernantza bertikal eta itxia egon da. Horrek gainera arriskua sortzen du: desafekzio politiko handiagoa instituzioekiko eta politikarekiko. Guk, aldiz, EH Bildutik bestelako gobernantza defendatzen dugu: irekia, gardena eta herritarrekin batera eraikia.

«Auzo bizitza indartzeko apustua egiten dugu. Baina, aldi berean, komunitarismo eta kolektibismo hori Bilbo mailan ere indartu behar dugu»

Zer garrantzia dute auzoek?

Auzoek funtsezko papera izan dute Bilboren eraikuntza sozialean. Bertan sortu dira komunitatea, dinamika sozialak eta kolektibotasuna. Baina azken urteotan joera batzuk egon dira auzo bizitza ahultzen dutenak. Besteak beste, etxebizitzaren arazoak jende asko kanporatu du bere jatorrizko auzoetatik. Ondorioz, auzo bizitzaren beherakada sumatzen da. Horregatik guk auzo bizitza indartzeko apustua egiten dugu. Baina aldi berean hasi behar gara pentsatzen nola indartu dezakegun komunitarismo eta kolektibismo hori Bilbo mailan ere, hiri anonimo eta indibidualista bihurtu ez dadin.

Barne antolakuntza mailan, zer aldaketa egin nahi dituzue? Zeintzuk dira helburuak? Zein garrantzia dute hemen auzoek eta militantziak?

Guk sinesten dugu EH Bildu tresna bat dela herritarrentzat. Horregatik areagotu behar dugu herriarekin dugun harremana: herritarrekin, gizarte antolatuarekin eta elkartegintzarekin. Militantziak kalean egon behar du, jendea entzuten eta arazoei konponbideak bilatzen. Gainera, EH Bildu gero eta sektore gehiagoren etxea izatea nahi dugu. Pertsona gehiagok ikustea tresna baliagarria dela beren bizitza hobetzeko eta Bilbo eraikitzeko. Orain nazio elkarrizketa ariketa bat egiten ari gara, eta horrek laguntzen digu bide horretan sakontzen.

Nola interpretatzen duzue azken urteotan Bilbo Handian gertatzen ari den joera politikoa? EAJk udalerri gehienetan oraindik botereari eusten dion arren, indarra galdu du, eta orain hainbat polemikatan ikusi du bere burua (Getxo, Santurtzi...) Aldi berean, EH Bildu goranzko joera izaten ari da.

EH Bilduren goranzko joera errealitate bat da. Eta aldi berean, ohituta gauden EAJ-PSE gobernuen agorpen zantzuak ere nabarmenak dira. Udal Gobernu askotan jarraitzen dute, baina gero eta gehiago ikusten da ez dutela gobernatzeko plan kohesionaturik ezta, kasu askotan, gobernu programa argirik ere. Haien artean dauden arrakalak gero eta nabarmenagoak dira, eta desadostasunak dituzte politika estruktural askotan. Baina badirudi haien helburua gobernuan mantentzea dela, eta ez hainbeste herritarrek behar dituzten politikak egitea eta erronkei erantzutea.

Testuinguru horretan EH Bildu alternatiba gisa agertzen ari dela uste dugu: gertuko, serio eta garbi jarduten duen indarra bezala. Gure egiteko moduak konfiantza eskaintzen du. Bilbo Handian gure goranzko joerak hori berresten du, baina horretan jarraitu nahi dugu.

«Gero eta jende gehiagok ikusten du EH Bildu gobernu alternatiba bezala. Seguru aski, pentsatu baino lehenago iritsiko da aldaketa Bilbora»

Urtebete pasatxo falta da hurrengo udal hauteskundeetarako. Zein helbururekin begiratzen dio EH Bilduk hitzordu horri?

Guk askotan erabiltzen dugu zirimiriaren metafora. Zirimiriak apurka bustitzen du, eta ohartu orduko guztiz blaitu egiten zaitu. EH Bildu Bilbon hori izaten ari dela uste dut: apurka-apurka hazten ari den mugimendu bat. Gero eta jende gehiagok ikusten du EH Bildu gobernu alternatiba bezala. Udalean bertan ere gero eta erreferentzia handiagoa dugu. Baikorrak gara. Uste dugu gauzak ondo egiten ari garela eta aldaketa iritsiko dela. Lanean jarraituko dugu, eta seguru aski pentsatu baino lehenago iritsiko da aldaketa Bilbora.